Bego Beraza eta Naia Torrealdai. Mugimendu feministako kideak

«Inportantea da argi uztea zein den gure feminismoa»

Bi urteotako grebek ekarritako aldaketetatik edanda ari da mugimendu feminista Martxoaren 8a antolatzen. Erradikaltasuna erakutsiz, borroka eguna izatea nahi dute.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Buru-belarri ari dira mugimendu feministako kideak Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko mobilizazioak antolatzen. Azken bi urteetako greba feministen ondoren, indarrez hartu nahi dituzte kaleak Martxoaren 8an, baita aurreko egunetan ere. Aurtengo deialdien norabidea azaldu dute Naia Torrealdai Bilgune Feministako kideak eta Bego Beraza Bilbo Feminista Saretzen plataformako gazte sareko partaideak.

Aurten greba feministarik ez da izango Martxoaren 8an. Horren inguruan zer hausnarketa izan da mugimendu feministan?

NAIA TORREALDAI: Azken greba feministaren ostean, talde batzuen artean igarri genuen ez zegoela berriro grebara deitzeko gogo hori, eta gainera, beste urte batez greba egiteak eskatuko lukeen antolakuntza eta indar guztia beste leku batean jartzen ari ginela: Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak ere inflexio puntu bat izan dira mugimenduan. Han beharrizan bat agertu zen, taldeen eta mugimenduaren erraiei erreparatzeko, militantzia ereduei, agenda konpartitu baten premiari; eta horretan ari gara. Bestalde, guretzat greba bera ez da helburu bat, baizik eta tresna bat, aukera eman diguna emakume langileon diskurtsoa erdigunean jartzeko eta gure aldarrikapenak entzunarazteko. Eta aurten beste tresna batzuk erabiliko ditugu. Horregatik, gure planteamendua da Martxoaren 8 hau borroka egun bat izatea.

Zer utzi dute grebek? Zer izango da diferentea aurtengo Martxoaren 8an?

N. TORREALDAI: Greba feministek lortu dute feminismoan ezinbestekoak diren eztabaidak gizartearen erdigunean jartzea. Adibidez: zaintzaren gatazka eztabaidagai egon da auzo, herri eta erabaki gune guztietan; eta lortu da hainbat emakume diskurtso horregaz identifikatuta sentitzea, lan erreproduktiboaren zamaren salaketarekin konektatzea. Nire ustez, lortu dugu feminismoa jendartean errotuago egotea. Ikusiko dugu ea Martxoaren 8 honetan lortzen dugun tentsioa sortzea, baina uste dut ez dagoela atzera bueltarik: Martxoaren 8ak bihurtzen ari ziren emakumeak zoriontzeko egun bat, eta horri buelta bat eman diogu; orain borroka egun bat da, feminismoaren egun bat.

Greba feministetan gazte pila batek hartu zuen parte. Nabaritu duzue errotze hori?

BEGO BERAZA: Bai. Ikusi dugu gazteen artean ere badela gorakada bat. Iruditzen zait hor eragin handia duela sare sozialen indarrak, baina espazio horietatik harago, kalean egon behar dugu, baita guk ere, neska gazteen subjektua aldarrikatzen eta jasaten dugun prekaritatea salatzen. Naiak esan duenarekin lotuta, auzoetan ere ikusi dugu belaunaldi arteko mugimendu hori kalera ateratzen, identifikatuta sentitzen garelako feminismoak egiten dituen kritikekin.

N. TORREALDAI: Auzoekin lotuta, greba feministen irabazietako bat izan da antolakuntza erabat deszentralizatuta edukitzea. Horrela lortu dugu auzoetan eta herri txikietan subjektu feminista bat egotea, antolakuntza bat; orain arte taldeak oso zentratuta egon dira hiriburuetan, baina grebari esker, 30 emakume bizi diren herri batean denek egin dute kontzentrazio bat. Aurtengo Martxoaren 8an ere ikusiko da: ez dago grebarik, baina lortu dugu emakumeak antolatzea herri eta auzo ia guztietan. Eta hori aurrerapauso kualitatibo eta kuantitatibo ikaragarria da.

Antolatu indarrak, batu borroka feministara da aurtengo leloa. Andreak antolatzera deitzen zituzten garai bateko mezuak berreskuratu dituzue?

N. TORREALDAI: Aurten inportantea izaten ari da argi uztea zein den gure feminismoa, eta zein ez den. Feminismoa praktika kolektibo bat da, jada martxan dagoen proiektu politiko bat, eta nahi dugu andreak batzea, beste pauso bat ematera animatu: feminismoan militatzeko era asko daude, baina antolakuntza beharrezkoa da. Neoliberalismoan eta gizarte likido honetan gero eta atomizatuago eta indibidualizatuago bizi gara, baina hor aldaketarik lortuko badugu, antolatutako eta kolektiboan eraikitako mugimendu feministaren bidez izango da.

B. BERAZA: Neska gazteontzat ere bereziki garrantzitsua da antolatzea. Badago azaleko feminismo bat, sare sozialetan eta mundu birtualean oso erraz hedatzen dena, eta eragin handiagoa duena gazteongan; gure bileretan oso argi ikusten da. Baina Facebook-en keinu more bat egiteaz harago doa feminismoa, eta, horretaz ohartzeko, oso garrantzitsua da mugimenduan parte hartzea.

Aurtengo Martxoaren 8aren harira mobilizazio indartsuak planteatu diren seinale da Bilboko plana: igandean ez ezik, beste hiru egunez ere izango dira mobilizazioak. Zein da helburua?

N. TORREALDAI: Gure feminismo erradikalaren proiektua erakusteko modu bat da, eta jardunaldi feministetatik jasotako ildoen jarraipena. Izan ere, ekitaldi eta mobilizazio feminista handiez harago, gure estrategiak badu logika bat: grebetan landu ditugun ardatzak jardunaldietan jorratu genituen, eta orduko eztabaiden lurreratze bat dira oraingo mobilizazioak. Beraz, logikoa da diskurtso antikapitalista eta antirrazista bertan egotea, eta gorputzak erdigunean jartzeko beharra ere. Bilbon, ildo bakoitzak egun bat izango du.

B. BERAZA: Horien arabera antolatu ditugu lantaldeak ere. Ostegunean hasiko gara, gorputzen eta sexualitateen inguruko gogoeta batekin; plazerari emango diogu garrantzia, eremu hori beti geratzen delako alboratuta. Ostiralean, arrazakeriaren aurkako mobilizazioak izango dira, goiz eta arratsaldez; eta goizekoa emakume arrazializatuek egingo dute, euren gorputzek hartu dute kalea, euren bizipenetatik, eta zurion lana izango da elkartasuna adieraztea. Larunbat arratsaldean, berriz, kapitalismoa salatuko dugu Kale Nagusiko multinazionalen aurrean.

Larunbat iluntzean, gazteek ere protesta bat egingo duzue. Zer salatu nahi duzue?

B. BERAZA: Aspaldiko kezka bat da Bilbon gertatzen diren eraso sexistei nola erantzun. Gune batzuetan, gainera, jazarpen handia eta eraso asko izaten dira, eta horietako batera joango gara: Iturribide kalera. Oso inguru maskulinizatua da, taberna batzuetan salaketa bat baino gehiago egon da,eta, gainera, arazo handiak izan ditugu salaketa horiek bideratzeko. 1980ko hamarkadan andre batzuek eginiko protesta berreskuratuz, kalea moztu eta okupatuko dugu, espazioa eraldatu, ehunka emakumek erabil dezaten eurena ere baden kalea, eta gizonak deseroso senti daitezen.

Borroka feminista oraindik beharrezkoa dela nabarmendu duzue. Zergatik?

N. TORREALDAI: Oraindik sistema patriarkal batean bizi garelako; horri eremu guztietan aurre egiteko, borroka feminista ezinbestekoa da. Azken urteetan indar handia hartu du emakume langileek jasaten dugun esplotazioaren diskurtsoak, baina ez da hori bakarrik; feminismoa hedatu ahala sistemaren erro patriarkala ere sakondu da: egunero pairatzen ditugu eraso sexistak, epaitegietan ez digute sinesten, biolentzia obstetrikoa jasaten dugu... Sustraira ez doazen aldaketekin ezin gara konformatu: zaintza krisi batean gaude, inoiz baino prekarioago, eskubideak galtzen ari gara, migranteak esplotazioan bizi dira... Eta hori borroka feministak irauliko du.

B. BERAZA: Hala da... Ematen du gai batzuk gaindituta daudela jada, baina berdintasun faltsuaren diskurtso horiek oso azalekoak dira. Mugitzen garenean kateak sentitzen ditugu; beraz, horrek esan nahi du oraindik asko dagoela borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.