Intzidentziak bikoiztu egin zaizkio Elebideri, Osakidetzaren ondorioz

Inoiz baino kexu eta eskari gehiago jaso ditu hizkuntza eskubideei buruzko zerbitzuak: 789 denera. Osakidetza ageri da buruan, batez ere kexuak jartzeko kanpaina baten ondorioz

Intzidentziak bikoiztu egin zaizkio Elebideri, Osakidetzaren ondorioz.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Inoiz baino jardun handiagoa, aurreko urtekoaren bikoitza eduki zuen iaz Elebidek, Eusko Jaurlaritzak hizkuntz eskubideak bermatzeko duen zerbitzuak. Osakidetza dago igoera horren oinarrian, hari buruzko kexak eta euskarazko zerbitzua ziurtatzeko eskariak. Hain justu, Gipuzkoako herri batzuetan kanpaina egin zuten iaz, osasun zerbitzuari buruzko kexa eta eskariak egiteko. Elebideren estatistiketan berealdiko eragina izan du horrek: 789 intzidentzia jaso zituzten, aurreko urtekoaren ia bikoitza. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak dio hizkuntza eskubideekin«kontzientzia» handiagoa dutela herritarrek, eta Elebiderekiko «konfiantza» handitzen ari dela. Hori erakusten dutela zenbakiek.

Iazko jardunari buruzko txostena Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen atzo Baztarrikak. Estatistikak hankaz gora jarri ditu Osakidetzari buruzko kexuen oldeak, baina egia da aurreko urteetako beltzuneak berretsi egin dituela iazko txostenak. Osakidetzan bertan ere bai. Izan ere, memorian aipatu dute igoera ez dagokiola kanpaina horri bakarrik: «Egia da egunez egun jasotako kexa kopurua ere nabarmen igo dela». Kanpainatik kanpo, 112 salaketa heldu zaizkie Osakidetzarekin lotuta; 47 izan ziren 2014an.

Idatzizko harremanei dagozkie osasun zerbitzuetako kexu gehienak, jakinarazpenak eta errotuluak gaztelania hutsez jarri zituztelako. «Ohar eta idatzi gehienak Osakidetzako langileei zuzenduta egon dira, ez herritarrei». Hutsa aitortu dute zuzendaritzek, Elebideren esanetan. Herritarrei begirako zerbitzuari dagokionez, ordezkapenek sortu dute salaketa gehien: sendagile euskaldunek oporrak hartzen dituztenean erdaldunak jartzen dituztela haien partez. Mediku falta aipatu du Elebidek: «Osakidetzak arazoak izan ditu ordezko euskaldunak aurkitzeko, eta batzuetan, nahi izanda ere, ezin izaten du dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatua duen ordezkorik aurkitu».

Euskarazko osasun zerbitzua eskatzeko kanpainari dagokionez, Elebidek dio «eskari orokorrak» izan zirela: historia klinikoa eta analisiak euskaraz jasotzea, arreta espezializatuan euskarazko zirkuituak sortzea... «Osakidetzaren erantzuna ere zabala izan da, esanez euskara planak ezarritakoa betetzen ari direla eta modu mailakatuan joango direla eskari horiek guztiak betetzen».

Ertzaintza ere ohiko beltzunea da. Hamar kexu iaz, euskaraz ezin izan zutelako egin. Estilo bereko erantzuna jaso dute herritarrek: «Euskara plana onartu berri dute, eta poliki-poliki horrelako egoerak konpontzeko lanean ari dira».

Beste hutsune bat ere agertu da bilanean: Lanbide. Lau kexu jaso dituzte. Arazoa aitortu du gobernuak: «Lanbidek zailtasun handiak ditu zerbitzuak euskaraz emateko orduan, eta oraindik ere, zenbait kasutan, SMSen kasuan adibidez, ezin izan du bitartekorik jarri arazoa konpontzeko».

Eremu pribatuan, gutxiago

Kexu gehienak arazo zehatzei buruzkoak dira, eta gehienei aterabidea eman diete. Gaztelaniaz soilik zeuden paperak eta seinaleak ele bitan jarrita, adibidez. Konpromiso zehatz batzuk ekarri dituzte herritarren kexuek, gainera. Adibidez, bost herritarrek salatu dute Espainiako Gobernuak erdaraz bakarrik egiten dituela estatu osorako publizitate kanpainak. «Hurrengo kanpainetan EAEn iragarkiak ele bitan argitaratzeko konpromisoa hartu dute».

Erakunde publikoen jardunaren kontrakoak dira kexu gehienak. Esparru pribatuko salaketen kopurua, berriz, jaisten ari da. Jaitsiera hori goratu du Baztarrikak, esanez «aurrerapausoak» izan direla agirietan eta. «Ikaragarri geratzen da aurrera egiteko. Baina aurrera doa». Publizitateari, errotuluei eta zerbitzuari dagozkie alor pribatuko kexu gehienak.

Ohar bat egin du Elebidek: supermerkatuei buruz kexuak jaso dituzte egokitutako langileak euskaraz ez zekielako. «Dekretuak dio supermerkatuak prest egon beharko direla euskaraz hitz egiten duten kontsumitzaileak artatzeko, baina horrek ez dakar langile guzti-guztiek hitz egin behar dutenik euskaraz». Tabernen kasuan, kexak jaso dituzten establezimenduek ez zuten zerbitzua euskaraz emateko betebeharrik.

Euskaldunenak eta erdaldunenak, denen eskubideak hartzen dituzte aintzat Elebiden. Baina datuetan ez dago dudarik: 470 kexuetatik bakarra da erdaldunena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.