gizartea

Intsumisioaren ahotsak, liburuan

'Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian' aurkeztu du Edurne Elizondo kazetariak. "Borroka historikoa" izan dela dio.

2011ko urriaren 4a
13:19
Entzun

Gaur aurkeztu du Edurne Elizondo BERRIAko kazetariak (Bera, 1972) Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian liburuan (Gatuzain-Txalaparta). Intsumisioaren mugimendua uste zuena baino anitzagoa izan zela ondorioztatu du baina, aldi berean, intsumisoak elkarrekin lotzen dituen hari bat badagoela dio, "borroka historiko bat partekatu baitzuten".

Abenduan beteko dira hamar urte Espainiako armadan derrigorrezko soldadutza desagertu zela, hein handi batean intsumisoen mugimenduari esker; Hego Euskal Herrian 10.000 gaztek esan zioten ezetz armadari. Testigantzak, intsumisioaren esperientzia pertsonalak jasotzen ahalegindu da Elizondo. 40 elkarrizketa baino gehiago egin ditu; intsumisoei ez ezik, baita senideei, garaiko epaile eta abokatuei ere. 

220 orrialde dauzka Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian-ek, eta 18 euroko salneurria.

BERRIAk Elizondorekin egindako elkarrizketa zekarren herenegun, Igandea gehigarrian, erreportaje batekin batera.

Elizondo: "Gizarteak ahantzi egin du intsumisioaren borroka"

(Ainhoa Oiartzabal) 

Liburua egiteko proposamena jaso ostean idatzi duzu Ez dugu nahi. Intsumisioaren ahotsak Euskal Herrian. Zeinen enkarguz egin duzu lana?

Duela bi urte Gatuzain argitaletxeko Hartzea Lopez Aranaren mezu elektroniko bat jaso nuen esanez bazegoela intsumiso talde bat liburua egin nahi zuena. Hasierako asmoa haiek idaztea zen, baina ikusten zuten urteak pasatzen ari zirela eta asmoa ez zutela gauzatzen, eta azkenean  erabaki zuten kanpoko norbaiti eskatzea. Harrituta jaso nuen eskaintza, zeren eta intsumisioaren gaia ez nuen hain gertutik jarraitu. Baina, bai Hartzearekin bai liburua bultzatu zuten zenbait intsumisorekin eginiko lehen bazkaria nahikoa izan zen idazteko erabakia hartzeko.

Zein dira liburuaren atzean dauden intsumiso horiek? Talde jakin bat dira?

Erabateko intsumisioaren aldeko apustua egin zuten lagun talde bat da. Horrek jada hasieratik liburuari abiapuntu zehatza eman dio. Haien hasierako asmoa zen haien historia kontatzea, iruditzen baitzitzaien intsumisioaren garaian komunikabideetatik kanpo gelditu zela haien jarduna. Nik garbi utzi nahi izan nien abiapuntua haien historia izango zela, baina hortik kanpo ere begiratu nahi nuela. Zeren eta hainbat talde egon ziren, eta nik denekin hitz egin nahi nuen. Neurri batean, behintzat, denen lekukotzak jaso.

Baina liburu hau ez dela "intsumisioaren historia liburua" diozu. Ez du helburu hori.

Ez, inondik inora. Hamar urtetik gorako borroka izan zen, eta hagitz zaila iruditzen zait talde guztien eta ideologia guztien historia jasotzea. Nahiz eta azkenean irudi bateratua eman zuten intsumisoek, barruan pentsatzeko eta ekiteko modu aunitz izan baitziren. Nire asmoa, Itoizko liburuaren ildotik [Itoitz. Porlanezko gezurra], bizipen pertsonalei garrantzia ematea izan zen, esperientzia pertsonalei. Ikusita urte batzuk pasa direla, ba igual aukera gehiago dago atzera begiratu eta baloratzeko beste modu batera orduan eginiko urratsak.

Hala, intsumisioaren argi-ilunei egin diezu tokia; ez duzue idealizatu.

Liburuaren bultzatzaileek nahi zuten eta ni ere ados nengoen liburuak erakutsi behar zuela desobedientzia zibilaren aldeko intsumisioaren apustua eredugarri izan daitekeela. Hau da, borroka molde horrek oraindik ere balio dezakeela bestelako borroketan. Orduan, zer egin zen ongi eta zer egin zen gaizki erakutsi behar da. Ikasteko. Eta beraz, askotan, autokritikoa da intsumisoen testigantza.

Izan ere, belaunaldi berriek intsumisioa zer izan den ez dakitela da intsumiso izan direnen kezka, ezta?

Intsumiso guztiek aipatzen dute ez zutela asmatu bizitako guzti horren transmisioa gauzatzen. Hor esperientzia arras aberasgarria egon zela eta helburu garrantzitsuak lortu zirela, baina hori dena hurrengo belaunaldiei ez zitzaiela ailegatu. Bestalde, egia da intsumisioaren borroka moldeak eman zituela beste fruitu batzuk, Itoitzen kontrako borroka adibidez; Solidarioak intsumisoen oinordekoak dira, argi eta garbi. Baina intsumisioak zabaldutako bide hori behar baino motzagoa izan dela dirudi. Eta hori, lortu zen guztia kontuan hartuta; besteak beste, bestelako inolako borrokak ez du lortu gizartean intsumisioak lortu zuen babesa eta oihartzuna.  Mundu guztia ados zegoen intsumisoekin; ezinezkoa zen kontra egotea, dena zuten alde: armadarik gabeko mundu baten alde ari ziren; autoritarismoa, matxismoa eta halako balioen kontra,... Gainera, hori guztia defendatzeko desobedientzia zibil ez-bortitza aukeratu zuten. Eta, gainera, umorez eta irudimena erabiliz egin ohi zituzten protestak. Hau da, sinpatia pizten zuten. Bada, hori guztia lortu eta gero, bide hori hagitz motza izan zen. Nik uste baitut denoi ahaztu zaigula. Hutsa ez da izan intsumisoena soilik; gizarteak ere bazuen ardura, baina ahantzi egin du intsumisioaren borroka.

Armada profesionalizatzeak moztu zuen bide hori?

Askok diote soldadutza zegoen bitartean soldadutza bera zela mezu antimilitarista plazaratzeko tresna baliagarri eta indartsua. Eta, behin hori desagertuta, zailagoa da antimilitarismoa kalera eramatea. Oraindik badago arrazoi aunitz armadaren kontra egoteko, baina heldulekurik gabe zailagoa egin zaio mugimendu antimilitaristari gizartean lortzea intsumisoen garaian lortu zuen atxikimendua. Hala, batzuk garaipentzat jotzen dute soldadutza kendu izana, eta beste batzuk ez.

Soldadutza kenduta guda bat galdu baina trukean gerra irabazi zutela diote ahotsetako batzuek. Hau da, armadak indarrean jarraitzeari bidea eman ziotela.

Iparraldeko intsumisoek hagitz garbi esaten dute; argi dute haiek ez zutela eragin Frantziako armada profesionalizatzeko erabakian. Erabaki hori estatuak bere kabuz hartu zuela diote. Baina diote borrokak balio izan zuela Iparraldeko gazteria batzeko eta Frantziako armadaren irudia ahultzeko. Armadaren harresian pitzadurak eragin zituzten; deslegitimatu egin zen. Bestalde, kontuan hartu behar da kanpaina batekin ezin dela armada bat suntsitu; kanpaina batekin suntsitu dezakezu soldadutza, eta hori lortu zen. Eta nik uste dut soldadutza bertan behera utzita bai egin zitzaiola min armadari. Eta hori garaipentzat jotzen dute askok. Hala, bada dionik pena dutela ez zutelako behar bezala ospatu garaipena. Batzuk orain konturatu dira horrekin.

Agintariek beren garaipentzat jo zutelako derrigorrezko soldadutzaren desagertzea?

Noski. Oraindik ere PPk saltzen du berak lortu zuela gaztediarentzat hain garrantzitsua izan zen urratsa. Intsumisioaren mugimendua existitu izan ez balitz bezala. Akaso errealitateak norabide horretan bultzatzen zuen? Hau da, armadak ez zuela izanen beste erremediorik? Akaso bai. Baina egin zuen unea eta modua intsumisioak baldintzatu zuen.

Euskal Herrian zenbateko indarra izan zuen abertzaletasunak intsumisioaren mugimenduan?

Argi dago intsumisioa borroka antimilitarista izan zela, baina argi dago ere hainbat intsumiso taldetan abertzaletasunak beste arrazoi batzuk baino indar handiagoa izan zuela. Hau da, antimilitarista bai, baina batik bat abertzale zirelako egin ziren zenbait lagun intsumiso. Hau da, zuzenean egiten zuten Frantziako eta Espainiako armaden kontra. Iruñeko intsumisoen artean, adibidez, askotan hitz egiten omen zuten abertzaletasunaz, ETAren borroka armatuaz... eztabaida amaigabeak izaten zituzten kartzelako pareten artean. Baina eztabaida horiek guztiak bukatzen ziren adostasuna bilatzen; ez zen egiten bozketarik. Nik uste dut horrek laguntzen zuela kanpoan egon zitezkeen ezberdintasunak lausotzen.

Zergatik bihurtu zen Iruñea eta batik bat Iruñeko espetxea intsumisioaren ikur?

Iruñean intsumiso asko epaitu baitzituzten, eta asko pasa ziren kartzelatik. Eta intsumisoek asmatu zuten kartzela erabiltzen haien alde. Errepresioa hor zegoen, baina estatuak batik bat intsumiso batzuen kontra erabili zuen, kriminalizatu nahian. Horregatik sartu zituen kartzelara hemengo intsumiso gehiago. Baina saio hori ez zitzaien ongi atera. Estatua intsumisoen atzetik ibili zen. Eta konturatu zen gizartean lortutako babesa handiagotu egin zela intsumisoak kartzelaratzearekin. Hortik eratorri ziren, besteak beste, hirugarren gradua eta abar eta abar.

Kartzelak mugarri bat ezarri zuen intsumisioaren mugimenduan, ezta?

Kartzela tresna handi bat bihurtu zen mezu antimilitarista zabaltzeko. Baina kontua ez zen bakarrik borroka antimilitaristarekin jarraitzea; kartzelan bertan zeuden arazoei aurre egin behar izan zieten kolektibo gisa. Beraientzat eta beste presoentzat bizi baldintza duinak eskatuz, besteak beste. Kartzelaren erabilera zela-eta sortu ziren tentsioak mugimendu antimilitaristan, eta hori oso nabarmena izan zen Bilboko KEM eta Iruñeko intsumisoen artean. Bilbokoek kezka zuten ez ote zen gailenduko mezu antierrepresiboa; Iruñean, aldiz, ikusten zuten gazteak animatuz gero intsumiso egitera eta horrek kartzela ekartzen bazuen, ezin zutela alboratu. Loturik zegoela, alegia. Iruñeko kartzelaren kasuan diote kartzela intsumisoz bete zenean inoiz baino gehiago hitz egin zela antimilitarismoaz.

Espetxe politika berezituak jasan behar izan zituzten intsumisoek, esate baterako, sakabanaketa.

Aurretik jada tentsioa handia zen presondegian. Argi zuten zer edo zer gerta zitekeela, eta etorri zen sakabanaketa. Kolpe latza izan zen guztientzat. Kolektiboa hautsi zuten hein handi batean, eta, gainera, beldurra gelditu zitzaien etorkizunean zer gerta. Horregatik egin zuten gose greba eta lortu zuten gehiago ez sakabanatzea, nahiz eta aurretik sakabanatuak ez itzuli.

Emakume antimilitaristei atal berezi bat eskaini diezu; zein rol izan zuten emakumeek, bada?

Emakumearen parte hartzeari buruz ikuspuntu desberdinak daude. Preso askok diote eurek kartzelan sartzean rol garrantzitsua izan zutela euren amek, arrebek, neska-lagunek... baina beti ere intsumisoen zerbait ziren. Halaber, Patricia Moreno abokatua entzuten duzu, KEMekoa bera, eta esaten dizu emakumeen rola eta albaitariek eduki zuten rola berbera izan zela; hau da, deus ez. Baina, bestalde, Mabel Cañadak aipatzen du, eta ni ados nago, emakumearen parte hartzeak lortu zuela borrokaren ikuspuntua zabaltzea. Hau da, emakumeei ez ziguten deitzen soldadutzara, eta, beraz, emakume bat borroka horretan murgiltzeak indartu egiten zuen oinarri-oinarrian zegoen mezua: hau da, intsumisoen borroka armadaren kontrako borroka zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.