«Gehiengoak onartzen du garaiak aldatu direla, baina oraindik ere jarrera zaharrekin topo egiten dugu». Horra, Baketik-en arabera, «bizitza sozialean eta politikoan izaten den paradoxa». Etorkizuna orainetik eraikitzen dela kontuan hartuz, eta adiskidetzarako funtsezkotzat joz, «humanizazioa» izango da Baketik-en 2014rako indargunea. Hori izango dute ardatz antolatuko dituzten jardunaldi, argitalpen eta herri ekintzek.
Humanizazioaren bidez bi lehentasun jarri nahi ditu mahai gainean: sufrimendu pertsonalak zein kolektiboak murriztea eta harreman pertsonalak, sozialak eta politikoak berriz osatzea. «Edozein interes alderdikoi baino balio handiagoa» izan behar dute.
Gizarteak gatazka «suntsitzaile eta bortitza» izan ondotik, alde guztiak «elkargune eraikitzaile» batean biltzeko ezinbestekotzat du humanizazioa. Bake eta bizikidetza prozesuan parte hartzen duten eragile guztiei bide hori jorratzeko deia egin die, batez ere, alderdiei eta instituzioei: prozesu horren buru izateko eskatu die.
Baketik-en ustez, «bizikidetza adiskidetuaren etorkizunarekiko konpromisoa» orainetik eraiki behar da, eta egun bizirik dauden jarrera zaharrak —«zatiketa, deskalifikatzea, exijitzea, gailentzea eta iraintzea»— atzean utzi.
Arreta gatazkaren aldeak banantzen dituen horietan jarri beharrean eta, ondorioz, zatiketan sakondu beharrean, hurbiltzen dituztenetan jartzeko beharra nabarmendu du Baketik-ek. Horri aurre egiteko, lehenengo, nork bere buruari «gizatasunez» begiratu behar lioke; norberak, gizakia den heinean, hutsegiteak egiten dituela aitortu, eta gauza bera egin, ondotik, beste aldean daudenekin.
Aldi berean, besteek egiten dutena «epaitzeko eta zentsuratzeko» joeraren arriskua azpimarratu du: autokritikarik egin gabe, kritika hutsean gelditzearen arriskua. Bestea deskalifikatu beharrean, komunikazioa bultzatu behar luke humanizazioak: «Hitza zatiketarako arma egingo ez duen eta akordioaren aldeko hazia egingo duen komunikazioaren aldeko apustua egingo luke».
Konpromisoa helburu
Exijitzea maiz errepikatzen den joeratzat du Baketik-ek, eta sarritan «ikuspegi alderdikoia» inposatzen dela ohartarazi. Geldikeriaren baliokide da erakundearentzat: «Besteei egin beharko luketena egitea exijitzera eta geure geldikeria exijentzia horiek ez betetzearekin justifikatzera murrizten da guztia». Horren ordez, alderdien elkarlanerako deia egin du, «gizartetik jasotzen ari diren deiaren inguruan irekiagoak izan daitezen».
Garaile eta garaituen dikotomiak ere ez du lekurik garai berrietan. Humanizazioaren ikuspegitik, pertsonen duintasunaren aurka doazen ideiak dira garaitu beharrekoak, Baketik-en ustez. Beraz, «pertsonak integratzearen aldeko apustua» egitea beharrezkotzat du, zein gailendu zaion nori erabaki beharrean.
Hizkuntzari ere erreparatu dio Baketik-ek: «Norberaren ingurukoen errealitatea zein kanpokotzat jotzen diren haien kontrakoa deskribatzeko bere hizkuntza propioa sortu du sektore bakoitzak». Eta «erabat desagertu ez den joera» horrek «asaldura, mina eta erremina» sortzen du.
Giza duintasunarekin, biktima guztienganako enpatiarekin, eskuzabaltasunarekin, espetxe legediaren etikarekin eta aldebakartasunarekin konprometitzeko eskaera egin du Baketik-ek.
Interes alderdikoien gainetik, «elkargune eraikitzailea» osatzera deitu du Baketik-ek
«Humanizazioa» izango du ardatz erakunde horrek 2014ko jardunaldi, argitalpen eta ekintzetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu