Beatriz Akizu eta Mario Zubiaga. Eusko Ikaskuntzako XVIII. Kongresuko Batzorde Zientifikoko bozeramaileak

«'Input' herritarra ezin da mugatu hauteskundeetara»

Herritar foroen ondorioak Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen esku utzi ditu Eusko Ikaskuntzak. Zubiagaren eta Akizuren esanetan, proiektuekiko «errespetua» da topalekua.

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Azken asteetan, galtzak bete lan ibili dira Beatriz Akizu (Soraluze, Gipuzkoa, 1969) eta Mario Zubiaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1963). Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak eskatuta, herritarren foroak antolatu zituen Eusko Ikaskuntzak ekainean, eta Akizuk eta Zubiagak aurkeztu zuten ondorioak biltzen dituen txostena lantaldean, irailaren 26an. Aldi berean, mendeurreneko kongresu betean da Eusko Ikaskuntza; Baionan ekin zioten, urriaren 5ean, eta Oñatin (Gipuzkoa) egingo dute azken saioa, azaroaren 23an. Bertan proposatuko dituzte etorkizunean landu beharreko agendak.

Herritarren foroetan jasotakoekin txostena aurkeztu duzue Eusko Legebiltzarrean. Zeintzuk dira ondorio nagusiak?

MARIO ZUBIAGA: Adolfo Suarezek esan zuen: «Egin dezagun normal erakundeetan jada normala dena kalean». Esaldi horrek oso ongi laburbiltzen du, jendearekin zuzenean hitz eginda eta jende ezberdina elkartuta, zenbateraino ateratzen diren eduki zentzudunak, jendeak natural darabiltzanak egunerokoan, eta gero zer arazo dagoen erakundeetan normalizatzeko. Orduan, zein da oztopoa, gure elite politikoak? Interes alderdikoiak?

BEATRIZ AKIZU: Parte hartzaileen ikuspegitik, horixe da azpimarratu zena; zein erraz den posible hitz egitea adostasun aukeren inguruan, zein gustura aritu diren, eta jarraitzeko gogoa dagoela.

Hiru galderatan banatu zenuten saioa: «Nor eta zer gara? Nolakoak izan nahi dugu? Nola antolatzen gara?». Erantzunak?

M. Z.: Nagusiki, adostasuna dago proiektu kolektibo guztiekiko errespetuan eta zilegitasunaren aitortzan. Elkarri aitortzea zure proiektu politikoak nireak bezain legitimoa eta gauzagarria izan behar duela.

B. A.: Beste bat da kontzeptu askotan sakontzeko premia dagoela; kontzeptu askok ideia polisemikoak gordetzen dituztela, eta horietan sakontzeko gogoa zutela parte hartzaileek.

M. Z.: Jendeak horrelako esperientziekin jarraitu nahi du, kontzeptu batzuk eguneroko eztabaida politikoan erabiltzen direlako arma politiko gisa: nazioa, burujabetza, estatua... baina zer ondorio du nazio edo estatu izateak? Jendeak jakin nahi du kontzeptu horiek zer esan nahi duten.

126 lagunek hartu zuten parte. Interes falta dago? Baliabide falta egon da?

B. A.: Hori arrazoi bat da. Oso epe motzean halako prozesu bat aktibatzea, larunbat goiz batez, oso tarte txikia da. Edonola ere, arlo kuantitatiboan baino, kualitatiboan jartzen dugu arreta,kualitatiboak bermatzen baitu gutxiengoa presente egotea ariketa honetan.

M. Z.: Ulertu behar da zer den demokrazia parte hartzailea, eta gure klase politikoak ez du ulertzen; ez daki. Demokrazia parte hartzailea ez da logika kuantitatiboa; horretarako daude hauteskundeak eta erreferendumak. Partaidetza prozesuen kalitatea neurtzeko gako argienak dira iritziak heterogeneoak diren, horien artean eztabaida deliberatibo txukun bat egon den.Irizpide horiek badaude txostenean; prozesu parte hartzaile moduan, estandar guztiak bete ditu. Nahiko genukeen 600 lagun biltzea, baina horrek ez lioke gehiago emango emaitzari.

Txostenean bertan aipatzen da «partaidetza une bat» izan zela, ez prozesu bat. Ikusten duzue aukerarik «une» gehiago gauzatzeko, ikusita estatus berriaren eztabaida parlamentarioa bidea egiten ari dela?

B. A.: Gure eginkizunari begira, prozesu fina izan zen. Parte hartzaileek ere oso ontzat jo dute. Honetan sakondu behar dugu, prozesu bat ireki, herritarrengana heltzeko gehiago ireki behar da, beste sektore batzuetara heldu. Herritarrek eurek esaten digute egin litekeela eskualdeka, gertutasuna bilatzeko.

M. Z.: Aukera hori aipatu genuen lantaldean. Bilera izango dugu Jone Berriozabalekin [Autogobernu Lantaldeko koordinatzailearekin] eta Andoni Iturberekin [legebiltzarreko legelari nagusiarekin], eskaintza hori egiteko udaberrira begira, beste metodologia parte hartzaile bat erabilita, herritarren epaimahaiak, kasurako. Autogobernuari buruzko eztabaida zabaltzen ari gara. Egun, munduan ez da ulertzen horrelako prozesu konstituziogile moduko bat herritarrekin ez egitea. Mundu osoan ditugu adibideak: Islandian, Latinoamerikan, Irlandan... Zergatik ez dugu egiten prozesu parte hartzaile txukun bat? Hori input bat da, ez bakarra, baina input herritarra ezin da mugatu hauteskundeetara eta, agian, amaieran erreferendum batera. Bada tartea, kalkulu politikoak alde batera uzten badira.

Zenbateraino datoz bat txosteneko ondorioak eta lantaldean onartutako oinarriak?

B. A.: Parte hartzaileek nahi dute hau aintzat hartzea. Lantaldean txostena aurkeztu genuenean, balorazioetako bat izan zen aintzat hartzeko agiri bat dela. Talde teknikoaren eginkizuna izango da forma ematea horri guztiari, baina kontuan hartzeko ekarpenak daude txostenean, oinarriekin uztartzen direnak.

M. Z.: Blokeka, ideia nagusi bat da proiektu guztiek izan behar dutela bidezkoak eta gauzagarriak. Beste eztabaida bat da artikulatuan nola islatzen den. Beraz, artikulatuan jaso behar duzu bide bat proiektu guztiak gauzagarri egiteko, belaunaldi batek ikusteko epeetan. Beste gaietan, argi dago eskubide eta askatasunetan norabide sozial nabarmen bat.

Esan liteke foroetan jaso zela estatus berriak izan beharreko espiritua?

M. Z.: Uste dut baietz. Eskubideen kasuan, argi dago eskubide sozialei, horiek bermatzeari eta gauzagarri izateko beharrari ematen zaion garrantzia. Autogobernuaren gaian ere adostasun zabala dago hura babestu, bultzatu, zabaldu, gaurkotu, indartu eta blindatzearen inguruan. Finean, adostasuna zabala da erabakitzeko eskubidea ikuspegi zabal batetik ulertzeko eran: estatus politikoa erabakitzeko eskubidea, estatus horretatik abiatuta eta printzipio demokratiko horren arabera antolatzeko zure esparru politikoa. Nola gauzatzen den printzipio demokratiko hori, beti dago legezkotasunarekin elkarrizketan. Ez da ukatzen legezkotasuna, esparru bat da, segurtasuna ematen du, baina ezin da oztopo edo muga izan borondate demokratikoa gauzatzeko.

Eusko Ikaskuntza autogobernuari eta gobernantzari buruzko gogoeta propio bat lantzen ari da. Badu asmorik proposamenik egiteko erakunde guztietan?

B. A.: Eusko Ikaskuntzak Euskal Herri osora begirako lana egiten du; gaiotan sakontzen, eztabaidatzen jarraituko du. Orain arte egindako guztiaren emaitza aurkezteko eta hurrengo urteei begirako agenda proposamenak egiteko momentu bat izango da kongresua. Agenda proposamen horiek Euskal Herri osorako izango dira, kontuan hartuta lurraldeen erritmoak. Eusko Ikaskuntzak deliberazioetan sakontzeko eta eraikitzaileak izateko tresna gisa aurkezten du bere burua. Konfiantza sareak josteko premia dago, eta, horretarako, bere burua eskaintzen du Eusko Ikaskuntzak.

M. Z.: Eusko Ikaskuntzak aukera ematen du gobernantza demokratikoaren eztabaida Euskal Herrian zabaltzeko. Horrek esan nahi du koiuntura zehatzaren, gehiengoen eta egoera instituzionalaren arabera eztabaida ezberdina izango dela EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, baina EIk aukera ematen du hori modu integralean aztertzeko. Kontua da nolabaiteko eztabaida konstituziogile bat zabaltzea Euskal Herri osoan, jakinda oraingoz ez duzula estaturik, eta eztabaida konstituziogile horrek asimetrikoa, malgua, deszentralizatua izan behar duela. Baina, finean, eztabaidatzen ari zara nola antolatu herria politikoki, eta jendearekin ari zara diseinatzen; hori da azpiko filosofia.

Zer bizitza izango du Liburu Zuriak kongresutik aurrera, apal batean gera ez dadin?

B. A.: Erabilgarria izatea nahi dugu; bidea egiteko oinarri bat izatea, ez elementu hil bat. 2019an hasiko gara sakontzen, baina nahi dugu edonork irakurtzeko, ulertzeko eta erabiltzeko tresna bat izatea, esparru ezberdinetan. Oso zehatza eta oso esplizitua izango da.

M. Z.: Liburu Zuria terminologia bat da. Horrekin adierazi nahi da dinamika bat abiatu nahi dugula, eta dinamika hori dela herri gisa hausnarketa bat zabaltzeko beharra, lurralde guztien, eragileen, erakundeen eta herritarren artekoa. Asmoa da herriari eta munduan izan beharreko kokapenari buruz hausnartzea. Hobetsi da Liburu Zuria eskematikoa izatea, eta jasoko du Liburu Berdetik datorren diagnostikoaren laburpen bat; zeintzuk diren jokalekuak eta erronkak; zeintzuk proposamenak; eta agenda bat gai bakoitzean, ez politika zehatzak.

Adibiderik?

M. Z.: Aipatu da euskal hezkuntza Euskal Herritik pentsatu beharra, eta, 2019an, aukera bat izan daiteke herri mailako eztabaida bat egitea sistema unibertsitarioaz, ikerketa sistemaz, ezagutzaz. Herri mailako erreferentzia batzuk edukitzea, finkatzeko balio eta asmo batzuk, ideologikoak, «hemendik goaz» esateko. Gero, politika publikoak ezberdinak izango dira gobernuz gobernu, baina gutxienik baduzu akordio zabal bat.

Liburu Zuria prest egongo da Oñatiko saiorako?

B. A.: Bai. 23an ardatz nagusiekin lotutako agendak aurkeztuko dira, eta, 24an, Eusko Ikaskuntzak adierazpen bat zabalduko du, etorkizunera begira. Mila lagunek baino gehiagok hartu dute partegogoeta prozesu osoan; hor energia bat dago. Asko dugu konektatzeko eta koordinatzeko, baina sortu den hori balio handikoa da.

Zer moduz hasi da kongresua?

B. A.: Oso pozik gaude. Erronka zen prozesu guztian parte hartu duten pertsonei eta kopuruei eustea, eta mantentzen eta gainditzen ari gara. Baionako irekiera oso adibide polita izan zen. Aurrenekoa, Iparraldean. Hurrengo saioetarako espazioak betetzen ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.