Ion Kepa Parot euskal presoak positibo eman du COVID-19aren proban, eta ziegan bakartuta dago, Mureteko kartzelan (Euskal Herritik 425 kilometrora), Etxerat-ek jakinarazi duenez. Parotek 70 urte beteko ditu maiatzean, eta 31 daramatza preso.
Etxerat-ek kezka agertu du Paroten osasun egoerarekiko, eta aske uzteko eskatu du. Gogoratu du Nazio Batuen Erakundeak eta Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatu zutela preso gaixoak, adinekoak edo zigorraren zati handi bat betea zutenak aske uzteko, eta Frantziako Gobernuak halakorik ez duela egin salatu du. Gainera, txertaketa planik ez jarri izana txarretsi du: «Presoak arrisku handiko taldean daude, eta, gainera, neurri murriztaileak eta komunikazioak eteteko neurriak baino ez dira jarri martxan», salatu du Etxerat-ek.
Etxerat-ek jakinarazi du Jon Gurutz Maizari eta Jakes Esnali, biak Lannemezanen preso, COVID-19aren aurkako txertoa jarri dietela; ez, ordea, Frantziako Estatuko beste 25 euskal presoei.
Bake Bideak ere ohar bat helarazi du: «Ion Parotek bizi duen egoera saihestu zitekeen. Fiskaltza Antiterroristaren mendeku jarreraren eta Frantziako gobernuak presondegietako pandemia kudeatzeko hartutako erabakien ondorio zuzena da».
Frantziako Gobernuari eskatu dio salbuespeneko neurriak indargabetzeko, eta gaixo dauden presoak eta adinekoak askatzeko: «Legea aplikatu balitz, Ion Parot, Jakes Esnal eta Ibon Fernandez Iradi etxean lirateke familiarekin osasun krisi honetan».
Mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.