Maite Goñi. Euskararen Aholku Batzordeko IKTetako burua

«Internet kontsumitu ez ezik, ekoizle ere izan behar dute gazteek»

Interneten euskarazko edukiak sartzean kalitatea bermatzeko zenbait neurri proposatu ditu Goñik zuzendutako batzordeak; akademiako iturriak ez ezik, komunitatearen parte hartzearen beharra ere goratu du.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2016ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ona da euskararen «osasun digitala». Hala hausnartu du Euskararen Aholku Batzordeko IKT Informazio eta Komunikaziorako Teknologiei buruzko lantalde bereziak. Osasun on hori, hein handi batean, komunitateak egindako lanari aitortu dio Maite Goñi taldeko zuzendariak. Halere, funtsezkotzat jo du «etengabe» Interneten euskararen presentzia areagotzeko pausoak ematea. Administrazioei egindako hamabi iradokizun xehatu ditu IKT lantaldeak txosten batean; atzo aurkeztu zuen, Bilbon.

IKTetan eta Interneten euskararen presentzia handitzeko bi baldintza aipatu dituzue: komunitatea eta administrazioa.

Elkarlana oso inportantea da. Ez da soilik komunitatearen lana. Administrazioak parte hartze inportantea du egiteko: sostengua eman, laguntzak eskaini...

Administrazioak egin dezakeen lan horretan zentratu duzue txostena. Zergatik?

Bide orri bat eskaini nahi genien. Administrazioek maiz lagundu nahi dute, baina ez dakite nondik nora jo. Gauza asko egin dira, baina dena dago egiteko oraindik. Areago, aurkeztu dugun txostena etengabe berrikusi beharko da.

Datu bilketa eta ikerketa nabarmendu duzu. Nola bideratu daiteke ikerketa hori?

Ikerketaren ildoan aurrera egitea funtsezkoa da, baina, agian, maila apalago batean ere landu daiteke: jardunaldiak edo mahaiak antolatuz... Sakontasun maila ezberdinetara heltzeko aukera dago, borondatearen edo baliabideen arabera. Komunitateak maila apal batean egiten du, baina hori sistematiza daiteke.

Zeintzuk lirateke ikerketa lan horren asmo nagusiak?

Hainbat dira. Adibidez, IKTak eta euskararen mundua elkartzen direnean kezkak ager daitezke. Horien aurrean usteak ez dira nahikoak. IKTek hizkuntza gutxituetan nola eragiten duten ikertzea garrantzitsua da.

Ildo horretan zerbait landu da?

Gauza solteak badaude, han eta hemen, elkarren berri izan gabe.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erreferentziatzat jo du txostena gainontzeko hizkuntza gutxituak IKTetan garatzeko bidean.

Interesgarria behintzat bada. Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sarea hil honen 26an bilduko da, Bilbon. Bertan, txostena zabalduko da, denok denongandik ikasteko borondatearekin.

Euskarazko edukiak sustatzeko lan ildoetan ikuspuntu kuantitatibora jotzea erraza da. Kalitatea bermatzeko neurririk ba al da?

Batzordean behin eta berriz azaldu da kezka hori. Wikipedian eduki gehiago sartzea da lehen ekintza bultzagarria, baina, horren barruan, kalitatearen aldeko ahalegina eskatzen da. Besteak beste, erakunde zehatzen kalitatezko dokumentazioa Interneten sartzeko lan ildoak proposatu ditugu: unibertsitateak, liburutegiak... Ordea, ildo guztietan egin behar da lan: aurreko eragileekin, baita komunitatearekin ere.

Administrazioak sustatutako edukiak copyleft lizentziadunak izatea lehenestea proposatu duzue. Eztabaidarik egon al zen?

Ez dakizu zenbaterainoko adostasuna egon den horren inguruan! Beste gauza bat da hori abian jartzea; horretan sinetsi behar da. Dena den, egungo diru laguntzetarako deialdietan lehenesten dira eduki libreko egitasmoak.

Gazteek sortutako edukiak ere lehentasunetan sartu dituzue.

Erabat sustatu beharrekoa da gazteen eta aisialdiaren mundua, ez soilik eskolaren eremuan. Euskararen Aholku Batzordeak paraleloan egindako lan batean hori bera antzeman zuen. Internet kontsumitu ez ezik, ekoizle ere izan behar dute gazteek.

Erreferentziarik al dago egun?

Game Erauntsia izeneko atarian, adibidez, bideo jokoez hitz egiten dute, euskaratzen dituzte...

Zaintza teknologikoa ziurtatzeko behatoki bat ere proposatu duzue. Zein xede izango luke?

Ikusi beharko da zein formatuan, baina eremu horretan eragin behar dugu. Horren helburua aurrea hartzea litzateke, IKTetan datozen joerak ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.