Miren Larrea Aranguren: «Inportantea da aitortzea maitasunean ere estrategia eta lidergoa daudela»

Lankidetzazko gobernantza prozesuetan gidari lanetan aritu da Larrea azken bi hamarkadetan. Erakundeak, gizarte eragileak eta herritarrak aktibatzeko zailtasunez eta tresnez jardun du.

Miren Larrea Aranguren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Larrea Aranguren. MAIALEN ANDRES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko abuztuaren 18a
05:00
Entzun

Miren Larreak bi hamarkadatako esperientzia metatua du lankidetzazko gobernantza prozesuak errazten. Deustu Unibertsitateko irakaslea eta Orkestrako ikertzailea da. Lankidetzazko gobernantza prozesuetan egindako narratiben dikotomia apurtu eta narratiba berriak sortzeko aldarria egin du, balio feministetan oinarrituta. Liburu bat argitaratu berri du: Herri-politiken eraldaketa errazteko artea. Arte horrek dauzkan geruzez jardun du.

Nola definituko zenuke lankidetzazko gobernantza?

Nire ustez, gaitasun bat da, bakoitzak arazoen aurrean konponbideak bere kasa lortu ordez, dauzkagun arazo horiek elkarlanaren bitartez konpontzeko.

Iristen da jendearenagana gobernantza partekatua?

Gure lanketetan bi eratako prozesuak egon dira. Herritarrek zuzenean parte hartzen duten prozesuak, eta gizarteko talde antolatuekin egindako prozesuak. Ni gehiago ibili naiz gizarte antolatuarekin. Horrela ari garenean ere herritarrak gara. Gizarte antolatuarekin hasi, eta esperantza izaten dugu herritarrengana iristeko gero, baina salto hori ikaragarri zaila da.

Zergatik?

Moduak bilatu behar dira herritarrak interesa edukitzeko eta parte hartze horri zentzu bat bilatzeko. Guk zentzua bilatzen diogu, gure eguneroko arazoetan herri politikak nola eragiten duten ulertu eta herri politiketan eraginez arazo horretan eragin dezakegula ulertzen dugunean. Kosta egiten da lotura horiek modu sinple batean azaltzea.

Izan liteke herritarrengana ez iristea lotura hori?

Errazagoa da herritarra antolatuta dagoenean herri politiketan eragitea, kontzientzia maila bat, ezagutza maila bat egon litekeelako ulertzeko herri politiketan zer lortu nahi den. Gero eta gehiago ikusten dut, ordea, adibidez klima aldaketaren inguruan hartu beharko diren neurriekin eta egin beharko diren herri politikekin, gero eta beharrezkoa dela parte hartzea herritar gisa ere. Gero eta nabarmenagoa baita ,ez gobernua bakarrik, gizarte antolatua bera bakarrik ere ez dela nahikoa izango; gutako bakoitzak gure egunerokotasunean ere eraldaketa batzuk egin beharko ditugu. Prozesu horietan herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da. Ikasteko asko daukagu, hori modu eraginkor batean nola antolatu asmatzeko.

Kogobernantzak esan nahi du erakundeek boterea askatu behar izatea. Ikusten dituzu horretan?

Askatu baino gehiago, boterea ezberdin erabiltzea esan nahi du. Lankidetzazko hitzarmena ez da: «Hau nik egin beharrean zuk egin, eta nire boterea zuri ematen dizut». Lankidetzazko gobernantzak elkarrekin egitea eskatzen du. Ikasi duguna da bakoitzak bere boteretik egiten duela, eta herritarrak ere badauka bere eragiteko gaitasuna eta bere boterea. Lortu behar duguna da denok aktibatzea dugun botere hori. Lortu nahi dena elkarrekin lortzeko, bulkada bat bilatu behar da. Bakoitzak duen boteretik hori artikulatzen asmatzea bera da zaila, jakinda asimetriak daudela, boterea ez dela simetrikoki banatuta egoten. Harreman horrek funtziona dezan, batzuek beren boterea erabiltzeari utzi egin behar diote, eta hori kosta egiten da, garbi dago. Baina, era berean, kosta egiten da ardura hartu eta bere boterea erabili behar duenak konpromiso bat hartzea.

Guk eduki ditugu adibideak non gobernuek ireki dituzten espazioak, baina gero egotea eragile batzuk erabakien ardura hartu nahi izan ez dutenak, eta erabakia denona zela azalarazi nahi ez zutenak. Bi aldeetatik ikasi behar da boterea ezberdin erabiltzen. Batzuek, bere botere hierarkikoa gutxiago erabiltzen, eta besteek, ardura hartzen. Guk kasu jakin bat izan dugu, eta eragileek dekalogo bat eskatu zuten, garbi utziko zuena think tank-ean esaten zena aldundiak hartutako erabakia zela, eta ez zela denok hartutako ardura. Ardura partekatuari buruz, adibidez, asko ikasi dugu Etorkizuna Eraikiz Think Tank-ean, non batzuek erabakien ardurak partekatua izan behar zuela argudiatzen zuten, baina beste batzuek esaten zuten elkarrekin deliberatu ondoren erabakien ardura eragile bakoitzarena izan behar zela, eta ez partekatua.

Orain arte landu dituzun prozesuetan eskema dikotomikoa gailendu dela azaldu duzu, eta bideak erakutsi dizula eskema horiek gainditu beharra. Azalduko zenuke?

Errazte lan honetan beti ari gara lanean tentsio eta talka batzuen erdian, hala sentitu izan naiz prozesuetan. Adierazi nahi izan dut talka eta tentsio horietatik sortzen dela eraldaketa, baina hori eraikitzailea izan dadin talka horretan oreka batzuk bilatu behar ditugula. Auzia ez da behin ere laua, beti daude tentsioak, baina hori eraikitzailea izan dadin, talkan dauden bi aldeei errekonozimendu bat eta ikusgarritasun bat eman behar zaie, eta esplizitatu egin behar dira. Batzuetan gertatzen dena da alde bat gailentzen zaiola besteari, eta horrek prozesuak eta eraldaketak eragozten ditu. Dikotomiak azalduta, nik bizi izan dudan talka horien esperientzia azaldu nahi izan dut, eta horrek laguntzen du hobeto ulertzen nola eraiki bi aldeen arteko harreman eraikitzaileak.

Adibidez?

Alde batera agertzen da teoria, boterea, efizientzia, arrazoia eta beste. Horiek balio maskulinoekin lotzen dira; eta beste alde batera, praktika, emozioa, subjektibotasuna, maitasuna... eta horiek balio femeninoekin lotzen dira. Baina bi aldeetan agertzen diren kontzeptuak dira beharrezkoak prozesuetan, eta garrantzitsua da bi aldeek elkar elikatzea.

«Lankidetzazko gobernantzaren helburua da arazoak elkarrekin konpontzea, bakoitzak bere aldetik ezin dituelako konpondu»

Maitasunarenean egin duzu indar.

Guk lana egitean beti botereaz eztabaidatzen genuen, eta horri aurre egiteaz. Gure ekintza ikerketak badu alde kritiko bat, non boterearekiko kritiko izatea gure lanaren parte den. Eta bideak erakutsi digu botereaz gain maitasuna ere lantzen genuela, eta lan pilo bat egiten genuela taldea zaintzen, konfiantza giro bat sortzen, parte hartzea bermatzen, eta beste. Boterearen eta maitasunaren arteko talka modu eraikitzailean bideratzeko taldearen zaintza lan handi bat dago atzean. Lan horrek ordu pilo bat kentzen zizkigun, eta ez zen inon azaltzen. Boteretik egiten den lanari aitortzen zaio lidergoa eta estrategia, eta zaintza lan hori pertsonaren izaeraren ezaugarri gisa hartzen zen: «Ze jatorra eta umila den Miren». Eta ez da horrela: egindako lan horretan dago estrategia bat, lidergo bat, beste era batekoa, erlaziozkoa, baina lidergoa dago. Eta inportantea da aitortzea maitasunean ere estrategia eta lidergoa daudela. Estrategia, ez norberaren intereserako, baizik eta talde hori aurrera ateratzeko egitasmo bat eta sinesmen sistema bat dagoelako. Maitasuna garrantzitsua da ez bakarrik «ai, ze ondo gauden» esateko; era berean, garrantzitsua da azken helburuetara iristeko.

Aldarrikapen bat dago atzean, ezta?

Femenino moduan ikusten dena, erraztaileon lana dena, hori dena desagertu egiten da narratibetan. Narratibetan geratzen dena da boteretik egiten dena. Lehen esandako balio maskulinoak estrategia eta lidergoarekin lotzen dira, baina prozesu horietan egon da beste lanketa bat, balio femeninoekin lotu izan dutena, eta horiek ere beharrezkoak izan dira prozesuen amaiera arrakastatsuetarako. Eta prozesuaz pentsatzen hasten zarenean ikusten duzu: noiz desagertu da errazte lan hori dena? Ikusgarritasuna eman behar diegu balio horiei, eta narratibetan txertatu.

«Narratibetan geratzen dena da boteretik egiten dena, baina prozesu horietan egon da beste lanketa bat, balio femeninoekin lotu izan dutena, eta horiek ere beharrezkoak dira prozesuen amaiera arrakastatsuetarako»

Erakundeen erabakiak legitimatzeko bide bat da hori? Edo zein da lankidetzazko gobernantzaren helburua?

Helburua da arazoak elkarrekin konpontzea, bakoitzak bere aldetik ezin dituelako konpondu. Gero, zilegitasuna gai konplexua da. Lankidetzazko gobernantza ere gaizki erabil liteke. Gobernutik erabaki liteke itxurazko parte-hartze prozesu bat egitea, jendea gonbidatuta, itxura emanez prozesu parte hartzailea dela, baina gero han esaten denak erabakietan ez eragitea. Hala ere, esan nahi dut politika eta politikoekiko desatxikimendua goraka doan honetan, nik epe luzean bidelagun izan ditudan herri politiken arduradunek zintzo egin dutela elkarlanerako ahalegina, egoera batzuetan zaila izan den arren. Lankidetzazko gobernantza ondo egitea ez da batena edo bestearena goraipatzea, kontua da elkarrekin lana egitea, ze bakoitzak bere aldetik ezin ditu arazoak konpondu, eta gero eta arazo konplexu gehiago dauzkagu, zeinak elkarrekin egin ezean ezingo ditugun konpondu. Niretzat, oinarrian hori dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.