Intxorta 1937 elkarteak Gogora institutuari exijitu dio ez ditzala parekatu matxinatuak eta errepublikanoak

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin loturaren bat duten eta 1936ko gerran hil zirenen zerrenda bat du Gogora-k. Elkarte memorialista horrek salatu du faxistak eta errepublikanoak nahastuta daudela zerrenda berean. «Bidegabekeria» eta «akats larria» dela dio.

Intxorta 1937ko kideak eta gerraren hainbat biktima, gaur Arrasaten egin duten agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Intxorta 1937ko kideak eta gerraren hainbat biktima, gaur Arrasaten egin duten agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Kerman Garralda
Arrasate
2025eko otsailaren 14a
16:13
Entzun

Intxorta 1937 elkarte memorialistak agerraldia egin du gaur eguerdian Arrasaten (Gipuzkoa), Gogora institutuari eskatzeko faxistak ezabatu ditzala bere zerrendetatik. Matxinatuak eta errepublikaren alde borrokan hil zirenak parez pare ikustea «iraingarria» dela esan dute: «Biktimak al dira frankistei lagundu zieten falangistak, erreketeak, matxinatutako armadako soldaduak, guardia zibil kolpistak edo militar atzerritarrak?», galdetu du Juan Ramon Garaik, Intxorta 1937ko kideak.

Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuak Arabarekin, Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin zerikusia duten eta 1936ko gerran hil ziren pertsonen zerrenda bat dauka egina. Hogei mila izen baino gehiago dituzte jasoak. Tartean daude matxinatuek hildako hainbat biktima, baina baita kolpe militarraren alde borrokatu ziren erreketeak ere, falangistak, Kondor Legioko hegazkin gidari naziak, faxista italiarrak... «Ez dago parekatzerik», azpimarratu du Nerea Villa elkarte memorialistako kideak. «Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokan hil zirenak ezin dira parekatu askatasun horiek zapaltzeagatik borrokatzen erori zirenekin».

Euskal gudariek eta indar errepublikanoek legedia defendatu zutela deskribatu dute. «Beraz, haien tropak eta borrokan hildakoak dira legezkotasun demokratikoaren aldeko borrokalariak eta hildakoak». Aldiz, matxinatuak «demokraziaren aurka» aritu zirela gogorarazi dute.

Ekkard Hefter, «fronte matxinatuan hildako biktima»

Gogora institutuaren zerrendari hainbat galbahe ezartzen ahal zaizkio. Nagusia, ea matxinatuek edo errepublikanoek eragindako hilketa izan zen; baina bi atal horien barruan, beste hainbat azpiatal daude: ea bonbardaketa baten ondorioz hil ziren, epaitu gabe exekutatu zituzten, frontean hil ote ziren... 

Matxinatuen aldeko lehen lerroan hil zirenetako bat Ekkard Hefter hegazkin pilotu alemaniarra da. Gogora-k ez du inoren heriotzaren xehetasunik ematen, baina George Steer kazetariak kronika batean jaso zuen mozkortuta pilotatzeagatik hil zela. Joan Maluquer hegazkin gidariaren informazioa aipatuta, Steerrek dio Gasteizko Fronton hotelean zeuden pilotu naziek alkohol gehiegi edaten zutela. Halako batean, Hefter, bere hegazkina hartu, eta maniobra arriskutsuak egiten hasi zen. Hiriko parrokiako dorre baten aurka jo zuen azkenean, eta bertan hil zen.

Bi aldeetako biktimak nahastea memoria historikoaren legearen aurkakoa dela ere esan dute. Arauaren lehen artikuluak dio helburuetako bat dela kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurrean demokrazia eta giza eskubideak defendatu zituztenen ezagutza, aitortza eta duintasuna bermatzea. «Gogora-k ez du halakorik egiten, baldin eta leku bat ematen badie kolpe militarraren garaipenaren alde borrokatu zirenei».

Nafarroako Gobernuaren Oroibidea plataformak ez ditu aipatzen Espainiako Errepublikaren aurka borrokan hil zirenak, nahiz eta nafarrak izan. Aldiz, Gogora-k jasoak ditu Nafarroan jaiotako hainbat matxinatu. «Haien fitxetan ez da aipatzen nafar faxistak izan zirela, eta kuneteroak».

Parekatzeko beste bide batzuk

Intxorta 1937ko kideak «irainduta» sentitzen dira, eta «akats larria» dela esan dute. Beste hausnarketa bat ere egin dute: esan dute 1936ko gerra ez zela gerra zibila izan, hiru urteko bilakaera ulertzea «ezinezkoa» delako Italiaren, Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren parte hartzerik gabe.

Behin guda bukatutakoan kolpistek estatuaren «laguntza osoa» izan zutela adierazi dute. «Berehala ikertu, zenbatu, izendatu eta lurpetik atera zituzten eroritakoak. Haien izenak elizetako edo udaletxetako hormetan erakutsi ziren 40 urtez... Egia, justizia eta erreparazioa izan zituzten». Txanponaren beste aldean daudela sentitzen dute Intxorta 1937koek. «Galtzaile izan zirenek, ezta haien ondorengoek ere, ez dugu ezagutu orduan gertatutakoaren benetako ikerketarik. Lege guztiak gorabehera, Amnistiaren Legea harresi gaindiezina da. Izan ere, eragotzi egiten du bando frankistak egindako edozein krimen ikertzea eta justiziarako eskubidea izatea». Frankismoa bizirik dagoela esan dute. «Eta oraindik gure senideak desagertuta daude».     

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.