«Inposizio jarrera» aldarazteko, sartu dute Alduntzinen aurkako mozioa

«Gipuzkoan martxan den aldaketa politiko eta soziala» trabatzeko ahalegina sumatzen du EH Bildu koalizioak

Olano, Cano eta Romero, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan mozioa erregistratzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Erregistratu dute Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa. EAJren izenean Markel Olano, PSE-EEren izenean Rafaela Romero eta PPren izenean Juan Carlos Cano Batzar Nagusietara joan ziren atzo goizean, mozioari sarbidea ematera. Uztailaren 6an eztabaidatuko dute Batzar Nagusiek eta, okerrik ezean, onartu egingo dute, hiru alderdi horien artean gehiengoa osatzen baitute. Bilduk erakunde publikoetan «inposizio jarrera» hartu duela, eta hori aldatzea eragin nahi dutela azaldu dute zentsura mozioaren bultzatzaileek.

«Bilduk erabaki hau hartzera behartu gaitu». Markel Olanok esan du «egun gogorra» zela atzokoa. Izan ere, aurretik parerik izan gabeko urratsa egin dute alderdi horiek diputatu jakin bati zentsura mozioa jarrita. Diputazioko gobernuari «balio politikoa» kentzen ari zaizkiola azaldu du Olanok, baina beste aterabiderik ez diela utzi Bilduk: «Gipuzkoa inposizioaren mende du hondakinen kudeaketaren arloan; ondorioz, erantzun egin diogu, inposizio jarrera hori baztertzeko, bai Batzar Nagusietan, bai hainbat herritan».

Gipuzkoako Aldundiak hondakinak kudeatzeko aurkeztu duen plana kaltegarritzat hartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk. Baina zentsura mozioan planaz baino gehiago hitz egin dute politika egiteko moduaz: «Demokrazia iruzur bat da; Bilduk plangintza erabat aldatu nahi du Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu gabe, nahiz eta Batzar Nagusiek beraiek eskumena duten». Olanoren hitzetan, mozioaren helburua da Bilduk jarrera aldatzea, «Gipuzkoako hondakinen gaineko liskarra» amaitzea eta adostasunerako bideak bilatzea.

Bildu kentzeko eskaintza

Juan Carlos Cano PPko batzarkideak, berriz, Martin Garitano ahaldun nagusiaren dimisioaz hitz egin du. Esan du Alduntzinen aurkako zentsura mozioak aurrera egiten badu ahaldun nagusiak dimisioa eman behar lukeela. Cano prest agertu da Garitanok ez balu halakorik egingo oposizioko alderdien artean «garapenerako gobernu» bat osatzeko. Rafaela Romerok ere ziurtatu du «porrot» egin duela Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian eta udaletan. Mozioa Alduntzinen aurkakoa den arren, «izpirituz» gobernu osoaren kontrakoa dela adierazi du Romerok. Eskaera zehatza ere egin die PPri eta EAJri: hiru alderdi horiek batu daitezkeen erakunde publikoetan bat egiteko, Bildu instituziotik kentzeko.

EH Bildu koalizioak gaitzetsi egin du Alduntzinen aurka aurkeztutako zentsura mozioa: «Gipuzkoan martxan den aldaketa politikoa eta soziala geratzea du helburu. Ez dute aldaketarik nahi Gipuzkoarako; eroso sentitzen ziren aurreko zikloan, erakundeetan nahi zutena egiten zutelako».

Foru aldundiaren hondakinak kudeatzeko plan berria «arrazionala, iraunkorra eta merkeagoa» dela adierazi du koalizioak ohar batean. «Oposizioak ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen du, ez du ezer berririk proposatu, errausketarekin obsesionatuta jarraitzen dute». Hondakinen arazoa konpontzea baino, EAJk, PSE-EEk eta PPk «interes politiko eta ekonomiko argi batzuk» babestu nahi dituztela uste du EH Bilduk.

Ezkerretik Bilduz-ek, berriz, «PPren eta PSOEren gozamenerako» lan egiten aritzea leporatu dio EAJri. «Sabin Etxeak bultzaturik», Gipuzkoako EAJ «Bilduren aurkako gurutzadaren buru» jarri dela uste du taldeak. Hondakinak atez ate biltzearen alde egin du Ezkerretik Bilduz-ek, eta herritarren artean «indibidualismoa eta alferkeriaren aldeko mezuak» alde batera uzteko eskatu die alderdi politiko horiei.

Equo alderdiak uste du EAJk, PSEk eta PPk herritarrak nahastu nahi dituztela, errauste planta egiteko. Equorentzat, metodo zaharkitua da errauste planta. Hondakinak konpostatzea eta biometanizatzea «askoz merkeagoa eta ekologikoagoa» dela azaldu du. Horregatik, hondakin organikoen bilketa selektiboa indartu behar dela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.