Ion Kepa Parot presoa baldintzapean askatzearen kontra agertu da fiskala

Euskal presoa baldintzapean aske uzteko seigarren galdea aztertu dute Parisen. Heldu den ekainaren 15ean emanen dute erantzuna

Elkarretaratzea egin zuten atzo Baionan, fiskalak Paroten auzian ukan duen jarrera salatzeko. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Terrorismoaren Kontrako Parisko Auzitegiak atzo goizean aztertu zuen Ion Kepa Parot euskal presoa baldintzapean aske geratzearen galdea. Seigarren aldia da eskaera egiten duela, baina prokuradorea kontra agertu da berriz, «goizegi» dela argudiatuta. Nolanahi ere, ekainaren 15ean emanen dute erantzuna.

Julien Brunel Paroten abokatuak atsekabez hartu du prokuradorearen erabakia, testuinguruari begiratuta: «Paroten baldintzapeko askatasunaren kontra egin du gogorki, eta etsigarria da, Ipar Euskal Herriko egoera nola aldatu den ikusirik». Defentsak segurtatu du Parotek betetzen dituela baldintzapean aske geratzea lortzeko baldintzak: «Kartzelaldian 32 urte bete ditu; arrunt kaltegarria da». Ezezko erantzuna jasoko balu dei egiteko prest agertu da.

Bake Bideak ere gaitzetsi du prokuradorearen jarrera, eta «Euskal Herriko egoera politikoa mespretxatzea» egotzi dio. Hain zuzen, haren jarrera salatu eta Parot aske uztea galdetzeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsean Baionan. Ion Kepa Parotek 32 urte daramatza preso, eta egun Mureteko kartzelan da (Okzitania, 425 kilometro). 71 urte beteko ditu datozen egunetan.

Hark bezala, Jakes Esnalek ere 32 urte daramatza preso; baldintzapean aske geratzeko haren bigarren eskaera aztertuko du Parisko Dei Auzitegiak maiatzaren 19an. Izan ere, lehen epaiketa izan zuenean, eskaera ukatu egin zioten, argudiatuta baldintzapean aske geratzea lortzeko kartzelako proba ez zuela egin. Kasazio Auzitegira jo zuen orduan, eta arrazoia eman dio auzitegi horrek. Orain Parisko Dei Auzitegira itzuli da afera, eta maiatzaren 19an trenkatu beharko du hark.

Egun horretarako ere elkarretaratzea antolatu du Bake Bideak, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Bestalde, heldu den ekainaren 11n manifestazioa eginen dute Baionan, «lurraldearen aniztasunaren adierazpen masiboa, bake prozesuaren aldeko engaiamendu zabala eta aitzinatze beharra» aldarrikatzeko.

Bake Bidearen abisua

Bake Bideak eta Bakegileek otsailean eman zioten hasiera desobedientzia zibilean oinarritutako fase berriari, euskal presoen auzian aurrerapausorik ez zela eta, Parisen blokeoa gaitzesteko. Hiru ekintza egin dituzte azken hilabeteotan, eta, iragarri dutenez, Esnalen eta Paroten auziei begira baiezkorik jaso ezean «Ipar Euskal Herria osoki blokeatzeko» prest dira.

Ion Kepa Parotek 2018an egin zuen baldintzapean aske geratzeko azken eskaera. Garaian, epaileak honela justifikatu zuen ezezkoa: «Hori onartzea ez litzateke biktimen eta parte zibilen interesen aldekoa, ezta gizartearen interesen aldekoa ere, ordena publikoari eragiten ahal dizkion nahasmendu larriak ikusita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.