Instituzioei dei egin die Iparraldeko AEK-k: «Prekaritatean bizi gara»

Helduen euskalduntzerako erakunde publikoek ematen ez dituzten laguntzak langileen lansariekin konpentsatzera behartuak direla salatu dute. EEPren aurrekontua bikoiztea nahi du Konfederazioak

AEK-ko kideak, atzo goizean, Baionan egin zuten agerraldian. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Alarma gorria piztu du Ipar Euskal Herriko AEK-k. «Urgentzia ekonomikoan gara. Egiturak irauten du AEK-ko langileek prekaritatean lan egiten dugulako. Ez da gehiago jasangarria. Bizitzeko arazoak sortzen dizkigu», adierazi du Amaia Beirie zuzendaritzako kideak. Prentsaurreko masiboa egin zuten atzo goizean, Baionan, bizi duten egoera azaldu eta erakunde publikoei babesa eskatzeko. «Hizkuntza politikan estrategikotzat jotzen da helduen euskalduntzearen erronka, baina gure aurrekontuaren %30 baizik ez digute bermatzen», salatu dute. Hautetsiei dei egin diete erabakiak har ditzaten. «Duinki lan egin behar dugu».

Euskara dohainik ikasi ahal izatea aldarrikatu zuen AEK-k apirilean Donibane Garazin, eta helburu horri atxikiak direla azpimarratu du Beiriek: «Euskara ikastea eskubide bat da: ez da erosten. Baina ikasleak ez dira lagunduak; ondorioz, AEK-k konpentsatzen du». Biziki prezio apalak proposatzen ditu Ipar Euskal Herriko AEK-k, ordua 2 eta 2,9 euro artean. «Gure jarduera defizitarioa da. Diru laguntzetan konpentsaziorik ez bada, paretaren kontra goaz». Aurrekontuaren %80 lansarietara bideratzen dute. «Urtez urte gero eta gehiago tinkatzen dugu». Gaur egun AEK-n lanean hasten den batek 1.400 euroko hamabi sari ditu; hogei urteko antzinatasuna duenak, 1.700 eurokoa —1.329 eurokoa da gutxieneko soldata Ipar Euskal Herrian—.

Bi diru laguntza daude helduen euskalduntzerako: ikasleei ematen zaizkien bekak eta egiturari ematen zaizkion laguntza zuzenak. Garai batean, Errobiko eta Zuberoako herri elkargoek beka batzuk ematen zituzten, baina Euskal Hirigune Elkargoa sortu denetik «lurperatuak» izan direla esplikatu du Beiriek. Prestakuntza trinkoak segitzen dituzten ikasleak laguntzen ditu gaur egun EEP Euskararen Erakunde Publikoak: urtean hamabost ikasle bakarrik.

Egoera nolakoa den ikusteko, komeni da Hego Euskal Herriko AEK-k dituen baldintzekin alderatzea. Xabier Garzia AEK-ko artezkaritzako kideak eman ditu azalpenak. «Guk nahi baino motelago badoa ere, azken urteetan urrats esanguratsuak egin dira». 2021eko apirilean akordioa lortu zuten Eusko Jaurlaritzarekin udal euskaltegien lan baldintzetara hurbiltzeko, eta, gaur egun, AEK-k dituen gastuen %60 eta %70 artean hartzen du bere gain administrazio publikoak. Ikasleek dituzten laguntzak ere azpimarragarriak dira: B2 maila arte, matrikulazioaren gastuak itzultzen zaizkie maila lortzera iristen badira. Nafarroan, UPNren gobernuarekin garai gogorrak bizi ondoren, 2015ean izan zen aldaketa, eta, gaur egun, bi milioi euroko laguntza eskuratzen dute herri ekimeneko euskaltegiek. Ikasleek aukera dute matrikularen erdia errekuperatzeko eskoletara joaten badira. Hala ere, ikasleek dirua aurreratu beharra deitoratu du Garziak, eta Nafarroan euskararen estatusean urratsak egiteko beharra nabarmendu du.

Ipar Euskal Herrian, AEK-k EEPtik eskuratzen du diru laguntza bakarra: 520.000 euro urtean. Duela bost urte emendatze bat lortu zuten, baina ordutik berdinean dirau. Beiriek azpimarratu du, gainera, diru laguntza ez dela jardueraren araberakoa. «Ikasle kopurua gora doan heinean pobretzen ari gara». Uztailean izan zuten bilkura EEPrekin, eta «entzunak» izan zirela diote, baina erantzunak ez zituen ase: kutxak hutsak direla, dirua banatua dela eta aurrekontua mugatua dela. «Aterabideak behar ditugu, prekaritate honekin ezin dugu segitu», berretsi du Ihintz Oliden Ipar Euskal Herriko AEK-ko koordinatzaileak. Bide beretik jo du Garziak ere: «AEK-k lan bera egiten du Euskal Herri osoan. Ez zaigu bidezkoa iruditzen langileen eta ikasleen baldintzak hain desberdinak izatea lurraldeen arabera».

1.630 ikasle aurten

Etengabe handituz doa Ipar Euskal Herriko AEK. Hamalau gau eskola ditu Hendaiatik (Lapurdi) Maulera (Zuberoa), eta 1430 ikasle biltzen dira horietan. Formakuntza profesionalean ere ari dira: 150 ikaslek ikasten dute euskara lanorduetan Xede taldeen bidez, eta beste 50ek sei hilabeteko ikastaro trinkoetan. Orotara, 1630 ikasle dituzte, eta 28.100 talde oren eskaintzen dituzte -talde bati ematen dioten ikasketa orduari deitzen diote horrela-. Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetan erakunde publikoek talde oren bakoitzeko ematen duten laguntza esanguratsua da: Jaurlaritzak 40 euro ematen ditu orduka; Nafarroako Gobernuak, 39 euro, eta EEPk, 24 euro besterik ez.

Azken urteetan kontratazioan eta prestakuntzan «indar berezia» egin dutela azpimarratu du Olidenek. Frantziako Estatuak formakuntza zentroei ematen dien Qualiopi kalitate ziurtagiria lortu dute berriki, adibidez. Gaur egun, 70 langile ditu egiturak. «Hizkuntza politika proiektuan helduen euskalduntzeak dituen erronka handiak azpimarratuak dira. AEK horretarako prest da».

EEPren aurrekontua

Sebastien Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak esplikatu du AEK ez dela kasu bakana Ipar Euskal Herriko euskalgintzan, eta EEPk betetzen duen funtzioa esplikatu du. Erakundeak berak eramaten dituen lan ildoak daude batetik, eta beste eragileen esku uzten dituenak bestetik. Horiei begira «erreferente» izateko ardura du egitura publikoak, mota guzietako laguntza emanez; horietan garrantzitsuena laguntza ekonomikoa. «AEK-k ez bezala, batzuek harreman onak dituzte, baina diru eskasia handia da; langileak prekaritatean dira beste egitura batzuetan ere».

Galdera ere egin du: «Zer zentzu du elkarlanean aritzeak ondoren dirurik ez bada EEPk ontzat ematen dituen eta batera eraikitako proiektuentzat?». Haren hitzetan, hizkuntza politika proiektua ez da «behar bezala» eramana. 2004an sortu zenetik ez da emendatu erakunde publikoaren aurrekontua. «Jauzi kualitatibo eta kuantitatibo bat behar da; orain da garaia», egin du deiadar Castetek. Euskalgintzaren iritziz, orain halako bi izan beharko luke EEPren aurrekontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.