Hiltzeko modu asko daude, eta modu ezberdinetan hil ziren Jose Miguel Andueza Elizalde, Roberto Perez Jauregi eta Antonio Goñi Igoa 1970ean. Hiru heriotzek, baina, badute lotura bat, Aranzadiko ikerlari Javier Bucesen esanetan: «Poliziaren ekintzen inpunitateak batzen ditu». Hark hiru euskal herritar horien heriotzak aztertu, ikertu eta liburu batean jaso ditu: 1970. Modos de matar y morir. Víctimas mortales del Franquismo en Gipuzkoa (1970. Erahiltzeko eta hiltzeko moduak. Frankismoaren biktimak Gipuzkoan).
1968. Gipuzkoa en estado de excepción (1968. Gipuzkoa salbuespen egoeran) eta Erandio, 1969. Sendatu gabeko zauria izan ziren bildumako lehen bi liburuak. Eta hirugarrenean ere, Frankismoko azken urteetako giza eskubideen urraketei heldu die Bucesek, «bigarren eta hirugarren mailako biktimak» protagonistatzat hartuta. Izan ere, ikerlariaren esanetan, urte haietan gertatutako «ezkutatzeko» asmo bat egon da, «herritarren aurkako errepresioaren» gorakada ez jorratzekoa. Eta hor kokatu ditu Anduezaren, Perezen eta Goñiren hilketak ere. Hirurak ere erakunde armatuekin zerikusirik gabeak, hirurak polizia frankistaren biktima.
Jose Miguel Andueza ekainaren 15ean hil zuen Guardia Zibilak, Donostian. Auto istripu bat izan ostean, guardia zibilak bertaratu zirela azaldu du Bucesek: «Dakigun hurrena da bi tiroz hil zutela». Bertsio ofizialaren arabera, hark labana bat atera zuten, eta poliziek bularrean tiro eginda erantzun. Halere, historialariak azaldu du ez dutela gertaeraren inguruko dokumenturik topatu. «Edo ez digute eskuratzen utzi».
Roberto Perez Jauregi, berriz, Burgosko prozesuaren aurkako manifestazio batean hil zuten Eibarren (Gipuzkoa), uztailaren 8an. Kasu hura «ongi dokumentatua» dagoela azaldu du Bucesek, eta tiro egin zion poliziaren izena ere badutela. «Halere, ez zuen inolako bide judizialik izan. Borreroa zigorgabe atera zen».
Bi horiek biktimatzat aitortu ditu jada Eusko Jaurlaritzak. Ez, ordea, Antonio Goñi. Burgosko prozesuaren harira ezarritako salbuespen egoera indarrean zela, Donostiako Parte Zaharrean atxilotu zuten. Torturatu eta espetxeratu egin zuten. Atera ostean, baina, bere buruaz beste egin zuen, abenduaren 21ean. «Ni txakur hauek hil naute», utzi zion idatzita bere emazteari.
Nola kontatu
Lanak EHUren babesa izan du, eta unibertsitate hartako Zuzenbideko irakasle Eneko Etxeberriak haren garrantzia nabarmendu du: «Gustatuko litzaiguke ikerketa hauen beharrik ez izatea, epaileek egitea justizia, baina badakigu herri honetan batzuentzat ez dela posible». Hala, Bucesek idatzitako liburuak «arrastoa eta injustizia baten lekukotza» uzteko balioko duela azaldu du, biktimen senideek «urtetan sufritu duten samina» arintzeko: «Berandu da, baina balio dezala justizia pixka bat egiteko».
Gertatutakoa kontatzeko ere modu ugari daude, eta Bucesek Aranzadiren ekiteko modua nabarmendu du horien artean. Ikerlariak azaldu du artxiboetan miaketan aritzea dela historialarien egitekoetako bat: «Artxibo historiko, zibil eta militarretan bilatu, eta informazioa kontrastatu: gerra kontseiluak, polizia txostenak, heriotza aktak...». Lana, baina, ezin da hor amaitu: «Ez da nahikoa». Ez, behintzat, «ahaztuen» historiaren gainean lan egiten denean, eta hala ziren Andueza, Perez eta Goñi.
Horregatik, informazioa testuinguruan jartzearen eta biktimen ingurukoekin kontrastatzearen garrantzia nabarmendu du historialariak, gertatutakoa senideek etxean dituzten paperekin eta argazkiekin zein testigantzekin josteko: «Historia lanetik atera eta emaitzak humanizatu nahi baditugu, senideen testigantzak oso garrantzitsuak dira». Halere, ikerlariak azaldu du horrek lehenbailehen lan egitea eskatzen duela, halako kasuak aztertzeko orduan denborak «azkar» egiten duelako aurrera, testigantzak jasotzea gero eta zailago eginez.
Lan egiteko era hori eskertu diete biktimen senideek Bucesi eta Aranzadiri. «Gu, senideak, artatzeaz arduratu da, gu honen parte izateaz», azaldu du Bucesi buruz Jorge Perezek, Roberto Perezen anaiak, eta gehitu lanak «jasandako injustizia eta inpunitatea» azaleratzeko balio duela. Hala adierazi du Lourdes Salsamendik ere, Antonio Goñiren ilobak, eta senideen artean bazekitena plazaratzea babestu du: «Nire familiak bazekien Antoniok bere buruaz beste egin zuela ezin izan zuelako eraman pasarazi zioten guztiaren zama».
Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) alkate Maria Saez de Albenizek eta Berako (Nafarroa) Aitor Elexpuruk, berriz, memoria lantzeko eta «ahantzien oroimenaren» alde lan egiteko asmoa azaldu dute, «egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatu» eta «bizikidetzan aurrerapausoak emateko». Udalerri horietakoak ziren, hurrenez hurren, Antonio Goñi eta Jose Miguel Andueza.