Espainiako Gerra Kontseiluak heriotza zigorra ezarri zien 1975eko abuztuaren 28an Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendia ETAko kideei, eta Donostian manifestazio batera deitu zuten abuztuaren 31rako MC mugimendu komunistaren Gipuzkoako taldeak eta frankismoaren kontrako beste talde batzuek. Igandea zen, eta 19:30ean zuten hitzordua. Garcia Ripalda sendiak etxeko bazkaria eduki zuen —Grosen bizi ziren, Zurriolan—, eta, Jesus semea (23 urte) irtetera zihoanean, haren amari atentzioa eman zion igande batez hark kiroletako zapatilak izatea, Jesusen arreba Cristinak (67 urte) kontatu duenez. «'Nolatan horrela?', galdetu zion amak, eta anaiak erantzun zion erosoago zegoela». Ez zekiten MCn-edo zebilenik.
Mirakruz kalean Trueba zinemen aurretik abiatu ziren 500-800 manifestari, eta ehunen bat metrora, martxaren ibilbidea segituz, ezkerrera hartu zuten, Aita Larroka kalera. MCko orduko kide Luis Diez (Donostia, 63 urte) eta Marian Esnaola (Deban jaio zen, eta 20 urte zituenetik Donostian bizi da; 67 urte) bertan zihoazen. «Mirakruzen sekretak zeuden, Larrokatik gertu, eta manifestazioa sakabanatzen hasi zen», dio Esnaolak. Tiroketa bat izan zen orduan. Diezek ez zuen ikusi. Esnaolak, bai: «Manifestazioaren erdi parean nindoan. Garcia Ripaldak beste lagun batekin-edo pankarta bat zeraman, makilekin eusten ziren haietakoa, eta ez zegoen buru-buruan. Ez dakit pankarta zeramalako izan zen, baina kontua da polizia batek ondo-ondoan zuela egin ziola tiro, Larrokaren hasieran, Iraeta tabernaren aurrean». Sabelean jaso zuen tiroa, bat, eskuinean». Funtsean, jende gehiagok du bertsio bera.
Bestelakoa da bertsio ofiziala: Jesus Garcia Ripaldak kaleko jantzitako polizia armatu bat ezagutu zuela, manifestaziotik irten eta pankartako makilarekin jo zuela, labana bat ere atera zuela, poliziak mutila izutzeko pistola atera zuela, biak borroka batean hasi zirela, gazteak arma kendu nahi izan ziola, eta orduan poliziaren pistolak ustekabean tiro bat egin zuela, MCkoa zaurituz. Azalpen ofizialaren arabera, «subertsiboak» ziren manifestarien oihuak, leloak eta ikurrak. Garaiko egunkariek bertsio ofiziala soilik jaso zuten.
«Gezurra besterik ez zuten zabaldu». Hala mintzatu dira protestan ez ziren beste lekuko batzuk ere. Maria Jose Turrillas (Donostia, 87 urte) da bat. Gaur bezala, Larrokan bizi zen, Iraeta aurreko etxean, hirugarren solairuan. Handik ikusi zuen. «Salan nengoen, telebista ikusten, eta balkoira atera nintzen. Poliziak kaleko jantzita zeuden, eta haietako batek tiro bat bota zion gazte hari, bertatik bertara». Ziur dio Turrillasek: Garcia Ripaldak ez zuen labanarik atera, eta ez zien makilarekin aurre egin poliziei.
Juan Maria Rementeriak ere (Donostia, 61 urte) ikusi zuen gertaera. Iraeta ostatuaren aurrean bizi da, Larroka eta Karkizano kaleek bat egiten duten izkinan, lehen solairuan. «Etxean nengoen, merienda prestatzen. Kalean buila entzutean, balkoira atera eta handik ikusi nuen guztia. Jendea ihesean zihoan, kaleko jantzitako poliziak baitzeuden, eta batek behintzat atera zuen pistola. Garcia Ripaldari tiro bat bota zion, gertu-gertutik, mutilak aurre egin gabe lehenago. Labanarena ere gezurra da».
Auzotar baten autoan
Joxe Angel Guruzeta (Donostia, 61 urte) agertu zen orduan Iraeta aurrera. Handik 30en bat metrora dagoen taberna batean zegoen, Biyonan —gaur Bidea Berri du izena—, Gabriel anaiarekin zerbait hartzen. Zarata aditzean azaldu zen Iraeta parera. Garcia Ripalda ordurako tiroa jasota zegoen. «Autoa hantxe neukan, gaizki aparkatua. Mini hori bat zen, eta polizia batek galdetu zuen: 'Norena da auto hau?'. 'Nirea', nik. 'Ireki atea, eta mutila eraman egingo dugu'. Galdetu nion ea erresidentziara-edo eramango genuen. Ezetz poliziak, ospitale militarrera joango ginela. Sartu nintzen autoan, nire atzean sartu genuen zauritua, nire ondoan Gabriel anaia eta haren atzean polizia bat. Larrokatik irten, eta Mirakruzen behera joan nintzen, kontrako bidean, abiada bizian». Ia kilometro erdi bateko distantzia zegoen Iraeta tabernatik erietxe militarrera; Atotxako futbol estadio ondoan zegoen —Mola jenerala zuen izena—.
MCkoa hilzorian zen han. Bertara joan zen arreba Cristina, orduko senarrarekin. «Lagun batzuek deitu ziguten etxera, esanez Jesus zauritu zutela poliziek eta erietxe militarrera eraman zutela. Azkar joan ginen, zer gertatu zen jakin nahian. Atea pixka bat ireki ziguten, ez dena. Aipatu ziguten Jesus hil egin zela, eta atea itxi zuten. 21:15 inguru izango ziren».
Bertsio ofizialaren txostena 38 orrialdekoa da, eta Ferrolgo (Galizia) artxibo militarrean dago gordeta, 50 urterako sekretupeko dokumentu moduan. Beste hamar urtean, hortaz, ezin da ezagutarazi. Dena dela, hildakoaren familia gisa, Garcia Ripalda sendiak bazeukan eskuratzerik, eta iazko urrian eskatu zuen; aste batzuetara jaso, eta irakurri zuten «anemia azkarraren eta bihotzekoaren» ondorioz hil zela etxekoa.
MCren Gipuzkoako taldeak Zer egin? aldizkariaren 14. zenbakia plazaratu zuen 1975eko irailaren 3an, gertaera izan eta hiru egunera, eta Larroka kalekoa «hilketa» izan zela idatzi zuen lehen orrian, goiburuan. Hiltzailea Manuel Leston Polizia Armatuko sarjentua izan zela ere bazekarren. Gertaerako lekuko batzuek ere hala diote. Egia auzoko bizilaguna zen Leston, eta Donostiako Marianisten ikastetxeko gimnastika irakaslea ere bazen. Hark eta beste bi agentek Donostiako Poliziaren egoitzan deklaratu zuten lehenik, abuztuaren 31n, gauez, eta aipatutako bertsio ofiziala eman. Mutilaren labana-eta utzi ei zituzten han.
Erietxe militarrean soldadutza egiten ari zen mutil bat gau hartan etxera joan zitzaien Garcia Ripaldatarrei, ikusi zuena kontatzera. Aitatu zien emakumekzo erizain batek eta moja batzuek artatu zutela Jesus. Handik egun batzuetara, berriz, ospitale militarreko erizain batek deitu zien etxera. Bi bertsio haien arabera, gazte zaurituak mojei erregutzen zien deitzeko mesedez bere amari, eta mojek erantzuten zioten erreza zezala eta isiltzeko. Han zendu zen.
Gaueko hamarrak aldera eraman zuten gorpua Polloeko hilerrira. Familia segituan zen han. «Amari baino ez zioten utzi hilotza zegoen gelara sartzen. Jesusekin egin zuen gaua, semearekin egon nahi zuen». Cristina-eta hurrengo egunean goizeko zortziak aldera joan ziren berriro Polloera, eta jakinarazi zieten autopsia egin behar ziotela gorpua lurperatzeko baimena jasotzeko. «Mediku bati deitu genion autopsia egiteko, baina agindu zuten mediku militar batek egingo zuela. Edanda azaldu zen, eta, lehenaz gain, triskantza egin zion hilotzari».
Cristinak ondoren ikusi zuen anaiaren gorpua. «Tiroa jaso zuen tokian alkandora erreta bezala zeukan. Ikusten zen tiroa bertatik bertara bota ziotela. Alkandora garbia zeukan; ez du ematen odol asko isuri zuenik».
Presioa familiari
Sendiak «traba eta presio» gehiago izan zituen hurrengo egun eta asteetan: egunkariek ez zieten eskela argitaratu, hilera elizkizunean —Grosen izan zen, San Ignazio elizan— polizia «mehatxuak» jaso zituzten, etxea eta familiako denda «zaintzapean» eduki zituzten, eta halako batean bisita bat jaso zuten etxean: «Uniformedun bi polizia etorri ziren. Amari eskatu zioten tiro egin zuen polizia barkatzeko. Ez zien ezer esan».
Espainiako armadan aurrera jarraitu zuen auzibideak. Lestonek-eta tiroketaren biharamunean deklaratu zuten Donostiako Epaitegi Militarreko epailearen aurrean. Funtsean, Jesus Garcia Ripaldari egozteko errua. Pixka bat geroago, armadak Burgosen (Espainia) duen egoitzan zegoen txostena, haren VI. barruti militarrean, eta azaroaren 20an artxibatu zuen kasua. Familiak eta lekukoek ez zuten salaketarik aurkeztu, «beste batzuk arriskuan jartzeko beldurra baitzegoen orduan».
Espainiako agintaritza militarrak kasua 1975ean itxi arren, Jesus Garcia Ripaldaren kide eta lagunek urtero jarraitu dute hura gogoratzen, gehienetan ekitaldi xume eta intimoak eginez. Sendiak, berriz, «batik bat, aitortza» nahi zuen, Cristinak dioen bezala. «Lortu» zuten, 2010eko urrian, Espainiako Gobernuak aitortza agiria eman zielako, onartuta Jesusek «arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena eta indarkeria» jasan zituela. 2007an Memoria Historikoaren Legea onartu zuen Kongresuak, eta horretan oinarri zen PSOEren gobernua. Ondoren, familiak eta lagunek Donostiako Udalari eskatu zioten biktima gisa aitortzeko Jesus, eta udalak 2011ko apirilean hiriaren Urrezko Domina eman zion sendiari. Hilketaren 38. urteurrenean, 2013ko abuztuaren 31n, lagunek Larroka kalean, gazteak tiroa jaso zuen tokian, oroigarrizko plaka bat jarri zuten. Han ageri da Leston «frankistak» hil zuela.
Odon Elorzari gutuna
Hil zen polizia hura. Leston sendia iaz harremanetan jarri zen Odon Elorza Donostiako alkate ohi (1991-2011) eta Espainiako diputatuarekin, gutun bidez, eta, ondoren, Madrilen bilera bat egin zuten. «Donostian, kasuko hiltzailetzat haien aita jotzen dela-eta gaia ikertzeko eskatu zidaten». Iazko uztailaren 8an, Ferrolgo artxiboetan txostena eskatu zuen Elorzak, diputatu gisa, baina hil bukaeran ezezkoa jaso zuen. «Ordea, gero modu lotsagabe batean lortu nuen txostena, azaroan. Halako dokumentuak ezagutarazteko ekinbide bat aurkeztuko dut Kongresuan». Joan den abuztuaren 31n, txosteneko zatiak argitaratu zituen Elorzak bere blogean eta egunkari batean, pasarte bat hitzez hitz jarriz, nahiz eta informazio mota hori oraindik legez ezin den desklasifikatu. PSE-EEko diputatuak dio idatzi militarrean «gezurrak pilatzen» direla, «krimen» hartako biktimek «defentsa-gabezia» izan zutela, eta kasua «inpunitatez» garatu eta itxi zela. Halaber, Elorzak esan du txosten militarrak dioela hiltzailea ez zela Leston izan, harekin zegoen polizia bat baizik.
Irail honetan, poliziaren familiak iritzi artikulu bat idatzi du bi egunkaritan, esanez Garcia Ripaldaren hiltzailea ez zela hura izan. Poliziaren seme Jose Manuel Lestonek testuan dio Ferrolen den txosten militarreko deklarazioetan beste polizia batek aitortu zuela donostiar gazteari tiroa egin izana. «Garrantzitsua da 40 urteko irainen eta gezurren ondoren egia aitortzea», idatzi zuen Jose Manuel Lestonek irailaren 16an, El Diario Vasco-ko iritzi artikulu batean. «40 urte pasatu behar izan dute errugabea zela jakiteko», El País-en. BERRIAk ez du lortu harekin hartu-emanetan jartzerik. Donostian sarjentu izandakoaren semeak onartu du «gaizki konpondutako auzia» dela Garcia Ripaldarena, «zigorrik gabe artxibatu zelako»
Baina Garcia Ripalda sendiak eta MCko kidearen lagunek ez dute errugabe jotzen Leston. «Txosten militarra gezur handi bat da, eta han ez dago poliziena ez den beste testigantzarik. Jesus hil zuteneko operazioburu Leston izan zen, eta gerta daiteke epaile militarraren aurrean hark beste poliziari agintzea tiro egin zuela deklaratzeko», dio Cristina Garcia Ripaldak. «Tiro egin zuena Leston izan zela diote lekukoek. Guk haiei sinisten diegu».
Luis Diez MCko kide ohiak ere garbi ditu gauzak: «Bertsio ofiziala dena gezurra da. Ireki dezatela auzia, egin dadila epaiketa bat, eta orduan ere esango dugu nola gertatu zen eta zeinek hil zuen, Jesus hil egin baitzuten, nahita. Eta lekukoek diote Leston izan zela hiltzailea. Bitartean, beraz, ez ditugu kontuan hartuko Leston familiaren esanak eta dokumentazio militarrean agertzen dena. Guk lekukoen testigantzak hartzen ditugu kontuan. Ezin da Leston sarjentua errugabetzat jo. Berme juridikorik izan ezean, ez dugu sekula onartuko Leston izan ez zenik hiltzailea. Hark epaile militar baten aurrean esandakoak ez dira ezeren froga».
40 urte pasatu dira jadanik. Petra Ripaldak urteak egin zituen igandero Polloe hilerrira joaten, semearengana, eta Lestonen etxe aurretik pasatu behar izaten zuen.
Frankismoko azken fusilatzeek 40 urte. Garcia Ripalda kasua
Inpunitate egoeraren kronika
Polizia Armatuak duela 40 urte hil zuen, Donostian, Jesus Garcia Ripalda MCko kidea. Tiro bat bota zioten. Lekukoak egon arren, kasua ez zen epaitu. Frankismo garaiak ziren. Testigantzak bildu ditu BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu