Garikoitz Goikoetxea. BERRIAko kazetaria

«Inplikatu egin behar dira euskara eurena ez dela sentitu dutenak»

Azken urteetan euskararen inguruan eginiko hausnarketa eta eskaerak bildu ditu Goikoetxeak, 'Euskara irabazteko bidean' liburuan. Euskara agendan sartzeari garrantzitsu deritzo.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Andoain
2016ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Euskararen egoeraren argazki panoramikoa egin du Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetariak (Elduain, Gipuzkoa, 1989), Euskara irabazteko bidean liburuan; Elkarrek, BERRIAk eta Jakin-ek elkarlanean sustatutako Aleka bildumaren bigarren lana da. Ehun eragileren iritzia bildu du, euskararen inguruan eztabaidagai diren gaiak azaleratzeko: ezagutza eta erabilera, diskurtsoak, euskalgintza, hizkuntza politika... Igandean aurkeztuko du azterlana, Durangoko Azokan.

Denbora daramagu aldaketaz hitz egiten. Hori da liburuaren abiapuntua.

Abiapuntu nagusia da euskararen inguruan dabilen jendearen artean zabaltzen ari den sentsazio bat: nolabaiteko aldaketa edo eraberritze fase batera sartzen ari garela. Bakoitzak bere esparrutik aipatu ditu aldaketak edo premiak. Batetik, belaunaldi aldaketa bat dator, 1980ko hamarkadan hasitako jendea erretiro adinera iristen ari da. Bestetik, egoera soziolinguistikoaren aldaketa: eskolatik ari gara gero eta euskaldun gehiago lortzen, baina beste baldintza batzuetan jaso dute euskara. Beste joko zelai bat da. Oraindik ere gaitasunean badago zer hobetu, baina partida aldatzen ari da: erabilerara. Hortaz, bi aldaketa horien aurrean, beste pauso bat dago. Hori jorratu nahi izan dugu.

Eta pauso horiek zein izango diren ondorioztatzea lortu duzu liburua landu ahala?

Ehun lagunen iritziak jaso ditugu, eta, azkenean, bakoitzak bere pelikula dauka orain arte egindakoaz, oraingo egoeraz eta etorkizunaz. Hala ere, ikusten da ari dela bidetxo bat urratzen, halako sintonia bat sortzen: ez nintzateke ausartuko esatera musika bateratu bat dagoela, baina bai sintonia bat. Adibidez, oso zabaldua eta onartua dugu eskubideen diskurtsoa: erdaldunen eskubide berberak izan behar ditugula euskaldunok, gaur egun berdintasunik eza jasaten ari garela, eta neurriak hartu behar direla. Horrekin esaten ari gara: «Hau ez da euskaldunon arazoa bakarrik». Feminismotik ekarpen handia egin da; emakumeak gizonen pare jartzea ez da andreen egitekoa soilik, gizonona ere bada. Euskarak aurrera egin dezan, gizarte osoaren inplikazioa behar da, eta inplikatu egin behar dira orain arte euskararen gaia eurena ez dela sentitu dutenak. Asmatu behar dugu hori bideratzen, eta euskal kultura ikusgarri egitea da bideetako bat.

Diskurtso berriak eraikitzea izango da giltzarri bat, jende hori erakartzea?

Jendea erakartzen jarraitzea ezinbestekoa da: gaitasunean hutsune handiak daude oraindik ere. Hor jarraitu beharko dugu. Baina bi aldeetatik tiratu beharko da. Azenarioa ala makila? Biak. Azenarioa behar da, noski: jendeari ikusarazi behar zaio zer onura dituen euskararekin, bai beretzat, bai albokoentzat, eta ez duela ezer galtzekorik. Baina limurtzearekin ez da dena lortzen: obligazioak ere jarri behar dira mahai gainean. Betebehar zibiko kontzeptua aipatu du Ibai Iztueta pentsalariak. Berdintasunaz eta justizia sozialaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, hizkuntzaren esparrura ere ekarri beharko dugu hori.

Abertzaletasunetik atera egin behar da euskararen aldeko diskurtsoa?

Ez nuke esango batetik edo bestetik atera behar denik: sartu egin behar da denetan. Arazoa ez da abertzaleek euskara beren diskurtsoan edukitzea, baizik eta besteek ez edukitzea. Ez du balio esateak: «Abertzaleena denez euskara eta ni ez naizenez abertzalea, euskara ez da nirea». Ziur aski, euskara alderdikeriaz erabili da batean eta bestean; litekeena da abertzaleek ere hori egin izana, baina, gerta liteke, baita ere, euskal abertzale ez denak aitzakia gisara erabiltzea argudio hori, euskara bazterrean uzteko. Garai horiek gainditzea ezinbestekoa da.

Agendan dago euskara?

Ez nuke esango. Bada denbora bat gai batzuk bigarren mailan geratu direla, eta euskara da horietako bat. Euskararekin badago beste kontu bat: botoak irabaztea zail dagoela euskararen alde eginda, eta botoak galtzeko beldurra dagoela maiz. Distantziamendu bat ez dakit den, baina sumatzen da gehiegi busti nahi eza. Ez denen aldetik berdin, jakina, baina bai. Alderdietako jende euskaltzalearekin hitz egin besterik ez dago.

Feminismoaren ekarpena aipatu duzu. Feminismoan badago ideia bat: berdintasunaren irudi faltsua, dena egina dagoela sinestea. Euskaran ere badago?

Hori diote ikerketa batzuek, bai. Lehenbizi aitortu behar da gauza bat: asko egin da, eta asko egin du jende askok. Baina ñabardurak jarri behar dira. Batetik, asko egiteak ez du esan nahi asko dagoenik egina. Bestetik, aitortu behar da hutsuneak agertu direla; naturaltasunez aitortu behar da hori. Lortu dugu euskaraz dakitenen kopurua handitzea, baina beste egoera batean daude euskaldun gero eta gehiago: bigarren hizkuntza da haientzat, inguru erdalduna dute, erraztasun handiagoa erdaraz, egunerokoan erdaraz funtzionatzen dute... Zergatik eta zertarako egingo dute euskaraz? Onartu dugu ezagutzak bere hutsean ez dakarrela erabilera, eskolan ikasteak ez duela esan nahi kalean egitea. Hau ere onartu beharko genuke: erabilerak badakarrela gaitasuna, eta erabilerarik ezak, gaitasuna atzentzea.

Orain arte bezala euskaldundu ez den belaunaldi bat heltzen ari da helduarora. Eskolaren ostean, zer?

Gazteei buruz hitz egiterakoan, hasi beharko genuke haien gain uzten dugun erruaren zama kentzen. Euskara gazteek erabiltzen dute gehien. Hori esanda, aztertu beharko genuke erabilera handiagoa ez egitearen oinarrian zer dagoen. Zergatik ez dute erabiltzen gehiago, ez dutelako nahi? Argudio hori emango dugu bere hutsean? Edo inguruak ez dituelako bultzatzen, eta ez daukatelako baldintza egokirik horretarako? Oraingo planteamenduarekin, hau esaten ari gara umeei eta gazteei: «Eskolan bermatuko dizugu euskaraz egin ahal izatea; handik ateratzen zarenean, eutsi horri». Ordu batzuetan eskaintzen dieguna ordu guztietan egitea eskatzen diegu. Oso adierazgarriak dira Arrue ikerketaren datuak: gizarte sareetatik zenbat eta gertuago, haren joeretara jotzen dute gazteek, erdarara. Beraz, gazteei zer exijituko diegu, gizarteak egiten ez duena egin dezatela?

Eman beharreko guztia eman du eskolak?

Lehenik, esan behar da ekarpen handiena hark egin duela. Hainbeste eta hainbeste etxetan lortu du belaunaldi berriek euskaraz jakitea. Baina, azkenean, ume batek bizitzaren ehuneko zenbat pasatzen du ikasgelan? Eskolan egiten du bizitza sozial gehiena? Eskolak eman dezake gaitasun bat, baina ezin du baldintzatu haren erabilera soziala. Beste esparru batzuk euskalduntzen ez diren arte, alferrik arituko gara eskolari eskatu eta eskatu. Egongo dira hobetu beharrekoak —ahozkotasuna, adibidez—, baina handik kanpokoari begiratu behar zaio: aisia, lantokiak... Euskalduntze bidea ezin da mugatu ikasgelara eta bizitzako lehen hogei urteetara.

Aktibazioa asko aipatzen da, eta ezagutzaren unibertsalizazioa ere bai. Nola ikusten duzu hori?

Erabilera batez ere bi baldintzaren esku dago: norberaren gaitasuna eta ingurua. Denda batera joaten garenean, adibidez, bi baldintza horiek jartzen dira mahai gainean. Batetik, zein hizkuntzatan daukagu erraztasuna zer nahi dugun dendariari esateko? Bestetik, euskaraz egitekotan, dudatan ibiltzen gara, jakingo ote duen. Bi baldintza horiek inertzia bat sortzen dute, erdarara jotzeko. Ezagutza unibertsaltzeak beste ate batzuk irekiko lituzke. Iristen baldin bagara egoera batera non edozein dendatara joanda seguru jakingo dugun euskaraz kasu egingo digutela, estresa asko gutxituko da. Eta horrekin ez dugu dena egingo, baina atea irekiko dugu pauso gehiago emateko.

Liburuan bada erdal elebakartasuna ontzat jotzen duen bat edo beste. Diskurtso hori zabaltzeko arriskua ikusten duzu?

Ez. Gero eta gaindituago dago aldarri hori. EAEko hezkuntzako matrikulazioa da adibiderik argiena: inork behartu gabe, obligaziorik gabe, zer bide egin den. Gurasoek zer eredutara bidaltzen dituzten umeak. A eredura nork bidaltzen ditu seme-alabak? Zein gurasok dio ez duela nahi beren umeek euskaraz jakitea? Irabazte bidean dagoen partidetako bat da hori. Baina segida behar du: umeak euskarazko hezkuntzara bidali dituen gurasoari esan beharko zaio pauso gehiago behar direla haurrak aukera izan dezan euskara erabiltzeko —bestela erabat atzenduko zaiolako ikasi duena—. Umeengan zuzenean ez ezik, eragin behar da haien inguruan ere.

Euskalgintza nola ikusten duzu?

Ziklo berriak-eta aipatzean, euskarari buruz ari gara, baina, nolabait ere, euskalgintzari buruz ere bai. Euskalgintzako hainbat esparrutan dabilen jendearekin hitz eginda, sumatzen da aldaketa premia eta nahia. Elkarlan beharra, batez ere. Euskalgintzak pisua hartu du, gero eta esparru gehiagotara iristen da —horrek berak ere ekarri du euskarak aurrera egitea—. Euskararen geroari buruz gogoeta egin behar badugu, eta bide berriak jorratzen hasi, euskalgintzan ere ezinbestekoa da gogoeta egitea. Eta gogoeta dezente martxan jarri dira jadanik.

Ezkor samar mintzo dira batzuk, euskalgintza ez delako gai politika publikoak baldintzatzeko.

Egoera aldatzen ari dela agerikoa da; mobilizazio gaitasuna ahuldu egin da, adibidez. Nolabaiteko erlaxazio bat ekarri du euskarak aurrera egiteak, eta nekea ere badago. Politika publikoak baldintzatzeko, behar da mobilizazio gaitasun hori, eta gizarteko hainbat lekutara iristea. Euskalgintza egiten hasi behar da beste sektore batzuetan: erakutsi zer den hau, zer aukera dituzten, zer ez duten ikusten. Sarea zabaldu behar da.

Prekaritatea ere batek baino gehiagok aipatu dute. Badu loturarik ezkortasunarekin?

Nekea sortzen du prekaritateak, neke handia. Euskalgintzako esparru askotan gertatzen da hori. Arlo askotara iritsi da euskalgintza, eta osasuna badu alde horretatik. Baina zenbat eskatzen ari gara jendeari? Zer baldintzatan lan egiten da? Militantzia barneratua dago oso, baina prekaritateak nekea sortzen du, eta horren atzean dauden beste sentimendu ezkor asko. Galera ere bai: profesional prestatuak beste arlo batzuetara joatea. Bideratu beharreko gaietako bat da prekaritatearena, etsipen giroa gainditzeko, aurrera begira ilusioz jartzeko. Irabazteko bidean aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.