Rodolfo Aresek (Ourense, Galizia. 1956) Eusko Legebiltzarra utzi du, 22 urteren ondoren, eta ohiko osoko bilkura baliatu zuen atzo gainontzeko ordezkariak agurtzeko. Arrazoi politiko eta pertsonalengatik hartu du erabakia: familiari denbora gehiago eskaintzeko eta alderdi sozialistarekin elkarlanean jarraitzeko. Ez du «dedikazio osoz» segituko, ordea, ezta politikaren «lehen lerroan» ere. PSEk ez du oraindik argitu nork ordezkatuko duen.
Agurrean adierazi duenez, azken 22 urteak «zoragarriak eta zorabiagarriak» izan dira. Legebiltzarkide gisa, garai «garrantzitsuak» bizi izan dituela adierazi du, baina baita «zailak eta gogorrak» ere; «gogorrena», Fernando Buesa PSEren legebiltzar taldeko bozeramaile ohia ordezkatu zuenekoa, ETAk hura hil ostean.
Ibilbide politikoan, bestelako zailtasun eta aldi gatazkatsu gehiago ere izan ditu Aresek. Bereziki, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburu izan zen urteetan, 2009ko maiatzetik 2012ko abendura bitartean.
Sailaren ardura hartu eta berehala bultzatu zituen Aresek polemika eta gatazka piztu zituzten neurriak. Patxi Lopezen gobernua osatu bezain laster, «intoleranteei kalea irabaztera» jo zuen, Ertzaintza baliatuta. Herrietako festetan eta eremu publikoetan, «terrorismoari gorazarre» egiten zioten adierazpenak ezabatuko zituela agindu zuen, eta, hala, hainbat herritako kartel, pintada, argazki eta pankarta erretiratzera jarri zuen Polizia.
Horrez gain, Ares Herrizaingo sailburu izan zen garai hartako tortura kasuak leporatu dizkiote Ertzaintzari zenbait ahotsek. Kasu entzutetsuenetako bat izan zen, 2010eko urtarrilean, Ondarroan, bederatzi pertsona atxilotu ondoren Alfonso Zenon abokatuak salatutakoa: «Ertzaintzak Aresen aginduetara torturatzen» zuela. Zenonen kontrako salaketa jarri zuen Aresek, baina artxibatua izan zen. Lau urte geroago, Istanbulgo Protokoloan oinarrituta, ikerketa batek ziurtatu zuen Aresen agintaldian zazpi tortura kasu atzeman zituztela, Ertzaintzari lotuak.
Aresen ardurapeko Poliziaren jarrera kritikatua izan zen, era berean, Bilboko Kukutza gaztetxea husterakoan —2011ko irailaren 21ean— Ertzaintza oldartu zen moduarengatik.
Iñigo Cabacasen hilketa dela-eta izan du Aresek garai politikorik deserosoenetakoa. Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen Iñigo Cabacas, 2012ko apirilaren 5ean, Polizia Bilbon oldartu eta lau egunera. Aresek agindu zuen erantzukizun politikoa bere gain hartuko zuela baldin eta frogatzen bazen Ertzaintzaren goi agintariren baten erantzukizuna izan zela Cabacasen heriotza. Ikerketa «amaieraraino» eramango zuela ziurtatu zuen Cabacas hil eta egun gutxira, baina, zortzi hilabetera, kargua utzi zuenean, «ezertxo ere ez argitu izana» leporatu zioten Iñigo Gogoan plataformako kideek. Auzia argitu gabe dago oraindik.
Cabacasen heriotza baino egun batzuk lehenago, 2012ko martxoaren 29an, Xuban Nafarrate larrialdi zerbitzuetan artatu behar izan zuten, greba mobilizazioetan parte hartzen ari zela jasan zuen kolpearengatik. Nafarratek salatu zuen ertzain batek bertatik bertara tiro egin ziola, gomazko pilota jaurtigailu batekin, aurpegian. Aresek eta Herrizaingo Sailak, aldiz, une oro ziurtatu dute Nafarratek erorita hartu zuela kolpea.
Nafarrateren eta Cabacasengertakariek piztu zuten eztabaidak bultzatuta, Aresek gomazko pilotaren erabilera mugatu zuen.
26 urteko ibilbide politikoa
Lanbidez industria maisu, Rodolfo Ares gaztetatik da PSOEko eta UGT sindikatuko kide. 27 urterekin Bilboko zinegotzi izan zen (1983-1990), eta, udal ardurak utzitakoan, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldunorde nagusi eta Hirigintza eta Ingurumen diputatu izendatu zuten. Urtebete geroago utzi zuen aldundia, 1991ko udal hauteskundeetan Bilboko alkatetzarako hautagai gisa aurkezteko. 1994ra arte, Bilboko udal taldeko bozeramaile izan zen, eta, urte horretan, Eusko Legebiltzarrera egin zuen salto, gaur arte. Legebiltzarkide zela, 2000. urtetik 2005era, PSEko taldeko bozeramaile izan zen. 2008tik, PSOEko batzorde federaleko kidea da, eta, 2014an PSEko zuzendaritza utzi ostean, 2015ean Pedro Sanchezek PSOEko hauteskunde batzordeko koordinatzaileorde izendatu zuen. Azken legealdian, gobernua osatzeko negoziazio ordezkaritzako kide izan da.
Aresek Loiolako elkarrizketetan parte hartu zuen —2006ko iraila eta azaroa bitartean—, PSEko Jesus Egiguren eta Jose Antonio Pastor; ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Arnaldo Otegi eta Olatz Dañobeitia, eta EAJko Josu Jon Imaz eta Iñigo Urkullurekin batera, ETA su-etenean zela.
ETAk su-etena hautsi ondoren —2006ko abenduaren 30ean—, azken negoziazio saiakeran parte hartu zuen Aresek, Genevan.
Urte horretan bertan epaitua izan zen, hilabete batzuk lehenago —2006ko uztailean— orduan legez kanpokoa zen Batasunarekin biltzeagatik. Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiekin epaitu zuten, eta kasua artxibatu egin zen 2009an.
Rodolfo Ares
«Intoleranteei kalea irabazi» nahi izan ziena
Aresek Eusko Legebiltzarra utzi du, 22 urteren ostean. Herrizaingo sailburu izan zen, eta haren ardurapean Ertzaintzak izandako portaerak eta jasotako kritikek markatu dute haren ibilbide politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu