Benito Fernandez Gonzalez zuen izena, eta Prauan jaio zen, Asturiasen (Espainia). Jose zuen aita, eta Sinforosa ama. 33 urterekin hil zen, Gernikan, tuberkulosiak jota, 1940ko ekainaren 3an. Gernikako gerra presoen ospitale militarrean hil zen azken gaixoa izan zen: 269.a. Azkena. Ospitalea zen, baina kartzela aldi berean. Bando errepublikanokoak ziren bertako guztiak, eta ahaztuta egon dira orain dela gutxi arte. Horiek gogorarazteko liburu bat idatzi dute Gernikazarra historia elkarteko Jose Angel Etxanizek eta Vicente del Palaciok, eta Pipergorri kultur elkarteko Amagoia Lopez de Larruzeak eta Iñaki Uribarrenak: Gernikako gerra-presoen ospitale militarra. 1938-1940. Lehenengo biek testuingurua eman diote ospitaleari Gernikan hil atalean, eta hildako errepublikano horien zerrenda xehatu dute bigarrenek, 269 preso in memoriam zatian.
Urteak eman dituzte Lopez de Larruzeak eta Uribarrenak artxiboak arakatzen eta preso horien gaineko informazioa biltzen. Besteak beste, Salamancako eta Avilako artxibo militarrak eta zenbait elizbarrutiren agiritegiak erabili dituzte, eta udalekin jarri dira harremanetan familiekin kontaktua egiteko. Kontatu dutenez, familietako askok oso eskertuta erantzun diete haien aurkikuntzagatik. Batzuek uste zuten beren arbasoak frontean fusilatuta hil zirela, eta orain badakite ez zela hala izan. Egia jakiteak haien familietan kontatzen ziren pasadizoei epikotasuna kentzen ote dien galdetuta, ezetz erantzun dute liburuaren egileek. «Familiek ez dute epikotasunik behar, egia baizik. Jakin nahi dute non dagoen euren senidea eta zer gertatu zitzaion». Hori izan da Lopez de Larruzeak eta Urionabarrenak hartu duten lema, eta hil ziren horien %94 identifikatzea lortu dute. Familia askorekin egin dute berba, eta 60 presoren biografia laburrak txertatu dituzte liburuan, horien memoria gordetzeko.
Arrazoi askok eragin dute herrian atal hori ezezaguna izatea. Bonbardaketak herriko eraikinen %1 utzi zituen ukitu barik, eta ez ziren hondakinak kentzen hasi 1941. urtera arte. Gerratik bizirik atera zirenak inguruko herrietara mugitu ziren berreraikitze lanak hasi arte, eta ez zuten urte bi horietakoa hurbiletik ikusi.
Aurretik egondako zifra dantza konpontzea izan da egileen helburuetako bat, eta errepublikano horien oinazea herrian ezagutaraztea beste bat. «Errehabilitazio soziala» eman nahi zietela azpimarratu dute. Lopez de Larruzea: «Urteetako ahanztura bidegabe eta interesatuari aurre egin nahi izan diogu». Hilerri kanpoan lurperatu zituzten ia denak, hobi komun batean. Lortutako datuen arabera, gehien-gehienak tuberkulosiak jota hil ziren: %76. Kontzentrazio esparruetatik, kartzeletatik eta beste ospitale militar batzuetatik ekartzen zituzten larri jada; batzuek egun gutxi iraun zuten.
Egileek aurkitutakoagatik, gosea eta farmako falta ere izan ziren faktore handiak haien heriotzetan. Liburuan aipatu dutenez, erregimen frankistak errepresioari eusteko erabiltzen zituen dozenaka kartzeletako bat zen Gernika-Lumokoa. 269 horietatik espainolak ziren gehienak; Asturias (73), Gaztela (42) eta Andaluziakoak (34) batez ere. Herrialde Katalanetakoak 53 ziren, eta Euskal Herrikoak, 19. Hemeretzi horiek ez ezik, beste hiruk zeukaten Euskal Herria bizileku. Gainera, Brigada Internazionaletako lau kide ere hil ziren bertan. «Ahanztura» ideologiarekin ere lotuta egon daitekeela uste dute Lopez de Larruzeak eta Uribarrenak. «Hogei bizkaitarretatik zazpi bat bakarrik dira gudariak; besteak milizianoak dira. Gure gerraren imajinarioan gehiago gorde dugu gudarien memoria», azaldu du Lopez de Larruzeak.
Ahaztutakoak gogoratzen
2015etik daramate Pipergorri kultur taldekoek omenaldi «xume» bat egiten presoei hilerrian. Iaz, Jose Ibarrolak eskultura bat egin zuen haien omenez: Ereñoko harri bat, «zauri» batekin. Egileek liburuaren aurkezpena aprobetxatu zuten hainbat senideren istorioak entzuteko, eta hainbat familia joango dira hilerrira ekainaren 3an, Benito Fernandez Gonzalez 269. presoaren heriotzaren egunean.
Inork oroitzen ez zituen 269 gaixo
85 urte bete dira gaur naziek eta faxistek Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik. Herrian ezezagunagoa da osteko errepresioa, eta hori azaldu dute Gernikako gerra-presoen ospitale militarra. 1938-1940 liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu