«Etapa berri bateko Mahai Politikoa osatu dugu gaur, eta esan dezakegu atzo esandako hitza bete dugula: lanean eta martxan dago EH Bildu berriz ere». Hitz horiekin hasi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Mahai Politikoaren osteko prentsaurrekoa. Ortzegunetik larunbat goizera bozkatu zuten alderdikidek Mahai Politiko berria, eta gaur goizean egin dute lehenengo bilkura.
EH Bilduk herritarren kezkekin konektatu nahi dutela nabarmendu du Otegik: «Jendearen animo, kezka eta beldurrekin konektatu nahi dugu, eta bat egiten dugu jendeak Euskal Herrian, Europan zein munduan dituen kezkekin». Hala, munduan inprobisazioa eta desordena daudela nabarmendu du Otegik: «Inprobisazioa, kaosa, eta, zentzu batean, desordena dago: COVID-19ari aurre egiteko estregian, txertaketa estrategian, ondasunen banaketan... Jendeak beldurra du».
Otegik nabarmendu du beldurra ez dela ona, eta beldur horri aitzin egiteko EH Bildu alternatiba dela aldarrikatu du: «EH Bilduk ziurtasuna eta alternatiba bat eskaini nahi dio jendeari, beldurra daukatenei helduleku bat». Hala, koalizioak erronka horiei «bizipozarekin», «baikortasunarekin», «konfiantzarekin» eta «herri konpromisoarekin» erantzungo diola nabarmendu du.
EH Bilduk ordena alternatibo bat eskaintzen du, Otegiren hitzetan: «Optimistak izan behar dugu: segurtasuna izan behar dugu gauzak beste modu batean egin daitezkeela».
Espetxe transferentzia, albiste ona
Gaur sinatuko dute Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuak eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politikako ministroak espetxe eskumenen transferentzia, eta hori berri ona dela nabarmendu du Otegik. «Albiste ona da transferentzia hiru probintzietara etortzea —Araba, Bizkai eta Gipuzkoa—; besteak beste albiste ona da estatutuetan jasota zegoelako. Transferentzia etorri da transferentzia herriak aldarrikatu duelako urte luzez. Herriak lortu du, herriak eskatu duelako», nabarmendu du Otegik.
Hala, transferentzia horrek bertzelako espetxe politikak egiteko aukera ahalbidetzen duela nabarmendu du Otegik: «Urrats bat da, ez preso politikoentzako urratsa, baizik eta euskal herriko preso guztientzat. Orain aukera ireki zaigu erakusteko presoekin beste politika batzuk egin daitezkeela». Halaber, zorionak eta eskerrak eman dizkie bertzelako espetxe ereduen alde lan egiten duten elkarte eta norbanakoei.