Helene Devynck. Kazetaria eta idazlea

«Inpunitatea da sexu erasoak ahalbidetzen dituen bazka»

Kamera, behingoz, biktimengana itzultzea. Asmo horrekin idatzi du 'Impunite' liburua Devynckek. Frantziako 'Me Too afera' zabaleneko biktimen begiradatik behatu dio inpunitatea ahalbidetu duen sistemari.

GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Baionako Chez Simone liburutegi feministan ordua eman du Helene Devynckek (1966, Paris). Impunite (Inpunitatea) haren liburua aurkeztera etorri da. Patrick Poivre d'Arvor PPDA Frantziako telebistako aurkezle izar ohiak bortxatu zuela salatu du, eta harekin batera salatu dutenen lekutik mintzatu nahi izan du. Kazetaria da Devynck, eta TF1 katean aurkezlearen albistegiak idazten lan egiten zuelarik bortxatu zuen PPDAk.

Devynckek Nora Arbelbide BERRIAko kazetaria ondoan zuela egin du elkarrizketa, biek hitzaldia eman baitute elkarrekin; Arbelbidek ere salatu du PPDA, sexu jazarpenagatik. Orain, talde handia osatzen dute haren biktimek: 23 salaketa izan dira, baina ehun bat lekukotasun bildu dituzte orotara.

Zergatik eta zertarako idatzi duzu Impunite liburua?

Nire salaketa segida gabeko afera gisa sailkatua izan ondotik hasi nintzen liburua idazten. Iruditzen zitzaigun debaldetan mintzatu ginela, nehork ez gintuela aditzen. Justiziak gure lekukotasunak zikinontzira bota balitu bezala. Alta, 23 emakume ginen gauza bera kontatzen: istorio bera, jestu berak, hitz berak, gizon bera. Iruditzen zitzaigun zaila zela loturak ez ikustea.

Hedabideetan ere eman zenituzten lekukotasunak.

Lekukotasuna eman eta, gutariko batzuk jendaurrean mintzatu ziren, baina, umiliazio juridikoaren ondotik, prentsan ere ez genuen oihartzunik izan. Le Monde egunkarian iritzi bat publikatu genuen zortzi emaztek —Nora [Arbelbide] izan zen izenpetzaileetariko bat—, eta ez genuen oihartzun mikorik izan. Orduan pentsatu nuen beste molde batez kontatu behar zela istorioa, eta liburu batek ahalbidetzen zuen kamera gure aldera itzultzea. Prentsan bera [PPDA] baizik ez zuten aipatzen. Liburuaren helburua da gu ikusaraztea.

Aferak ertz anitz ditu, baina inpunitatea eman diozu titulu gisa liburuari. Zendako?

Uste dut inpunitatea dela sexu delituak ahalbidetzen dituen bazka. Gure lekukotasunak 1981ean hasten dira, eta egun arte badira: hamarkadetan ibilbide kriminala izan du neholako oztoporik izan gabe. Beraz, ez da bakarrik gizon baten arazoa: sistema oso baten arazoa da.

Zerk eraikitzen du inpunitatea?

Liburuan kontatzen dudana hori da. Hasteko, mitoak badira; irudikatzen dugu bortxatzailea gauaz aparkaleku bateko ezezagun baten gisa... Telebistako izar bat, hain zuzen, irudi horren kontrakoa da. Sozialki eta kulturalki ez dugu hori irudikatzen ahal; beraz, bortxatzaileari ez zaio deus gertatzen. Biktima gisa ere, kolektiboki elikatuak gara errealitatea ikustea eragozten diguten irudiz.

Botereak inpunitatea laguntzen du?

Bai; [PPDA] sistema bateko gizonik boteretsuena izan da. Ez dakit nola deskriba genezakeen haren boterea. 90eko urteetan, ni bortxatu ninduelarik, telebista kazetaritzako hiru erredakzio baizik ez ziren Frantzian; kazetariontzako ez zen leku anitz, eta, parean, bera ezin eztabaidatuzko izarra. Erromantizismoa irudikatzen zuen, seduktore bat frantses erara... Emazteak maite zituen gizongisa ikusia zen. Baina ez zituen emazteak maite, suntsitzen zituen.

Liburuan diozu bertigoa ematen duela mintzatzeak. Nola gainditu duzu hori?

Hasteko, uste dut biziki inkontzientea nintzela lekukotasuna eman aitzin. Ez nuen espero bide horrek elkarrizketa honetaraino eramanen ninduenik. Florence Porcelek salaketa jarri eta ondoko bi asteetan gizonaren defentsa baizik ez zen entzuten. Hortik egun batzuetara, bera [PPDA], Quotidien telebista emankizunean agertu zen aingerutxo baten gisa, erranez bera zela eragiten zigun desiraren biktima. Orduan erran zuen: 'Nehor ez da niregana etorri begietara begiratuz zerbait gaizki egin dudala errateko'. Emankizun horrek oldartu ninduen; biharamunean inkesta egileen zenbakia atzeman, eta lekukotasuna ematera joan nintzen.

Nola sentitu zinen gero?

Iruditzen zitzaidan egin beharrekoa egina nuela, nire herriko justiziari lekukotasuna eman niola herritar betebeharra betez. Baina anonimo egon nahi nuen. Gero, Le Monde-ko kazetari batek konbentzitu ninduen, eta nire haurrek ere bai. 'Ama, zuk ez duzu deus txarrik egin'. Eta arrazoia zuten: egia da, nik ez dut ezer txarrik egin.

Eta jendaurrean mintzatu zinen.

Bai, eta hortik goiti, haatik, jendea heldu zitzaidan ausarta nintzela erranez. Hein batean egia da, baina ausart izateak erran nahi du arrisku bati aurre egiten ari garela. Beraz, egia erratea arriskutsua da. Bortxaketa bat kontatzea, gainera, ez da onuragarria den egia bat, are gutxiago Frantziako gizonik ezagunena izan den gizonaz ari garelarik.

Zuen istorio indibidualetatik istorio kolektibo bat egin duzue. Nolakoa izan da prozesua?

Argi utzi behar dena hau da: bakarrik, gutariko nehor ez zen entzuna izanen. Funtsean, hori gertatu zaio Florence Porceli hastapenean. Batak bestea ezagutu gabe ezinezkoa da gure istorioak asmatu izana eta bakoitzak gauza bera kontatu izana. Egin-molde berezi bat zuen, errepikakorra zena. Hortaz, gure lekukotasunak frogak dira. Denak lehen aldiz elkartu ginelarik begi bistakoa bilakatu zen dena. Ordura arte, bakoitza bere zokoan zen, eta elkartzean argi zen: sinesgaitza zen gertatu zitzaiguna, baina elkarrekin ginen. Eta geroz eta gehiago gara.

Frantziako Me Tooafera handienetarikoa dela diozu liburuan.

Erran dezagun hala izateko osagai guztiak dituela. Gizon biziki famatu bat, bera salatzen duten dozenaka emakume, hamarkadetan iraun duen predazio sexual bat... Me Tooren abiapuntuan den Harvey Wensteinen aferan osagai berak ziren. Aldatzen den gauza bakarra da Wenstein epaitu eta kartzelatu zutela. Gure kasuan, ez gaude horretan.

Gehiago dena, zuen kontra salaketa ezarri du Poivre d'Arvorek, laidozko salaketa egotzita.

Bai, alderantzikatze patriarkala deitzen da, eta biziki eraginkorra da. Aldarrikatzen du bera dela auzitegi mediatikoaren biktima, neofeminista histeriko, ero erotomano, edo urdanga batzuen biktima dela.

Zein dira justiziaren ezintasunak indarkeria matxistako kasuetan?

Justiziak baliabideak eskas ditu sustut. Baina dena den, argi ikusten da zigortua ez den delitua dela bortxaketa; are gutxiago, bortxatzaileak itxura ona duelarik. Frantzian gizon famaturik ez da sekula zigortua izan horregatik. Erran nahi du, nolabait, gizon batzuek bortxatzeko baimen bat badutela. Beharrik, ez dute denek baliatzen, baina baliatzen dutenak lasai dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.