Goizean aztertu du Terrorismoaren Kontrako Parisko auzitegiak Ion Parot euskal presoaren baldintzapeko askatzearen galdea. Seigarren aldia da eskatzen duela. Prokuradorea kontra agertu da, «goizegi» dela argudiatuta. Nolanahi ere, ekainaren 15ean emanen dute erantzuna. Bake Bideak jarrera gaitzetsi du, eta «Euskal Herriko egoera politikoaren mespretxatzea» egotzi diote fiskaltzari. Elkarretaratzea eginen dute gaur 19:00etan, Baionan.
Ion Kepa Parotek 32 urte daramatza preso, eta egun Mureteko (Okzitania) kartzelan da. Hark bezala, Jakes Esnalek ere 32 urte preso daramatza; baldintzapean askatzeko haren bigarren eskaera aztertuko du Parisko Dei Ganberak maiatzaren 19an. Egun horretarako ere elkarretaratzea antolatu du Bake Bideak, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Bestalde, heldu den ekainaren 11n manifestazioa eginen dute, «lurralde honen aniztasunaren adierazpen masiboa, bake prozesuaren aldeko engaiamendu zabala, eta aintzinatze beharra» aldarrikatzeko.