Youtube kanaletik adingabe baten irudiak kentzeko agindu judizialari muzin egiteagatik Kote Cabezudo argazkilariaren aurka zabalik den auzia berriro itzuliko da instrukzio fasera. Gaur goizean egin dute auzi saioa, Donostiako Zigor Arloko epaitegi batean, ateak itxita, baina, irregulartasun batzuk direla medio, eten egin behar izan dute. Auziko iturriek jakinarazi dutenez, aldeek ondorioak aurkeztu dituztenean, Cabezudoren abokatuak erabaki du behin-behineko defentsa idatzia aldatzea, eta auzibidea baliogabetzeko galdegin du. Epaimahaiburuak aintzat hartu du eskaera, eta auzia instrukzio fasera itzultzea erabaki. Epaiketa data berriaren zain geratu da auzia, atzera.
Izan ere, auzia atzeratzen duten laugarren aldia da. Lehenengoa 2021eko martxoan izan zen, defentsak auzi nagusiaren dokumentu bat eransteko eskatu ondotik. Urte bereko urrian berriro atzeratu zuten, deklaratu behar zuen peritu bat oporretan zelako. Eta aurtengo martxoan berriro atzeratu zuten Gipuzkoako Auzitegian Cabezudoren aurkako auzi nagusiaren epaiketa egiten ari zelako.
Hain justu, auzi horretan 28 urtetik gorako espetxe zigorra ezarri zioten Cabezudori, bortxaketa, sexu abusua eta haur pornografiako eta iruzurreko delituak leporatuta. Erabaki horren aurka helegitea aurkeztua dute defentsak eta akusazio partikularrak Espainiako Auzitegi Gorenean.
Indarkeria matxista
Instrukzio fasera itzuli da Internetetik irudiak ez kentzeagatik Kote Cabezudoren aurka irekia den auzia
Laugarren aldia da epaiketa bertan behera uzten dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu