Intsumisiorako deia egin du Torrek Baionako auzitegian

1.500 euroko isuna eman diote euskararen zapalkuntza salatzeko ekintzak egitea leporatuta, eta kalte ordainak ere ordaindu beharko ditu. Euskaraz deklaratzea ukatu diote Gorka Torreri, eta auzi gelatik atera da.

Gorka Torre Baionako auzitegi aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Gorka Torre Baionako auzitegi aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko irailaren 10a
15:35
Entzun

Bere kontrako epaiketan parte hartzeari uko egin dio beste behin Gorka Torre Roca ekintzaile euskaltzaleak. Baionako auzitegian zuen zita, Baionako suprefeturan euskararen kontrako zapalkuntza salatzeko ekintzak leporatuta. Epailearen aitzinean euskaraz deklaratzeko eskubidea ukatu diote, eta auzi gelatik ateratzea erabaki du. 1.500 euroko isuna eman dio epaileak, eta beste 500 gibelapenarekin. Horrez gain, 1.268 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Pirinio Atlantikoetako departamenduari. 

«Gaur egun euskaldunok pairatzen dugun legedia euskaldunon kontrakoa da; legedi horretan euskal hiztunen kopurua beti txikiagoa izanen da», deitoratu du Torrek epaitegi aitzinean. «Ez dugu onartu behar, intsumisio jarrera bat izan behar dugu. Euskaldunok Euskal Herrian euskaraz mintzatzeko eskubide osoa dugula aldarrikatu behar dugu».

Bi afera leporatu dizkiote Torreri. Batetik, Nafarroa Behereko hainbat herritako bide seinaleak kendu eta Portugaleteko Bizkaia zubira eramatea. Herribiltza mugimenduak aldarrikatu zuen ekintza hura «euskarari lehentasuna» emateko aldarrikapenarekin. Bigarrena, maiatzaren 17an izan zen: Seaskako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek deitu zuten mobilizazio egunarekin bat egin, eta hainbat euskaltzalek margoketa egin zuten Baionako suprefetura aitzinean, Geldi euskara zapaltzea. Pirinio Atlantikoetako departamenduak eta Baionako suprefeturak salaketa jarri zuten ekintza haien kontra, eta parte zibil gisa ezarriak ziren auzian —suprefeturak ez zuen kalte ordainik eskatzen—.

EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta dozenaka euskaltzale bildu dira Baionako auzitegi aitzinean Torreri babesa adieraztera. Harrera beroa egin diote Euskal Herrian euskaraz! eta Hemen gaude euskararen alde! oihuen artean. «Euskal Herria euskalduntzeko bidean» desobedientziak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du Sugoi Etxarri EHEko kideak: «Euskararen alde egiteko modu ezberdinak daude, baina estatuek jartzen dizkiguten mugak gainditzeko desobedientziaren bidea jorratu behar dugu».

Euskalgintzako hainbat eragiletako ordezkariek ere bat egin dute protestarekin. Euskal Konfederazioaren izenean, Sebastien Castetek sostengua adierazi dio Torreri. «Bigarren aldia da hilabete gutxian antzeko afera bategatik epaitzen dutena. Frantziako administrazioak hobe luke legediak ahalbidetzen dituen neurriak hartzea gure hizkuntzak defendatzeko eta garatzeko, horrelakoa epaiketak egitea baino», adierazi du.

Horrez gain, Torreri bere burua euskaraz defendatzeko eskubidea ukatu izana gaitzetsi du Castetek. «Euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako eraso argia da», salatu du, eta oroitarazi du orain dela hamarkada batzuk Baionako auzitegian euskaldun batzuei euskaraz deklaratzeko eskubidea aitortzen zitzaiela. «Orain hori sistematikoki errefusatua da». Azken urteetan garatu den hizkuntza politika publikoaren bidez euskarak zenbait eremutan lekua hartu duela esplikatu du Castetek, hala nola irakaskuntzan. «Baionako auzitegian euskarak gibel egiten du. Beste hainbat arlo publikotan ere gure eskubideak zangopilatzen dituzte, eta hori guretzat onartezina da».

Frantsesez ala isilik

Unescoren tixerta bat soinean zuela agertu da Torre Baionako auzitegira. Izan ere, Herribiltzak euskararen zapalkuntza salatzeko hainbat ekintzatan erabili du nazioarteko erakundearen sinboloa, hizkuntza gutxituak ondare gisa babesteko beharraz ohartarazteko. Epailearen aitzinean ez du horren erreferentziarik egin, baina euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu du.

Torrek adierazi duenez, gutun ziurtatua bidali zion epaileari eskaera formala eginez, alta, honek erran du ez zuela eskaera ikusi. Auzi idazkariak zuzendu du, eskaera auziko fitxategien artean zuela erranez. Ondotik, eztabaidarako aukera oro moztu diote Torreri: epaileak erran dio frantsesez ongi dakiela, eta Frantziako Errepublikako hizkuntza frantsesa dela. Horiek horrela, epaitegiaren aitzinean frantsesez egiteko «betebeharra» duela. Frantsesez egitera behartzen duen legea zein den azaltzeko eskatu du, baina epaileak uko egin dio. «Frantsesez deklaratu nahi ez baduzu, isilik egoteko eskubidea ere baduzu». Epailearen ukoaren aitzinean, auzi gelatik ateratzea erabaki du Torrek; txalo artean hartu dute hura babestera etorritakoek.

Helegitea bidean

Ez da lehen aldia aurten Torre Baionako auzitegian epaitzen dutena. Martxo bukaeran bostehun euroko isuna eta hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorra eman zizkioten ekintzaile euskaltzaleari, Donibane Garaziko eta Izpurako (Nafarroa Beherea) hainbat osasun etxetan euskararen aldeko margoketak egitea leporatuta. DNA eta hatz markak emateari uko egiteagatik eman zioten kartzela zigorra. Epai horri dei egin dio Torrek; gaur-gaurkoz, ez dute finkatu noiz izanen den dei auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.