Aintzane Lasarte eta Anaitze Agirre Larreta. Hendaiako eta Irungo harrera sareko kideak

«Instituzio publikoek hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute»

Mugako kontrol arrazistak salatu dituzte migratzaileei arta ematen dieten Irungo eta Hendaiako elkarteetako kideek, eta bestelako migrazio politikak eskatu: «Hiltzea ez da migratzearen sinonimo bat».

Ezkerrean, Lasarte Etorkinekin elkarteko kidea; eskuinean, Agirre Irungo Harrera Sareko kidea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ipar eta Hego Euskal Herri arteko muga zeharkatzen duten migratzaileen egoera salatzeko, mobilizazioa egingo dute bihar. Irungo (Gipuzkoa) eta Hendaiako (Lapurdi) udaletxeetatik abiatuko dira bi manifestazio, 17:00etan, eta Santiago zubian elkartuko dira. Harrera sareko kideak dira Aintzane Lasarte (Caracas, Venezuela, 1955) eta Anaitze Agirre Larreta (Lazkao, Gipuzkoa, 1972), eta mobilizaziora batzeko deia egin dute. Bidean izandako babesa nabarmendu dute, bereziki mugimendu feministarena.

Larunbatean manifestaziora deitu duzue. Bertan, besteak beste, migratzaileei egiten zaien harrera salatuko duzue. Nolakoa da?

ANAITZE AGIRRE: Zapaturako gure mezua, leloa da, hitzetatik ekintzetara. Erakundeen arteko mahaiak harrera egiteko asmozhasieran ezarritako irizpide berberak aplikatzen jarraitzen dute, edo soilik apur bat zabaldu dute. Ez dira migratzaileen interesak guztiz kontuan hartzen. Azkenean, jendea kanpoan uzten da. Alderantziz egin behar dute: errealitate bat duzu, eta errealitate horri irtenbide bat emango dion neurriak hartu, ez aldrebes.

AINTZANE LASARTE: Iparraldean ere 2018tik hasi dira gauzak larritzen, eta hainbat elkarte sortu ziren. Diakite eta Etorkinekin izan ziren lehenak. Baionan Pausa harrera zentroa sortu zuten, eta elkarteek laguntzen zuten. Baziren boluntario anitz migratzaileekin egoteko denbora hartzen zutenak. Orain, abendutik edo, pasaerako leku bihurtu da. Horrek esan nahi du hiru egunez geratu behar direla. Elkarteekin desadostasunak izan ziren, eta dagoeneko ez daude hor, Euskal Hirigune Elkargoak kudeatzen du. Dauden langileak ez dira nahikoak, eta arratseko zazpietarako ixten dute zentroa. Urria da langileen ordutegia eta dedikazioa. Profesionalizatuta dago. Pasaerako gune bihurtu da.

Ezarritako irizpideak baztertzaileak dira, beraz?

A.A: Bai.Irungo Harrera Sarean, hogei kasu artatu ditugu maiatzean, kalean utzi dituztenak. Apirilean, batez beste, pertsona bat utzi dute. Eta egon da tokia aterpetxean; ez da ez dagoelako baliabiderik. Horrela, jendea burutik lehertzen ari da, psikologikoki lehertzen. Pasatu dituzte Kanariak, edo Mediterraneoa, edo Ceuta eta Melilla; iristen dira hona, eta ikusten dute hor dutela muga, 60 metrora, eta esaten dute: 'Ba, hori pasatu ahalko dut'. Horrela geratu zen bat bidean larunbatean, eta orain dela hilabete bere buruaz beste egin zuen beste batek, toki berean.

Euskadin harrera egiten ari dira, bai. Baina behar bezala egiten ari dira? Ez. Bitartekoak badaude? Bai. Egin dezakete gehiago? Bai. Asteburu honetan, Eusko Jaurlaritzak, Irungo alkateak eta bestek izugarrizko hitz positiboak esan dituzte, diskurtsoa oso ona izan da: hau konpondu beharra dago. Orain eskatzen dieguekintzetara pasatzeko. Instituzio publikoek hitzetatik ekintzetara pasatu behar dute.

A.L: Herri mugimendua badago, eta elkarteak eta herritarrek lan handia egiten dute. Administrazioan dago benetako muga. Frantziako politikak agintzen duena egiten dute, eta oso modu irregularrean egiten da. Mugan kontrol zorrotzak egiten dituzte, eta oso zaila da errepidetik pasatzea. Bistan da ni pasatzen naizenean ez dagoela arazorik, baina nik aurpegi zuria dut. Beste aukera bat ibaia izaten da. Migratzaileek beste modu batzuk topatzen dituzte, arriskutsuagoak direnak.

A.A: Jendea ari da mobilizatzen, anonimoki edo taldeetan; elkartasun handia dago, eta laguntzeko prestasuna. Baina errepikatu nahi dut; apirilean 30 kasu artatu ditugu, kanpoan utzi dituztelako. Hori da hemengo errealitatea.

A.L: Guk ez ditugu zenbatu, baina hori baino gehiago dira.

Mugako kontrolak ere kritikatu dituzue.

A.A: Migratzaileen ehiza egiten ari dira, pertsonen ehiza. Eskubideak jazarriak dituzte. Zirkulazio askatasuna urratzen zaie. Egiten dituzten kontrolak arrazistak dira.

Borondate politikoa falta da?

A.A: Badakigu batzuek eskumen batzuk dituztela, eta beste batzzuek besteak. Horregatik diogu politika egiteko imajinazioa erabiltzeko. Badaude instantzia desberdinak, baina talde berekoak; ezin dute beraien artean komunikatu eta zerbait aldarazi? Europa entelekia moduan erabiltzen dute. Jendeari buruan muga bat sartzen diote, eta hori tranpa egitea da. Egin dezagun gurean ahal duguna eta gehiago. Imajinazioa eta borondatea jar dezatela. Hitzak badituzte, ekintzak behar ditugu. Jendeari erantzun bat eman behar zaio. Politika hauetan bakoitzak bere harritxoa jartzen du, oztopoa, batzuek handiagoa eta beste batzuek txikiagoa. Denek dute ardura.

Beharrezkoa da migrazio politikak aldatzea?

A.A: Noski. Arazoa ez da immigrazioa. Immigrazioa egiturazko fenomeno bat da. Jende hau bizitza salbatzeko dator, edo bizitza hobeago baten bila. Eta guk ere badugu han bizi izaten ari direnaren nolabaiteko erantzukizuna. 2015ekoa ez zen errefuxiatuen krisia izan. Europako migrazio eta asilo politikaren krisia izan zen. Egiten den harrera politika da problema.

Mugen militarizazioa eta kontrol arrazistak ere hor daude. Militarizazioan eta teknologian dirua dago. Ceuta eta Melilla militarizazioaren laborategi bat dira, hor interesak eta dirua daude. Baina jendeak etortzen jarraitzen du, beharra dutelako; orduan, zertarako behar dira kontrol hauek eta kontrol politika arrazista hauek? Alternatibak daude beste politika batzuk egiteko. Ez dira ezinezkoak. Egiteko beste modu batzuk daude, errealak, eta ez idealak; eta badaude esperientziak. Udalak ere izan daitezke erreferente. Zertan ari gara? Ez dezatela esan Europaren kontua dela. Erakundeek ahal duten guztia egin behar dute, eta mugitu.

Manifestazioan egungo politika arrazistak salatuko dituzue. Iragan larunbatean, migratzaile bat hil zen Bidasoa ibaian. Bezperan esan zenuten horrelakoak gertatuko zirela.

A.L: Profetikoa izan zen.

A.A: Hitzak jango nituzke. Izugarrizko kolpea izan zen. Orain dela hilabete ere esan genuen, aurreneko hildakoa agertu zenean, puntu bertsuan, hori ez zela kasualitatea. Jendea etsita dago, eta edozer gauza egiten du muga pasatzeko. Iragarri genuen, ikusten genuelako momentu batean edo bestean gertatuko zela.

A.L: Eta azpimarratu nahi dut. Hitz egiten bada larunbatean ito zen pertsona horri buruz, badu izena eta abizena: Yaya deitzen zen, Boli Kostakoa zen, eta 28 urte zituen. Pertsona bat da, ez zenbaki bat.

Argi esan zenuten: «Ezin da egoera normalizatu».

A.A: Hiltzea ez da migratzearen sinonimo bat. Hori gezurra da. Eta hori ezin dugu normalizatu. Bi daramatzagu. Nahikoa da, honaino iritsi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.