Indarkeria matxista. Sexu bortizkeria eztabaidagai. Norma Vazquez. Psikologoa

«Inork ez du planteatzen egiaz gertatu ahal zaionik»

Izu sexualaren mehatxuak eragin handia izan dezake emakumeen eguneroko bizimoduan eta sexualitatean. Horri aurre egiteko, analisi feministarako tresnak aldarrikatu ditu Norma Vazquezek.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Indarkeria matxista jasan duten emakumeekin lan egiten du Norma Vazquez psikologoak; besteak beste, sexu bortizkeria pairatu dutenekin. Haren ustez, eraso bat kudeatzerakoan, erasoa bera ez ezik, ingurukoen erantzuna ere hartu behar da kontuan.

Zein eragin du izu sexualaren mehatxuak emakumeen eguneroko bizimoduan?

Indarkeria azaltzeko eta horretatik defendatzeko norbere tresnen araberakoa da inpaktua. Erremintarik ez baduzu, segur aski pentsatuko duzu zer egin dezakezun nolabait indarkeria hori ez eragiteko, edo zure mugikortasuna mugatuko duzu... Aldiz, analisi feministarako tresnak badituzu, edo autodefentsarako erremintak badituzu, zeure buruari muga gutxiago jartzeko eta errua ez botatzeko modua izango duzu. Baina, paradoxikoki, nahiz eta denok pentsatu eraso bat edonori gerta dakiokeela, inork ez du planteatzen egiaz gertatu ahal zaionik.

Zergatik diozu hori?

Gure diskurtsoetan esaten dugu erasoak ezagunek egiten dituztela, baina gure iruditerian, perbertso sexualaren figurak indar handia du oraindik. Subjektiboki ere errazagoa da horrekin bizitzea, baina praktikan ez zara ohartzen zure bizilagun atsegin hori edo zure adiskide bat izan daitekeela.

Hortaz, bikotekidea izan daitekeela pentsatzea ere nahiko zaila izango da, ezta?

Emakumeek eurek ere ez dute indarkeria sexual gisa planteatzen bikote barrukoa, ez direlako izaten eraso fisiko bortitzak. Baina sexu harreman baimendu bat edukitzeak esan nahi du praktika guztiekin bat zatozela, eta hori ez da beti gertatzen.

Nola eragiten du bortxa horrek sexualitatearen eraikuntzan?

Emakumeen sexualitatea besteari plazera ematera bideratuz, eta ez norbere buruari ematera. Bikoteetan, adibidez, gatazka bat dagoenean, sexu harremanak erabiltzen dituzte gizonak baretzeko; gustuko ez dituzten praktikak onartzen dituzte, atsegin emateko. Duela bi belaunaldi, andre askorentzat sexualitatea ez zen existitzen gozamen gisa, baizik eta ezkon obligazio eta ugaltzeko modu gisa. Plazera neska txarrena zen; ideia hori zaharra da, baina emakumeoi oraindik kostatzen zaigu geure buruari plazererako baimena ematea.

Eta gizonengan?

Sexualitate genitalizatuta eraikitzen dute, instrumentalizatua: barrua husteko. Jarduera gehienak ez dira ezer konpartitzeko, baizik eta deskargatzeko. Ez dut uste gazteen arteko erlazio heterosexualak bestelakoak direnik: ez dute hitz egiten sexualitateaz, plazeraz... Ziurtzat jotako gauza asko daude: mutilak uste du neskak dena gustuko duela, eta neskak, amore eman behar duela.

Esaten da legeek ahaztua dutela sexu indarkeria. Baliabideetan nabaritzen al da?

Bai, ez daude laguntza berberak. Isatsari hozka egiten dion arraina da: zerbitzuak ez dira egokitzen; beraz, emakumeak ez dira gerturatzen; eta emakumeak ez dira gerturatzen; beraz, zerbitzuak ez dira egokitzen. Interes politikoarekin lotuta dago: indarkeriaren definizioa irekiz gero, pertsona gehiagok erabili ahalko dituzte baliabide publikoak, baina horrek esan nahi du baliabide gehiago jarri behar direla. Haurtzaroan indarkeria sexuala jasandako gero eta pertsona gehiago agertzen ari dira, adibidez, baina ez zaie baliabiderik bideratzen.

Zein prozesu psikologiko egiten dute emakumeek sexu eraso bortitz bat jasan ostean?

Gutxi etortzen dira laguntza psikologiko bila erasoa gertatu eta berehala; gehienetan, beste bizipen batek desestali du erasoa. Lehenik, esanahia eta azalpena bilatzen diote gertatu zaien horri; askotan, nahikoa da onartzearekin nahi ez duten zerbait egin dietela. Gero, erasoak utzi dituen arrastoak aztertu behar dituzte, sexualitatean ez ezik, egunerokoan ere: nola egiten duten lo, nola jaten duten, zer egiteari utzi dioten... Bide horretan hasten dira aurrera egiten, lantzeko prest dauden minen gainean lan egiten. Baina kasu bakoitzaren araberakoa da.

Emakumeei askotan esaten diete bortxaketa bat dela gerta dakiekeen gauzarik okerrena.

Esaldi hori oso patriarkala da. Zerikusia du erasotzaileari eta berak egin duenari ematen diogun boterearekin: zu suntsitzeko ahalmena al du? Erasoaren ondoren datorrenaren araberakoa da: zure inguruak babesten eta zaintzen bazaitu, ez bazaituzte errudun sentiarazten, elkartasuna baduzu... ez da izango gerta dakizukeen okerrena. Noski, erasoak ez dira esperientzia onak, min handia eragiten dute, baina bizitzen jarraitu dezakezu suntsitua izan gabe. Horren kontra doa esaldi hori: mehatxua legitimatzen du, eta andreen erantzuna blokeatzen du. Baina iruditzen zait sexu indarkeriaren arloan lengoaia asko dagoela asmatzeko, zeren, batetik, ez dugu nahi esatea okerrena denik; baina, bestetik, aurkakoak ekar dezake minimizatzea, balioa kentzea... Oraingoz, esan dezakegu beti dela mingarria.

Baina erasoek, intentsitate txikikoek ere, haustura bat eragiten diete emakumeei.

Min handia egiten dute; batzuetan, ingurunearen erantzunak eragiten du haustura hori, edo erreparaziorik ezak. Baina, noski, eraso bat gorputzaren inbasio bat da, borondatearen kontrakoa; dagokion entitate psikologikoa eman behar zaio, zure espazioa zurea delako, zure ni-a inbaditu duelako. Baina horri boterea kentzeko gaitasuna baduzu, hobeto itzuliko zara zeure onera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.