«Integrala» da euskararen aurkako oldarraldia, Sorturentzat

Sorturen agerraldian, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sortuko ordezkariek esan dute agerraldi «aktibista» bat izan zela; Bilboko Justizia Jauregi parean elkartuta, igaro hilabeteetan euskararen normalizazioaren aldeko neurrien kontra egon diren epaien gaineko kezka adierazizuten, eta euskararen aurkako dinamika, oro har, «integrala» dela salatu zuten. «Ertz ugari ditu; politikoa eta ideologikoa ere bada. Nazio gatazka dago oinarrian». Heldu den larunbaterako Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon deitua duten manifestazioarekin bat egin zuten.

Eraikinaren aurrealdea hartu zuten Sorturen agerraldian parte hartu zutenek, puzgarri erraldoi bat jarri zuten eta Euskarafobia stop zioen pankarta zabaldu zuten. Sorturen Nazio Kontseiluko ordezkari Iker Salcedo mintzatu zen. Erasoen kontra egiteaz harago, erantzun bat prestatu behar dela esan zuen. «Hizkuntza politika berriak eta ausartak behar ditugu, euskararen normalizazioan eta euskalduntzean urrats berriak egiten jarraitzeko».

EGIren deia

Euzko Gaztedi-EGIko hainbat ordezkari ere Bilboko Justizia Auzitegi parean elkartu ziren; gaitzespena adierazi zuten euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten ebazpen judizialen harira, eta aurreratu zuten heldu den larunbatean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuko dutela. Haien ustez, epaiak «euskal gizartearen gehiengoak» adierazi duenaren kontrakoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.