Jada ez da derrigorrezkoa izango haurrak eskola kiroleko programan izena emanda egotea kirol kluben batean aritzeko, hala ebatzi baitute epai batean. Arkaitz Angiozar (Donostia, 1968) Oiartzualdeko eskola kiroleko mahaiko partaidea da, eta baita Lezoko Udaleko kirol teknikaria ere. Eskola kirolaren ereduan sinesten du, eta 30 urte baino gehiago daramatza haren alde borrokan.
Ikusi gehiago
Zer iruditzen zaizue epailearen erabakia?
Gure ustez, eskola kirolaren derrigorrezkoa izatearen kontra egitea haurren kalterako da. Oso bizitza ikuspegi sinplista da haurrari egin nahi duen kirol horretan bakarrik aritzen uztea. Horrek, aldi berean, zerikusi handia du bultzatzen dugun gizarte ereduarekin: orain 25-30 urteko molde berari eutsi nahi diote batzuek, kirol federatuetan eta klubetan oinarritutakoari, eta pena da.
«Espezializazio goiztiarra ez da batere egokia gerora begira»
Zergatik iruditzen zaizue hain garrantzitsua eskola kirola derrigorrezkoa izatea?
Azterketa sakonago bat egiten dugu guk, kiroletik haragokoa. Kirol modalitate bakoitzak ezaugarri batzuk ditu, eta saiatzen gara ezaugarri ezberdinak dituztenak tartekatzen. Haurrek lau edo sei urtez —8 eta 12 urte artean, gehienbat— egiten duten jarduera fisikoak tresnak emango dizkie bizitza arrunterako —giza harremanetarako, adibidez— eta gozamen propiorako. Gainera, entrenamenduetan, espezializazio goiztiarra ez da batere egokia gerora begira.
Epaian beldur bat aipatzen da: haurrak eskola kirolean trebatzen badira talentua galduko den susmoa...
Gipuzkoa da, Bartzelonarekin batera, goi mailan kirolari gehien duen lurraldea estatuan. Eta hori, batzuentzat horren txarra den ereduarekin. Hori ere bada zerbaiten isla. Are, goi mailako kirolariei eskatzen zaie aktiboak izateko eta modalitate batean baino gehiagotan arituak izatea.
Zein dago eskola kirola beharrezkoa ez izatearen alde?
Familia jakin batzuk, bakoitzak bere moduan ikusten baitu mundua. Halere, guk uste dugu kirol hastapena hezkuntza prozesuaren parte bat dela, eta horregatik daude foru aldundia eta ikastetxeak tartean. Errespeta dezaket familiaren nahia, baina seme-alabek esan dezakete ez dutela matematika ikasi nahi, eta, hala ere, egin egin behar dute. Alde horretatik, interbentzionistagoak gara. Gero ere izango dute denbora nahi duten kirolean aritzeko.
Oso interes merkantilistak dituzten klub batzuk ere badaude. Hau da, haur gehiago izanda iraupena segurtatzen dutenak. Arlo federatuetako hainbat praktika txalotzekoak dira oso, baina, beste asko ez. Askotan, haurrak negozioen edo praktikaren parte dira. Bestalde, oso ikuspegi klasizista duten komunikabide batzuk ere kontra daude. Esaterako, Gipuzkoako komunikabide batekin gerra izan da hasieratik, federazio batzuekin bat egiten duelako, pertsona berak baitaude atzean. Hori horrela da, eta ezetz esaten duena gezurretan ari da. Kirolaren ikuspegi oso zaharkitua dute.
«Presio mediatikoaren eta federazio boteredunen kontra egiteko aukera bakarra estruktura indartsu bat izatea da, bertatik pasatzera behartuko duena»
Zer bultzatzen duzue zuek?
Kirola prozesu hezitzailetzat hartzen dugu, zeinetan jokoari eta jolasari garrantzia ematen zaion. Eta, hala izan dadin, ikuspegiak berak hezitzailea izan behar du. Esango dute behartzea ez dela egokia, baina, bestela, ekintza marjinal bat bihurtzen da eskola kirola, eta ezaugarri oso jakinak dituzten haurrek parte hartzen dute hartan, edo oso ikuspegi hezitzailea eta konprometitua duten familietakoek. Presio mediatikoaren eta federazio boteredunen kontra egiteko aukera bakarra estruktura indartsu bat izatea da, bertatik pasatzera behartuko duena. Eta ez sistemarentzat hobea delako, baizik eta pentsatzen dugulako haurrentzat hori dela eredu egokia. Zientifikoki egiaztatuta dago.