Ehun emakume eta genero disidente baino gehiago bilduta daude Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxeko areto nagusian. Aretoa hiru gunetan banatuta dago: lehenik, oholtza dago, eta hor zazpi hizlari daude; bigarrenik, harmaila dago, eta dozenaka entzule daude eserita; hirugarrenik, teknikariak eta itzultzaileak daude, alde guztien arteko hartu-emana errazten. Hiru gune horiek, ordea, bat bera dira, konplizitate handia baitago denen artean. Biterin elkartu diren denak dira feministak, eta modu militantean ez ezik, profesionalean ere «konspiratzen» dute.
Elkarrekin oso lotuta dauden bi galderari erantzun behar diete elkarlanean: «Interkooperazio feminista: zergatik eta zertarako?». Erantzun dutenetako bat Kattalin Miner izan da, Larrutik sareko kidea: «Zertara goaz benetan? Gure artean ez lehiatzera, aliantzak egitera, estrategikoak izatera, gure artean informazioa pasatzera, merkatuak jartzen dizkigun baldintza kapitalista eta lehiakorrei aurre egitera beste modu batean, elkar ezagutzera. Niri orain aukera bat iristen baldin bazait, ondokoari esango diot: ‘Zuri ere idatzi dizute?’. ‘Bai’. ‘Zuek zenbat behar duzue? Interesgarria da? Egingo dugu batera?’». Zertarako? Finean, —denak bat datoz— hobeto bizitzeko.
Ara Gorputz, Artaziak, Eihera, Emagin, Farapi, Harago, Irule, Juntura eta Parean kooperatibek eta elkarteek ekonomia sozial eraldatzaile feministaren esparruan egiten dute lan, eta hiru urte pasatu dituzte saretzen. Aurtengo urtarrila izan dute mugarrietako bat, orduan aurkeztu baitzuten jendaurrean haien sarea: Larrutik interkooperazio feministarako sarea. Beste mugarri bat gaur ezarri dute, Interkooperazio feminista: zertarako eta zergatik deituriko jardunaldiak egin baitituzte Hernanin.
Jardunaldiaren atal bat gaur goizean Biterin egin duten mahai ingurua izan da. Oholtza gainean izan dira Eihera kooperatibako Kattalin Miner, Farapi kooperatibako Araitz Rodriguez —biak Larrutik-eko kideak— eta Mirene Begiristain ikerlari feminista. Euskal Herriko hirukotearekin solasean aritu da Herrialde Katalanetatik etorritako beste hirukote bat: La Insolita sare feministako Alba Arellano eta Blanca Valdivia, eta Trantsizio Feministen Sareko Amanda Alexanian. Ara Gorputzeko —eta, ondorioz, Larrutik-eko— Jone Fernandezek gidatu du mahai ingurua.
«Zertara goaz? Gure artean ez lehiatzera, aliantzak egitera, estrategikoak izatera eta elkar ezagutzera».
KATTALIN MINERLarrutik sareko kidea
Interkooperazio feminista, zergatik? Erantzuna argi du Minerrek: «Feministak eta militante feministak garelako, denean: lanean ere bai. Ez bakarrik gure lan edukietan feminismotik lan egiten dugulako, baizik eta lan moduetan feministaki pentsatzen dugulako». Nabarmendu du mugimendu feministaren bueltan elkar ezagutu izana funtsezkoa izan dela kooperatiba eta elkarte feministak saretu ahal izateko.
Begiristainek ondo bereizi nahi izan ditu kooperazio liberala eta interkooperazioa: «Ez gabiltza kolektibizazio instrumentalista bati buruz hitz egiten. Ez dira sinergiak. Kolektibizazioari lotutako logika indibidualista bat badago, eta, ildo horretatik, interkooperazioa eskala jauzi batekin lotuta dago, elkarrekin iristen garelako bakarka egin ezin dugun hori egitera. Baina zer dago erdigunean eskala jauzi horretan? Merkatua edo komunitatea. Desberdintasun nabarmena da. Ez gara genero berdintasunaz ari, baizik eta intersekzionalitateaz».
Horren harira, Begiristainek lau irizpide ezarri ditu interkooperazio feminista ardazteko: desfamiliarizazioa, desmerkantilizazioa, desazkunde materiala eta deszentralizazioa.
Praktika eraldatzailea
Valdiviak azaldu du La Insolita dela Katalunian emakumez eta genero disidentez soilik osatutako sare feminista bakarra, eta aitortu du «deseroso» daudela Kataluniako ekonomia sozial eta eraldatzailearen ekosistemaren barruan: «Feminismoa oso presente dago, baina gehiago eslogan moduan, benetako praktika eraldatzaile moduan baino». Adierazi du haientzat «garrantzitsua» dela sarea askotariko sektoreetako elkarteek osatzea, baita askotariko tamainatakoek ere, «handienek txikienei lagundu ahal izateko». Ezagutza eta egiturak trukatzea da oinarri bat, eta nabarmendu du feminismoa dela sarea alde guztietatik zeharkatzen duen printzipioa —eta hala izan behar duela—.
Alde horretatik, Arellanok esan du elkar ulertzea eta autokritika egitea «ezinbestekoa» dela haien sarean: «Ez badugu geure burua zalantzan jartzen, ezin gara hazi». Hori txalotu du Alexanianek, eta esan du «pedagogia lan» handia egin behar izaten dutela erakundeekin aritzen direnean; esaterako, ekonomia erreproduktiboaz eta zaintzaz jardutean.
Rodriguezek nabarmendu du interkooperazio feministak gaitasuna duela hegemoniarekin lehiatzeko: «Gure helburua ez da hobeto ekoiztea; hobeto ekoizterik ez dago. Langile finak gara. Gure helburua hobeto bizitzea da».