Iñaki Antiguedad Amaiur koalizioko Bizkaiko diputatuak jakinarazi du Espainiako Kongresuko eserlekuari uko egin arren politikan jarraituko duela. Ordezkariaren ustez, politika ez da erakundeetara bakarrik mugatzen. «Ni ez nintzen politikara sartu azken hauteskundeen bezperan. Politika instituzionalera bai, eta hori da utziko dudana», esan du. Horregatik, aurrerantzean unibertsitatetik, bulegotik edo kaletik lan egiten jarraituko du.
Orain egun batzuk Diputatuen Estatutuaren batzordeak jakinarazi zion diputatu lana eta EHUko irakasle lana ez direla bateragarriak. Hori dela eta, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateansegituko du. Hartutako erabakiari indarra kendu dio: «Nire hautua baino garrantzitsuagoa da aro politiko berri honetan nork bere lekua aurkitzea». Antiguedadek utzitako eserlekua Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak hartuko du.
Enbeitaren aburuz, Antiguedad ordezkaezina da. Hala ere, Amaiur koalizioari botoa eman ziotenak ordezkatzeko xedea du: «Saiatuko naiz botoa eman zioten milaka-gizon emakumeren ilusioa Madrilera eramaten». Era berean, karrera politikoa egitera ez doala erantsi du, bere ekarpena egitera baino.
Antiguedadek ohartarazi duirakaskuntza eta diputatu lanak elkarrekin uztartzea zuela helburu. «Garbi esan nuen nire asmoa jarduera biak uztartzea zela». Eusko Legebiltzarrean Herri Batasuna Euskal Herritarroken ordezkari izan zenean horiegin zuela gaineratu du. «Euskal Herritarroken garaian EAJ eta EA alderdiekin akordio bat izan genuen, eta lan pila egin genuen».
Jarrera oztopatzailea
Diputatu agiria jasotzeko «ezinbestean» bi dokumentu aurkeztu behar dira. Bata, errenta aitorpena. Bestea, jarduera aitorpena. «Azken 32 urteetan EHUko irakaslea eta ikertzailea naizela esan nuen. Era berean, diputatu izanagatik soldatarik kobratu ez duela erantsi du: «Nire soldatari uko egin nion. Justifikazioa oso argia zen, nik unibertsitatean daukatsoldata».
PP alderdiak Amaiur koalizioarekiko duen jarrera salatu du Xabier Mikel Errekondo koalizioko diputatuak: «PPko gobernuak hasieratik izan du jarrera oztopatzailea». Horren adibide gisa jarri du Amaiurri talde parlamentarioa ukatu izana. «Parlamentuko gainontzeko alderdi guztien iritziaren kontra Amaiurri talde parlamentarioa izateko eskubidea ukatu zigun», gaitzetsi du. Era berean, galdegin du ea nola den posible hainbat diputatuk jarduera bat baino gehiago uztartzea.
Gobernuak koalizioari eragozpenak jarri arren lanean segituko dutela gaineratu du: «Euskal Herriaren nazio aitortza eta herritarron erabaki eskubidea ditugu helburu. Horrez gain, gatazkaren konponbidean «ekarpenak» egiteko borondatea dutela adierazi du.
Instituzioetatik at ere politikan jarraituko du Antiguedadek
Amaiur koalizioko ordezkariak diputatu jarduera irakasle jarduerarekin uztartzea izan du helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu