Sabino Cuadra. 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kidea

«Inpunitatea da 78ko egoera eta oraingoa lotzen dituen haria»

Sabino Cuadra sindikalista, ekintzaile eta politikariak 1978ko sanferminetako gertaerak ikertu ditu '¡No os importe matar!' lanean (Txalaparta). Uste du lagungarri izango dela Martin Villaren aurkako auzibidean.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Lasai hitz egiten du, ahapeka, kasik. Baina zuzen. Galderei izkin egin gabe eta begietara begira, beti. Kontatu nahi duen pasarte historikoa beste inork baino hobe ezagutzen duenaren ziurtasunaz mintzo da Sabino Cuadra (Amurrio, Araba, 1949) politikari, sindikalista eta ekintzailea. Argi du, hala ere, ¡No os importe matar! (Inor hil behar baduzue, hil!) liburuan azaltzen duena ez dela kontakizun historizista hutsa: «Oroimen historikoari ezin diogu izaera politikoa erauzi». Helburu politiko argia du Txalapartak eta Sanferminak 78 Gogoan taldeak elkarlanean argitaratutako liburuak: egia azaleratzea eta inpunitate errezela erauztea.

Iaz, 40 urte bete ziren 1978ko sanferminetako gertaeretatik, baina zurea da auziari buruzko lehen liburu monografikoa. Nola liteke?

1978an bertan, Iruñeko peñek txosten bat egin zuten gertatutakoari buruz, eta urteetan erreferentziazko lana izan da, baina egun horietako gertaerei soilik egiten die erreferentzia. Orain argitaratu dugun liburuaren ezaugarri nagusia da 78ko sanferminen auzia aztertu dugula bere osoan, eta, egun horietako gertaerez gain, hurrengo urte eta hamarkadetan gertatutakoa ere azaldu dugula: ekinbide politikoak, instituzionalak, juridikoak eta sozialak... Eta hori guztia lotu dugu gaur egungo egoerarekin.

Iragana eta oraina uztartu dituzu, beraz. Gaurkotasunezko gaia da 1978ko sanferminena?

Hori da, hain zuzen, proiektu honen oinarrian dagoen helburu garrantzitsuena: auzia gaurkotzea eta gaur egungo egoera politikoarekin lotzea. Izan ere, egungo gatazkak dira ordukoen ondorio zuzenak: Altsasuko gazteen auzia, Kataluniakoa, torturak... Hari batek lotzen ditu horiek guztiak.

Zein izanen litzateke hari hori?

Inpunitatea. 1978an Espainiako Gobernazio ministro zen Rodolfo Martin Villa, eta hark azaldu zuen argien: «Guk egiten ditugunak hutsegiteak dira; haienak, krimenak». Esaldi horretan, nortzuk dira haiek? Izan daitezke Altsasuko gazteak, edo Aingeru Zudaire atarrabiarra —Espainiako Poliziak begirik gabe utzi zuen pilotakada batez, 2012an—, edo Kataluniako independentistak... Eta horrela, Espainiako Estatuaren krimenak hutsegitez edo salbuespenezko kasuz mozorrotuta, inpunitatea betikotu dute urtez urte. Hori da liburuaren tesi nagusia.

Gertakariak testuinguruan kokatzeko beharraz hitz egiten duzu liburuan. Zergatik?

1978ko sanferminetan eta hurrengo egunetan gertatutakoak ez zirelako kasu bakanak edo salbuespenak izan, eta ezin dira ulertu garai hartako giro sozial eta politikoa aintzat hartu gabe. Trantsizioaren erdi-erdian ginen, eta mahai gainean zegoen Espainiako Estatuaren barruko etorkizun instituzionala. Testuinguru horretan, bi jarrera nabarmendu ziren nagusiki: frankismoaren erreforma, batetik, eta haustura demokratikoa, bestetik. Euskal Herrian eta, zehatzago, Nafarroan, hausturaren alde azaldu ziren ezkerreko alderdi eta sindikatu guztiak. Urte hartako Aberri Egunean, esaterako, pankarta beraren atzean azaldu ziren ezkerreko alderdi guztiak, HBtik PSEraino [artean PSN ez baitzen existitzen], eta denek eskatzen zuten, batetik, autodeterminazio eskubidearen aitorpena, eta, bestetik, autonomia estatutu bakar bat, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako. Hori 1978ko martxoan aldarrikatzen zuten. Abendurako, ordea, jarrera aldatu zuten zenbaitek. PSEk, esaterako.

Eta, tartean, sanferminak leherrarazi zituen Poliziak...

Hori da. Zortzi hilabete eskasen buruan, askoren jarrera politikoa aldatu zen. Nafarroak, ordurako, garrantzi handia zuen Espainiako Estatuaren ikuspuntutik: frankismoaren aliatu otzan zena «probintzia errebelde» bilakatuzen urte gutxitan, diktaduraren kontrako mobilizazioengatik eta langile mugimenduak bultzatutako greba indartsuengatik: Motor Iberica, Potasas... Horri guztiari muga jarri nahi izan zion Espainiak, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta maiatzean Montejurran egin zuen bezalaxe. Trantsizioan ukiezinak ziren marra gorriak zehaztu zituen, errepresioaren bidez: monarkia, Espainiaren batasuna, segurtasun indarrak... Polizia operazio bortitz horien eskutik, eztabaida baldintzatu nahi izan zuten: hemen barruan, nahi duzuena, baina markatutako bidetik ateratzen bazarete, zigorra jasoko duzue.

Eta zigorrik gogorrena jaso zuen German Rodriguezek. Nola kudeatu zuen Espainiak hilketa horren ondorena?

Krimenaren biharamunean, 1978ko uztailaren 9an, Espainiako Poliziak agindu zehatz bat eman zien agenteei, irratitik: «Tiro egin indar guztiekin. Inor hil behar baduzue, hil». Hortik hartua dago liburuaren izenburua. Ordurako German hilda zegoen, eta bazekiten, baina berdin izan zien. Ez zen hutsegite bat izan: prest zeuden jendea hiltzen segitzeko. Gerora, Martin Villa ministroak berak ezarri zuen bertsio ofiziala, eta, hari segika, epaileek ebatzi zuten Poliziak eragindako triskantza «gaizki ulertutako agindu baten ondorio» izan zela. Nahaste bat. Eta horrela gelditu zen auzia, nahiz eta gertakarien 20.000 lekuko egon.

Argentinako kereilan sartuta dago 78ko sanferminen auzia. Zertan da prozesua?

Kereilak zabalik segitzen du, eta Maria Servini epailea ari da pausoak ematen. Besteak beste, Martin Villa ikerketapean jarri du, gizateriaren kontrako krimenengatik, eta ministro ohiak abenduan deklaratu beharko du Buenos Airesen. Ez da nolanahiko urratsa. Oraingoz, badugu itxaropena: poztu gaitu Servini epaileak agertu duen jarrerak. Ekainean, Argentinara joan ginen, eta epaileak deklarazioa hartu zigun, bai 78ko Sanferminak Gogoan taldeko kideoi, baita Germanen anaiaFermin Rodriguezi ere. Historikoa izan zen. Argentinan eman ziguten hemen ukatzen diguten aukera.

Zer-nolako garrantzia izan du ikerketan Martin Villaren txostena aurkitu izanak?

Urteak generamatzan txosten hori eskatzen, baina desagertua zegoen, antza. Duela urte batzuk, eskaera ofiziala egin genuen Espainiako Kongresuan, diputatu talde baten bitartez, baina Madrilgo Gobernuaren erantzuna betikoa izan zen: ez zutela txosten hori ezagutzen eta, segur aski, ez zela existitzen ere. Azkenean, geure kabuz aurkitu genuen, kongresuko artxibategian. Guretzat garrantzitsua da, polizia buruzagiek egina dagoelako, eta txostenaren helburua poliziaren errugabetasuna berrestea izan arren, han jasotako zenbait datuk bertsio ofiziala desmuntatzen dutelako. Hortaz, garrantzitsua da, eragina izan dezakeelako Iruñeko nahiz Argentinako kereiletan.

Liburuak ere lagunduko du?

Bai, liburuaren salmentatik ateratako etekinekin, abian ditugun prozesu judizialak eta Martin Villaren aurkako kanpaina finantzatuko ditugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.