Autonomia»: Gerlard Darmanin Frantziako Barne ministroak martxoaren 15ean jalgi zuen hitz hori, Korsikara egitekoa zuen bisitaren bezperan. «Autonomiaraino joateko prest gara», adierazi zuen Corse Matin Korsikako egunkarian. Ukrainaren inbasioak markatu Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpainarik gabeko kanpaina horretan Frantziaren meneko estaturik gabeko nazioen gaia agertu den momentu bakarrenetakoa izan zen. Yvan Colonna preso korsikarra hilzorian zegoen, mobilizazio eta istilu handiak gertatzen ari ziren Mediterraneoko uhartean; giroa baretzeko saiakera egin zuen Frantziako Gobernuak, lehia elektoralaren garaian.
Ikusi gehiago:BERRIAk hauteskundeen berri emango du gaur
Eta gainerako hautagaiak ere iritzia ematera behartu zituen. Sorpresarik gabe, frantziar nazionalismoaren ikurrak kontra mintzatu ziren, izan Marine Le Pen, Eric Zemmour, izan Fabien Roussel Frantziako Alderdi Komunistako hautagaia. Ezustean, proposamenaren alde agertu zen Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko hautagaia: «Autonomistek eta independentistek bi aldiz irabazi dituzte hauteskundeak, %70eko babesarekin; makurtzen naiz». Gainerakoek ez zuten kontrako iritzirik adierazi.
Eta Ipar Euskal Herrian? Euskal Hirigune Elkargoaren esparrua gainditu eta eskumen gehiagoko erakunde bat sortzeko beharra ikusten dute abertzaleek. Baina Parisen erabakien menpe dira aitzinamendu aukerak. Eta abertzaleetatik harago mobilizatu beharko dute, aitzinatu nahi badute.
Gaur egun badira Frantziako Estatuaren barruan estatus berezia duten lurralde batzuk. Itsasoz haraindiko kolonia gehienak antolatuak dira eskumen bereziak ematen dizkien Frantziako Konstituzioko 74. artikuluaren arabera. Lege bidez definitua da bakoitzak duen erregimena. Baina, funtsean, Kaledonia Berria edo Kanaky da zinezko autonomia duen lurralde bakarra. Eskumen legegilea du, eta erabaki oro libreki hartzeko gaitasuna du, estatuaren subiranotasunari lotuak direnak izan ezik; hau da, armada, justizia eta Polizia. Gainerakoarentzat, Frantziako Konstituzio Kontseiluaren kontrolpean dira. Polinesian ere lege bereziak onartzeko gaitasuna dute, baina betiere Frantziako Estatu Kontseiluaren zaintzapean. Beste lurraldeetan, haien estatus bereziek eskumen gehigarriak eman besterik ez dute egiten.
Korsikan ere estatus berezia dute 1982tik, urteetan garatuz joan dena, besteak beste eskumenei begira; garai hartan, lurralde elkargoa eta haren barneko bi departamendu zituzten. 2018tik estatus bereziko lurralde elkargo bakarrean bildu dituzte hirurak, Mediterraneoko uhartea gobernatzen duen erakunde bakarra osatuta.
Azken berezitasuna Alsazian egin dute. 2021eko urtarrilaren 1az geroztik, Europako Alsaziar kolektibitatearen barnean bildu dira lehenago ziren bi departamenduak. Kolektibitate berri horrek berariazko eskumenak ditu, departamendu batek berez dituenak baino zabalagoak eta Alsaziako berezitasunetara egokituak. Baina, berriki, bi departamendutan banatzeko xedea adierazi dute hautetsi andanak.
Korsikaren kasuan, Kanakyren ereduko autonomia estatutu bat kausitu nahiko lukete horren alde borrokan ari diren mugimendu nazionalistek. Ondoko asteetako indar harremanak eta hauteskundeen emaitzek eragina izanen dute negoziazioetan.
Urteetako aldarrikapen eta mobilizazioen ondotik, 2017ko urtarrilean gauzatu zen Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerarekin. 2010eko hamarkadaren hasieran estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko herri mobilizazio zabala antolatu zen, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoaren babesarekin, baina, Parisen ukoa ikusita, orduko hamar herri elkargoak batzea hobetsi zen azkenean.
Gehiengoaren bila
Nikolas Blain EH Baiko kideak zehaztu du Ipar Euskal Herriko instituzioa lortzeak bi alde zituela: lehena, lurraldearen aitortza, «mapan kokatzea»; bigarrena, Ipar Euskal Herriko erronkei erantzuteko tresna egokia sortzea. «Tresna ez dugu lortu, eta ez da sorpresa». EH Baikoek maiz duten «ekilibrista» jokoa aipatu du: «Kritikak entzun eta egin behar dira, errealitate batean oinarritzen baitira, baina Ipar Euskal Herri osoan egituratzea zalantzan ezarri gabe».
Blainek nabarmendu du testuingurua kontuan hartu behar dela Frantziako Gobernuak Korsikaren autonomiari buruz egin duen proposamena aztertzeko: «Proposamena ez da borobildua, eta Yvan Colonnaren heriotzaren testuinguruan egin dute, hauteskunde kanpainan eta landu gabe». Ohartarazi du azken bost urteetan Parisek ez diela jaramonik egin Korsikako aldarrikapenei, eta «mespretxuz» hartu dituztela. Hala ere, «interesgarria» izan daitekeela uste du: «Eduki aldetik, ikustekoa da zer den lotua hauteskundeei eta nola kudeatuko duten ondotik». Aurtengo Frantziako presidentetzarako hauteskunde kanpainan «nahiko eztabaida pobrea» izan dela salatu, eta erran du Frantziako Estatuaren meneko diren estaturik gabeko nazioen geroa ez dela «batere aipatu». Bilakaera instituzionalik gertatzekotan, Blainek argi du: «Lurraldeetatik eta herri mobilizaziotik etorriko da».
EH Baiko kideak oroitarazi du Korsikak 1982tik duela berezko instituzioa: «Ipar Euskal Herrian bost urte dira instituzionalki egituratu garela». Haren hitzetan, Korsikarentzat plazaratu den proposamena baliatu behar da Euskal Herrikoa hizpidera ekartzeko. «Abertzaleez gain, nehork ez du aipatzen Euskal Hirigune Elkargoaren koadroa gainditzea, eta abertzale batzuk ere ez dira ados». EH Baik barne eztabaida abiatua du, baina Batera plataforma ere berpiztu beharko litzateke, Blainen iritziz, abertzaleez gain eremu zabalagoa ukitzeko.
Hemendik aitzina, ondoko urratsa gogoetatzeko beharra ikusten du. Uste du Euskal Hirigune Elkargoan sufragio unibertsala integratzea izan beharko litzatekeela lehentasuna. «Demokrazia gehiago litzateke, hautetsi gutxiago biltzarrean, eta proiektu politikoen arteko konfrontazioa». Hori lortzeko, lege bat onartu beharko lukete Frantziako Asanblean eta Senatuan. «Frantziako Estatuan diren gurea bezalako XXL elkargoetan ber arazoa dute», zehaztu du. Guzientzat baliagarri den lege bat izan liteke. Horrez gain, nabarmendu du abertzaleek estatus bereziko lurralde elkargo bat sortzea defendatzen dutela, Alsaziako eredua aipatuta: «Gure instituzioa departamendu mailakoa izan behar da gutxienez».
Demokratizatu eta zabaldu
Jean Telletxea EAJko Ipar Buru Batzarreko kideak zehaztu du Korsikaren autonomia proiektuak babes handia duela, eta abertzaleek %70eko indarra dutela instituzionalki. «Deitoragarria da Frantziako Gobernuaren proposamena bortizkeria handiko gertakarien ondotik iritsi izana, badelarik sei urte Gilles Simeoni presidente independentista elkarrizketak abiatzen entseatzen ari dela». Haren iritziz, «ezinbestekoa» da Korsikako proiektuak Ipar Euskal Herrian ere eragina izatea, eta azken urteetan «bozka abertzaleak» izan duen garapena aipatu du. «Goiz ala berandu, gure lurraldea ere bere bilakaera instituzionalari buruzko eztabaidan sartuko da».
Autonomia proposamenak EAJrentzat «karga politikoa» duela adierazi du. «Gure norma eta lege propioak erabakitzea da halako estatutu baten erronka nagusia, Frantziako berdinzaletasunaren testuinguruan». Lurraldeen berezitasunak kontuan hartu eta «aniztasunaren aurkako berdinzaletasuna» amaitu behar dela dio. «Adibidez, herritarren arteko berdintasunaren izenean eskualdeetako deitzen diren hizkuntzak legez aitortzea baztertzeak ez du zentzurik, justuki herritar horiek egoera ezberdinak bizi dituztelako. Zertan litzateke diskriminatua hizkuntza horietako bakar batekin ere loturarik ez duen paristar bat, bretoi edo korsikar batek bere lurralde hizkuntza koofiziala bihurtzen ikusiko balu?», galdetu du.
EAJko kidearen ustez, Euskal Elkargoaren esparrua gainditu egin behar da: «Gai izan behar dugu biak batera eramateko: Euskal Elkargoaren barne gobernantza benetan deszentralizatu bat behar dugu urgentziaz, eta Ipar Euskal Herriko gehiengoan oinarrituko den estatus bereziko lurralde elkargo baten aldeko dinamika bat behar dugu».
Lege bat Parisen
Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalak Parisen lege bat onartzea behar du. Parlamentariengana jo du BERRIAk, baina Max Brisson Errepublikanoetako senataria izan da erantzun duen bakarra. Valerie Pecresse Errepublikanoetako hautagaia «eskualdeen autonomia zabal baten aldekoa dela erran du, onartuta hautatua izateko aukera urriak dituela.
Molac legearekin bezala Frantziako Asanblean eta Senatuan gehiengoak lortzen saiatzeko borondaterik izanen lukeen galdetuta, kontrako diskurtsoa atxiki du Brissonek: «Gaur egun, Euskal Hirigune Elkargoa garatzeko momentua da; oreka hobea aurkitu behar da lurraldeen artean. Ez dut uste bere mugak erakutsi dituenik, baina posible da itsasontzia hainbeste konpetentziarekin kargatzea elkargoari kaltegarri gertatu izana. Pixkanaka aitzinatzea hobea izanen zen». Luze gabe bilakaera instituzional bat izateko aukerei bidea itxi die senatariak: «Ezin gara lauzpabost urte guziz egiturazko erreformak egiten aritu».