Mahastietan bisita egiteko prest dago taldea. Txango turistiko enologikoa egingo du. Antolatzaileak dozena bat lagun ditu aurrean. «Inporta zaizue bisita gaztelaniaz egiten badugu? Bikote honek ez du katalana ulertzen eta…». Isiltasuna nagusitu da, astuna bezain iluna. Zer egingo dute? Amore eman bizikidetza, begirunea, errespetua eta halakoak gogoan? Hala izango dela dirudi, baina ez. «Niri bai, inporta zait. Sentitzen dut, baina bisita katalanez zegoen iragarrita». Gizon bat da, ondoan 8 urteko semea duena. Gizabidez, baina irmo mintzatu da. Argi baino argiago esan du esan beharrekoa. Beste irtenbiderik ez, eta espainiarrei beste ordu bat eman die jardueraren arduradunak. Gaztelaniaz egingo dute bisita gero.
Zer dela-eta joan da bikote madrildarra Tarragona aldeko mahastietara, programan bisita katalanez izango zela jarrita bazegoen? Nahita edo konturatu barik jokatu du horrela? Batzuek halaxe ikusten baitute mundua, nagusien nagusikeriaz: Espainian gaude. Zergatik ez dugu bisita espainolez egingo? Zer dela-eta diskriminatuko gaituzte beraiek ere gaztelaniaz badakite? Logika hori darabilte.
Katalunian gertatu da, baina hemen ere izan zitekeen. Ikastaro edo saio bat eratu, aldez aurretik argi utzirik euskaraz izango dela. Halako batean norbait azaldu eta erdaraz egiteko, mesedez. Katalunian bezala, gurean ere antolatzaileak betiko esaldia botako du, tentu handiz: «Inporta zaizue…?». Eta xantaia emozionalak funtzionatu egingo du gehien-gehienetan. Edonoiz eta edonon.
Denak erdaraz. Bestela, itxiak, talibanak eta abar deituko digu bere ustezko askatasun linguistikoaren izenean euskara baztertu eta gure eskubidea zapaldu duen herritar sinpatiko irekiak. Duela hilabete batzuk Valentzian antolatutako katalanezko literatura-lehiaketara lan bat aurkeztu zuen idazle batek espainolez. Ezezkoa jaso eta auzitara jotzeko mehatxua egin zuen: eskubide osoa zuela, ez zutela diskriminatu behar... Planeta sarira euskarazko nobela bat bidaltzeko eskubidea aldarrikatuko genuke «euskara gaztelera bezain espainola» dela argudiatuta?
Telefono bidezko komunikazioan antzera gertatzen da, bestela bada ere. Sakelakorik ez zegoen garaietan egiten bazuten, nola ez dute, ba, gaur egingo? Behinola, probintziaren aurrezenbakia eta telefono zenbakiaren hasiera ikusi eta bazenekien etxe hori euskara nagusi zen eskualdean zegoen edo ez. 94-683, 94-616, 94-627, 943-85 edo 943-89 batera deitu eta aukera asko zeuden beste aldetik «nor da?», «zein da?» erantzuteko. Orain aldean daramagun telefonoaren zenbakiak ez du gune geografiko zehatzik iradokitzen. Ezin jakin hartzailearen herrian zein hizkuntza duten nagusi. Lurralde bakarra ezagutzen du sakelakoak: Espainia. Edo Frantzia.
Egun, enpresa batek bere hautu linguistikoa inposatzen dizu bere produktuak saltzeko deitzen dizunean. Zuk hots egiten duzunean, antzera. Aseguruaren erantzungailua belarria gozatzen hasi zaizu: «Esan zer hizkuntzaz nahi duzun zerbitzua». «Euskaraz». «Oraindik ez dugu zerbitzurik eskaintzen hizkuntza horretan». Zapuztu dute zure poza. Oasia basamortu berriz. Hizkuntza horretan, bai. Mintzaira hori ez da daniera, guarania, urdua edo txekiera. Euskal Herriko berezko hizkuntza dugu, ofiziala, eta hemengo enpresa bati deitu diozu. Gutxienekoak ez ditu betetzen. Ostegunean gertatu zitzaidan.
Noiz edo noiz bada albiste pozgarririk, baina. Madrilgo telefono batera dei egin eta, gutxien ustean, katalanez erantzun. Enpresa horrek hainbat langile ditu bezeroen zerbitzura eta pertsona horietako batek katalanez egiten du berba. Besteak ulertzen ez badu, gazteleraz segitzen du. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer arrapostu mota jasoko duen telefonoaz beste aldetik batzuetan. Areago zer gertatuko litzatekeen bezero espainiar batek lehenengo hitzak Kantauri aldeko dialekto ulertezinean adituko balitu: «Zuen eskaera euskaraz bideratzeko prest gaituzue, bezero maitagarriok. Inporta zaizue?».