Laugarren greba astean, nekatuta eta haserre baina borrokan jarraitzeko prest daude eskola jantokietako langileak. Bat datoz behargin gehienak: enpresek ez dute negoziatu nahi, eta Eusko Jaurlaritzak ez ditu langileen aldarrikapenak babesten: «Bigarren mailako langiletzat gaituzte, inor ez da gure egoeraz arduratzen». Errenteriako (Gipuzkoa) Langaitz ikastolako jantokiko langile baten iritziz, Eusko Jaurlaritzari ez zaio batere axola eskoletan azpikontratatua dagoen zerbitzua, eta euren aldarrikapenak desitxuratzen ari da, gainera. «Funtzionarioen gisako soldatak nahi ditugula diote, baina gure nahia umeak hobeto zaintzea da». Soldata igoera ere beren eskakizunen artean dagoela azaldu du, aspaldi itundu arren, patronalak inoiz bete ez duen konpromisoa dela gogoraraziz.
Hernaniko (Gipuzkoa) Gabriel Zelaia eskolako langilea da Tania Sanz; gurasoen artean jarrera askotarikoak daudela dio: «Batzuk gure alde daude, eta besteek ez gaituzte ulertzen». Langileetako asko ama ere badirela gogoratu du, eta, beraz, gatazka honek bi aldetatik eragiten diela. Maite Agirre Gorlizko (Bizkaia) ikastetxeko jantokiko langileak ere alde guztietatik «zapalduak» sentitzen direla dio. «Baita gurasoengandik ere, ez dugu ulertzen zergatik duten hain jarrera gogorra gurekiko». Izan ere, Agirreren ustez, denentzat onuragarriak diren neurriak dituzte xede. «Egun, 36 ume inguru dago langile bakoitzaren ardurapean, eta jatorduei eskainitako denbora oso murritza da», azaldu du. Zerbitzuaren kalitatea baldintza horietan eskasa dela esan du. Bestalde, umeen heziketan laguntzeko formazioa falta dutela. «Alergiak asko ugaritu dira, etorkin asko dago, eskola jazarpena ere gero eta arazo larriagoa da... Onuragarria da langileoi gai horien inguruko informazioa eskaintzea». Gorlizko ikastetxeko Marga Angua beharginaren ustez, Jaurlaritzak enpresak belarrietatik heltzeko unea da: «Ea indar erakustaldi honek blokeo egoeratik ateratzen gaituen».
Erika Mozok Eurest enpresan dihardu. Langileen eskaerak aspalditik agerian daudela dio, eta Jaurlaritzaren zein enpresen esku dagoela irtenbidea. «Ezin eutsizko egoera da jada. Bai guretzat, bai familia eta umeentzat».
«Inor ez da gutaz arduratzen»
Haserre daude beharginak; enpresek eta Eusko Jaurlaritzak irtenbidea bilatzeko borondaterik ez dutela diote, eta «bigarren mailako» langiletzat dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu