Intersekzionalitatea, legeetatik haratago

Berdintasun politikez eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek, Gasteizen. Instituzioetako «zeharkakotasunak» eta «elkarlanak» erabatekoak izan beharko luketela aldarrikatu dute.

Neus Pociello i Cayuela eta Sandra Ribeiro, Berdintasun Legearen inguruko jardunaldietan, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Emakumeek eta gizonek beren bizitza eraldatzeko botere bera izatea lortu nahi dugu Suedian». Berdintasun legeen eta politiken zentzua horrelaxe laburtu zuen Lena Ag Suediako Berdintasunerako Agentziaren zuzendariak atzo, Lege berri bat berdintasunean aurrerapausoak ematen jarraitzeko izeneko jardunaldian, Gasteizen. Berdintasuna eta feminismoa nolabait instituzionalizatzea ezinbestekoa dela uste du Agek, eta berdintasunarekin lotutako jarduerak eta datuak monitorizatu behar direla. Eta intersekzionalitatea kontuan hartzera deitu du: emakumeek zein beste kolektibo batzuek izan ditzaketen gabeziak identifikatzea, behar bezalako erantzunak garatzeko.

Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun Sailak antolatu dute jardunaldia, Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Legearen lehenengo urteurrena aitzakia hartuta. Izan ere, Eusko Legebiltzarrak 2005ean onartu zuen lehen berdintasun araua, baina orduan aitzindari izandako hura eguneratu eta nazioarteko irizpideetara egokitu zuten iaz. Jardunaldian, Europako legeen eta esperientzien berri jasotzea izan da helburuetako bat, baita berdintasun politikez hausnartzea ere.

Emakunderen arabera, egun Europako Berdintasun Indizearen zortzigarren postuan daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako berdintasun politikak. Suediak du lehen postua. Agek azpimarratu duenez, bide horretan oso garrantzitsuak dira luzera begirako planak, baina ez dute gobernuaren menpe egon behar: «Gobernuak hamar urteko berdintasun plana onartu badu eta hauteskundeetan aldaketa bat egon bada, gobernu berriak aurretik onartutakoa bete beharko luke». Legeek ika-mika politikoez harago joan behar dute, eta politikariek inbertsioa, zeharkakotasuna eta itun sozialak bermatu behar dituzte.

Iritzi berekoa da Sandra Ribeiro Portugalgo Herritartasunerako eta Berdintasunerako Institutuaren zuzendaria. Berdintasun politiken inguruko ikuspegia zabaltzeko premiaz mintzatu da: «Garraio publiko baten ibilbidea aldatzeak, adibidez, zerikusi zuzena du berdintasunarekin. Argiztatu gabeko kaleetan autobus geltokiak jartzea ez da segurua; are gutxiago, erabiltzaile gehienak emakumeak direla kontuan hartuta».

Egiturak, laguntzeko

Neus Pociello i Cayuela Kataluniako Emakumeen Institutuaren zuzendariak uste du gobernuko sail bakoitzak berdintasun kontuak aztertzeko arlo propioa izan beharko lukeela: «Sektoreka banatutako politikan aritu gara lanean, eta hori aldatu behar dugu. Instituzioetako egiturak berdintasun politikak ezartzen lagundu behar digu». Katalunian, esaterako, Osasun Sailaz gain, Sexu eta Ugalketa Eskubideen Saila ere sortu dute. «Zenbait gauza aldatzeko tartea ematen digu». Hainbat aipatu ditu segidan: hilekoak ematen duen minagatik edota dolu perinatalagatik egunak hartzeko eskubidea, 29 urte baino gutxiagoko emakumeek antisorgailuak doan hartzeko eskubidea, eta abar.

Era berean, ahalik eta espazio gehien hartzeko aldarrikapena egin du Pociello i Cayuelak, baina formakuntza feminista eskaintzea ere garrantzitsua dela azpimarratu du: «Kataluniako goi mailako politikariek hartu dute konpromisoa berdintasunarekin, baina erremintak behar dituzte». Hala, Kataluniako Emakumeen Institutuko kideek formakuntza saioak eskainiko dizkiete gaiaren inguruan dituzten zalantzak argitzeko eta ulertzen ez dituzten kontuei erantzuna emateko. «Sailarteko elkarlana, intersekzionalitatea eta zeharkakotasuna ezinbestekoak dira».

Sinplifikatzearen garrantzia

Formakuntza eskaintzeak, gainera, berdintasunaren diskurtsoa hurbiltzen dio publikoari. «Batzuetan, gure diskurtsoa ulertzea zaila da, eta horrek jendea urruntzen du», adierazi du Ribeirok. Politikak garatzeko eta onartzeko arazo nagusietako bat hizkuntza dela uste du: «Kontzeptuak sinplifikatu, estatistiketako zenbakiak erabili eta adibide praktikoak eman beharko genituzke, herri txikietako alkateek ere uler dezaten zer esan nahi dugun». Iritzi berekoa da Ag: «Sinpleak diren kontuak konpontzen saiatu behar dugu lehenengo; horren ostean ekingo diogu zaila dena iraultzeari».

Oro har, gizartean aldaketak eragitea zaila dela uste dute hirurek; haien ustez, ordea, iritzi publikoak berdintasun politikak babestuko balitu, prozesua askoz ere errazagoa izango litzateke. «Jakin badakigu Portugalgo politikak aurrerakoiak direla beste herrialde batzuen politiken aldean, baina gizarte egitasmoak ezinbestekoak dira», esan du Ribeirok. Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunekin lotuta, intersekzionalitatearen bidez bestelako diskriminazioak desagerrarazteko bidea izan daitezkeela uste du: «Planek estrategikoak izan behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.