Koronabirusa

Intzidentziaren igoera «espero zena» da Nafarroan

Kutsatuen gorakada «intentsitate txikiko egoeran» gertatzen ari dela dio Indurainek. Urri hasieratik 34 kasu atzeman dituzte ikasgeletan

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilaria. JESUS DIGES / EFE.
edurne begiristain
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Urriaren hasieran eten egin zen COVID-19aren transmisioaren apaltze fasea Nafarroan, eta azken datuek erakusten dute intzidentzia metatuaren kurba apurka egiten ari dela gora: hilaren 1ean, 46 zen azken hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua lurraldean, eta, orain, ia 50era iritsi da. Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak atzo onartu zuen koronabirusaren intzidentziak gora egin duela, baina egoera «pandemiaren intentsitate txikiko testuinguru baten barruan» kokatu zuen. Urriaren 1ean kenduzituzten Nafarroan birusa hesitzeko indarrean ziren neurri murriztaile gehienak, eta horren ondorioak orain atzematen ari dira, Indurainen esanetan. Halere, aurreikusitako zerbait dela erantsi zuen: «Espero genuen».

Kasuen gorakadak, oraingoz, ez du islarik izan ospitaleratze kopuruetan —hamazazpi lagun daude erietxeetan gaitzarekin, eta beste sei larri ZIUetan—; beraz, Indurainek egoeraren neurria birusaren zirkulazioarekin eta intentsitatearekin lotu zuen. Azaldu zuen neurri murriztailerik gabe pandemia aurreko egoeran baino «interakzio sozial handiagoa» dagoela orain, herritar askok denbora luzez «galdu dutena berreskuratzeko beharra» daukatelako.

Indurainek nabarmendu zuen Nafarroa dela mila biztanleko diagnostiko proba gehien egiten duen Espainiakoerkidegoa, eta aurrerantzean ere kutsatu berrien «detekzio, monitorizazio eta bakartze» prozedurarekin jarraitzeko asmoa duela Nafarroako Gobernuak, ez dutela aldatzeko asmorik.

Birusa ikastetxeetan izaten ari den intzidentziari buruzko datuei dagokienez, Maria Angeles Nuin Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuko zuzendariak jakinarazi zuen urri hasieratik 34 positibo atzeman dituztela Nafarroako ikasleen artean, eta, horiekin loturik, ikasleen %29 bakartu behar izan dituztela. Ikasturte berrirako protokoloari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin zuen atzo Nuinek Nafarroako Parlamentuan, eta hor eman zituen datuok. Azaldu zuenez, joan den ikasturtean egiaztatu ahal izan zuten hezkuntza ez dela «arrisku handiko gune» bat transmisioari dagokionez. Joan den ikasturtean, batez beste, 92 positibo atzeman zituzten mila ikasleko, eta ikasgelen %24 eta ikasleen %26 bakartu zituztenHaur eta Lehen Hezkuntzan.

«Kezkatzeko egoera»

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak berretsi zuen atzo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bilakaera ez doala bide onetik. Besteak beste, birsorkuntza tasa 1,25ekoa da orain. Haren hitzetan, «kezkatzekoa da egoera», eta «zuhurtziaz» jokatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.