«Inpunitatez jokatu izan dute»

Desmilitarizazioaren aldarriaren bueltan antolatutako taldeek salatu dute ez dela amaitu Guardia Zibilaren «jazarpena»: «Alde egiteko exijentziak handiagoa izan behar luke gaur egun».

Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diaz polizia eta militarrak agurtzen, iaz, Guardia Zibilaren Fiteroko kuartelaren inaugurazioan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Altsasun (Nafarroa) gertatua ezin da testuingurutik kanpo ulertu. Hala ohartarazi du Ospa mugimenduak: «Ez gara egoera normalizatu batean bizi». Beste zenbait herritan ere sortu dira azken urteetan alde hemendik aldarriaren inguruko plataformak. «1980. urtetik gaurdaino jasan ditugu metrailatzeak, errepresioa eta jazarpena, kontrolak, jarraipenak eta legez kanpoko galdeketak, presoen aldeko itsulapikoen lapurretak, mehatxuak, herriko tabernaren eta txosnen aurkako erasoak, mozkorraldietako liskarrak...», ekarri du gogora Oñatiko (Gipuzkoa) Fan Hemendik mugimenduko Julenek. Susana Arregiren kasua —Irunberrin agertu zen hilda, 1990ean; —eta torturak ere aipatu ditu Oierrek: «Inpunitate osoz jokatu izan dute». Eusko Jaurlaritzaren arabera, gutxienez 3.060 lagun torturatu dituzte Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak.

Azkenaldian ere izan dira Guardia Zibilaren jokaeraren inguruko salaketak. Irail amaieran, esaterako, Elorrioko (Bizkaia) kontrol batean hiltzeko mehatxua egin ziotela jakinarazi zuen Iñigo Akaiturri euskal preso ohiak. Laudion (Araba), ezezagunek hango meskitari hainbat aldiz eraso ondoren, Guardia Zibilak kontrol bat jarri eta otoitzera zihoazenak miatu eta meskitako lehendakaria mehatxatu zuela salatu zuten iazko azaroan. Guardia Zibilak berak Eusko Jaurlaritzari emandako datuen arabera, 1.910 kontrol jarri zituzten iaz EAEn.

Nafarroan, agerikoa da kuartelen kontzentrazioa. Lekunberrin ere badute bat; hango Alde Hemendik mugimenduko Igorrek egoera «lasaiagoa» sumatu du azken bizpahiru urteetan. Orain arteko giroa, ordea, ez da hain barea izan, haren arabera: «Tabernetara eta guzti sartzen ziren sarekadak egitera, jendea gelditzen zuten, hartu eta goitik behera miatu... Herrian gaztetxea zegoenean, jazarpen gehiago zegoen haren inguruan ere». Oñatiko kideek, aldiz, ez dute aldaketarik sumatu guardia zibilen presentzian eta jarreran.

Altsasuko Ospa-koek emandako datuek erakusten dute handia dela polizia espainiarren presentzia Sakanako eskualdean: azken bederatzi hilabeteetan, 450 kontrol baino gehiago zenbatu dituzte. Aldarrikapen ugaritako mobilizazioen aurka jo izan dutela ere gaitzetsi dute.

Gaur egun, beste zenbait herritan ere taldeak badauden arren, Altsasun eta Oñatin dago indartsuen Alde Hemendik mugimendua. Duela hiru urte egin zuten saiakera aldarrikapena Euskal Herri osora zabaltzeko; nazio mailako deia egin zuten 2013ko ekainean, tokian toki mobilizazioak bultzatzeko. «Hor harremanak ehundu genituen, eta, gaur egun, horietako batzuk mantentzen ditugu», azaldu dute Fan Hemendik-eko Juelenek eta Oierrek: «Garbi dugu, arazoa nazionala den heinean, Oñatin bakarrik indar egitea ez dela nahikoa; harreman haiek berrartzeko eta elkarlanerako prest gaude».

«Okupazio militarra»

«Indar militar arrotzen okupazioa Euskal Herriko gatazka politikoaren ondorioetako bat da», Fan Hemendik-ekoen esanetan. Argi dute hori amaitu beharra dagoela, «hainbeste min sorrarazi» duen egoerari «aterabide justu eta zuzena» emateko: «Gatazkaren aro gordinenean ere exijentzia bat izan bada horri aurre egitea, gaur egun are exijentzia handiagoa izan behar luke».

Polizia ereduaren eztabaidan ere jarri du arreta Lekunberriko Igorrek: «Polizia eredu hori ez dugu nahi: okupazio instituzio militar bat da. Gainera, Nafarroan badago beste polizia bat. Hori ere ez zaigu gustatzen, baina guk erabaki nahi dugu zein eredu nahi dugun, hemen, Euskal Herrian, eta ez Madrildik inposatuta».

Altsasun, «poliziaren azpijokoa» salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur, 13:00ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.