Kukutza hustu osteko istiluen inguruko epaiketa hasi da Bilbon, inputatuen deklarazioekin, eta, lehenengo saioan, adierazi dute ez zutela istilu horietan parte hartu, ez zutela zaborrontzirik irauli, ezta Poliziari ezer jaurtiki ere, eta ertzainen oldarralditik ihes egiten ari zirenean edo inguruko denda edo atarietan babesten saiatzen ari zirenean atxilotu zituztela.
Hemeretzi inputatuetatik hamazortzik deklaratu dute —bestea Euskal Herritik kanpo dago uneotan—, eta denek erantzun diete fiskalaren zein abokatuen galderei. Gertaerak 2011ko irailaren 23an izan ziren, Kukutza hustu eta hiru egunera. Inputatuetako batzuk 17:00 edo 17:30 inguruan atxilotu zituzten, eta beste batzuk, 20:00ak baino minutu batzuk lehenago —ordu horretan manifestazio bat antolatuta zegoen Errekalde auzoko gaztetxearen eraispenaren kontra—. Kasu guztietan, atxiloketak 20:00ak baino lehenago izan ziren, eta ordu horretatik aurrera izan ziren istilurik larrienak.
Batzuk erori egin ziren ihesean zebiltzanean, eta horregatik harrapatu zituzten; hainbat gazte auzoko denda eta saltokietan gorde ziren eta han atxilotu zituzten. Azkenik, hiru lagunek hogei minutu inguru eman zuten atari batean, istiluak noiz amaituko zain, eta ertzainak hara sartu zirenean eskaileretan atzeman zituzten.
Lasterka zihoazela
Puntu horretan bat etorri dira inputatu guztien deklarazioak: ertzainak pilotak jaurtikiz eta jarrera oldarkorrean hurbiltzen zirela ikustean, ihesari eman zioten, beldurturik. «Polizia datorrela ikusten duzunean, inori ez zaio burutik pasatzen geldirik egotea», azaldu du inputatuetako batek. Fiskalak gazte guztiei galdetu die ea zergatik atxilotu zituzten beraiek, arrapaladan irten zirenak ehunka izaki. Gazte gehienen erantzuna argia izan da: korrikaldian laprast egin edo erori egin ziren, eta hori dela eta errazagoa zen beraiek harrapatzea korrika jarraitzen zutenak baino. Haien esanetan, hori izan zen atxilotuak izateko arrazoia, eta ez lehenago delituren bat egiten ikusi zituztela. Akusatuetako batek esan du zoruan zegoelarik burua besoekin babestu eta «nik ez dut deliturik egin» oihu egin zuela. «Bai, korrika egitea behar ez zenuenean», erantzun zion ertzain batek.
Fiskaltzaren hasierako zigor eskaera hamazortzi eta 30 hilabete artekoa zen bakoitzarentzat, gehi zortzina hilabeteko beste zigor bat bi inputaturentzat erresistentzia egotzita. Dena dela, epaiketaren hasieran eskaerak aldatu ditu fiskalak: inputatuetako bati erresistentzia egin izanaren akusazioa kendu dio, eta beste bati, berriz, zigor eskaera murriztu dio. 30 hilabeteko zigorra eskatzen zioten, aurrekariak zituelakoan, baina abokatuek aspaldi esan zuten ustezko aurrekariak gaizki zenbatuta zeudela, eta azkenik fiskalak onartu du abokatuen arrazoibidea. Edozein modutan, gazte horren kontrako hamazortzi hilabeteko zigor eskaera mantendu egiten da, gainerakoen kasuan bezala.
Deklarazioak hasi aurretik, abokatuek zenbait froga aintzat hartzeko eskatu dute; zehazki, bideo grabazio bat, inputatuetako baten atxilotzea jasotzen duena eta erakusten duena ez ziela ertzainei kontra egin, eta suhiltzaileen txostena, frogatzeko egun hartan izandako sute eta zaborrontzien erreketa guztiak inputatuak atxilotu ostean gertatu zirela, baina epaileak ez ditu froga horiek onartu.
Iñaki Carrok, inputatuen defentsan aritzen diren bederatzi abokatuetako batek, erabaki horrekiko desadostasuna agertu du: «Helburua baldin bada arratsalde hartan zer gertatu zen jakitea, froga horiek aurkeztu ahal izatea garrantzitsua zen, nahiz eta epaileak gero erabaki ez dituela kontuan hartuko; baina helburua baldin bada agenteek diotena besterik gabe ontzat ematea eta aurrera egitea, orduan, sobera daude froga guztiak».
Carroren ustez, lehenengo saioan «argi» gelditu da zer gertatu zen egun hartan: «Atxiloketa batzuk egin behar zituzten, eta erortzen zirenak edo dendetan babesten zirenak harrapatu zituzten. Gero ziegetatik joan ziren, nola zeuden jantzita ikusteko, eta polizia txostena 01:00etan idatzi zuten. Ez dut uste hori froga nahikoa denik inor espetxera bidaltzeko».
Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute epaitegiaren aurrean, Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez leloa zuen pankarta batekin. EH Bildu, Udalberri eta Ganemos Goazen Bilboko hautetsiak egon dira elkarretaratzean, inputatuei elkartasuna adierazteko.
Gaur etenaldia izango du epaiketak, eta bihar jarraituko du. Seguru asko, azken saioa izango da biharkoa, epaileak asmo hori adierazi baitu. Hori ere kezkaz hartu dute abokatuek: «40 lekukok deklaratu behar dute, horien artean ertzainek, eta epaiketa hain azkar amaitu nahi badute, beldur gara ez digutela utziko ertzainei nahi duguna galdetzen», esan du Carrok.
Inputatuek ukatu dute Kukutzaren inguruko istiluetan parte hartu izana
Ertzaintzaren oldarralditik ihesi edo babestu nahian zebiltzanean atxilotu zituztela deklaratu dute.Elkartasun elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegiaren atarian.Epaiketa bihar amaituko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu