Inor diagnostikorik gabe ez gelditzeko

Gipuzkoako etengabeko arretako guneetan medikurik gabe daudela adierazi dute erizainen eta medikuen elkargoek. Salatu dute gabezia horrek ondorioak dituela bai guneetako profesionalengan eta baita eskaintzen duten arretan ere.

Gipuzkoako medikuen eta erizainen elkargoek ohar bateratua egin dute. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Arnasa ezin hartu dagoen ume bat Gipuzkoako etengabeko arretako gune batera joan da, normalean ongi egiten dion botikak efekturik ez duelako. Erizaina bakarrik dago gunean, eta umearen egoera aztertu ostean badaki zein botikak lagunduko dion. Baina ezin dio ezer jarri medikuaren preskripziorik gabe. Medikurik ez dagoenez, ospitalera bideratu behar du umea. Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargoko buruak adierazi du gune horietan maiz izaten dituztela gisako egoerak. Horrelakoek herritarrendako dituzten ondorioak nabarmenak diren heinean, herrialdeko erizainen nahiz medikuen elkargoek ohar bateratua zabaldu zuten atzo. «Marra gorri guztiak» gainditu direla salatu dute.

BERRIArekin hitz egin du etengabeko arretako gune horietako batean erizain lan egiten duen emakume batek. Ez du izenik eman nahi izan, baina azaldu du hamar urte daramatzala lanean, eta zenbaitetan eritasun edo arazo «hutsalak» dituzten pazienteak artatzen dituztela, baina baita «kasu larriak» ere: eztarri trabatzeak, asma, bihotzekoak eta abar. «Kasu horietan ez bada azkar erantzuten, pazientea hil egin daiteke», azpimarratu du. Medikua badago, ez dago arazorik, baina, erizainak bakarrik badaude, ezin dute ezer diagnostikatu edo errezetatu, eta horrek anitz konplikatzen du egoera.

Kasu horietan berez haiei ez dagozkien erabakiak hartzeak ondorioak dituela dio. «Noraino gaude babestuta? Agian asmatzen dugu zer duen pertsona horrek, susmatu dezakegu, baina ez dugu ziurtasunik, ez dugu formakuntzarik ziurtasun hori izateko», borobildu du.

Lekuonak argi du mediku gabezia horren muinean dagoen arazoa zein den: «Ez da mediku falta, soldata falta baizik. Penagarriena da instituzioek hori ez konpontzea». Medikuen soldatez ari da, lehen arretako larrialdietako eta etengabeko arretako guneetako aparteko orduen prezio desberdintasunaz, zehazki. Gaur egun, etengabeko arretako medikuek bertzeen erdia kobratzen dute aparteko orduengatik.

Hala, Belen Alonso medikuen elkargoko idazkari nagusiak dio eskakizun bakarra dutela: «Berdindu dezatela lehen arretan eta etengabeko arretako guneetan ordaintzen dena aparteko orduengatik». Ez da eskaera berria; izan ere, iazko udatik Eguberrietara bitarte Osakidetzak neurri bat jarri zuen martxan, zeinaren bidez bi gune horietako aparteko orduak berdindu zituen. «Baldintza horietan lan egiteko prest zeuden medikuak», dio Alonsok. Otsailean, baina, bertan behera gelditu zen instrukzioa eta iazko baldintzetara itzuli ziren, eta Osakidetzak ez du martxan jarri udarako: «Ez dugu ulertzen zergatik iaz funtzionatu zuen neurri hori aurten ez den aplikatzen».

Egungo baldintzetan, medikuek ez dute lanik egin nahi gune horietan. Alonsoren erranetan, ez dielako «konpentsatzen». Izan ere, gune horietan egiten dutena aparteko lana da, beraiek erabakitzen dute egin edo ez. Lekuonak dio erizainek ere prezio desberdintasunaren ondorioak jasan behar izaten dituztela, ezin dutelako beren lana «ondo» egin. «Ez baldin badago medikurik, erizainak pazienteari ez dio arreta osoa ematen ahal, eta ospitalera bidali behar du. Han berriro balorazioa egingo diote, eta prozesua berriz ere hasiko da, sistema geldotuz», argitu du.

Kontraesanak

Kate bat da, beraz, eta pazienteak dira azkeneko maila. Lekuonak dio kontraesan hutsa dela pazienteak etengabeko arretako guneetatik ospitalera bideratzea: «Herritarrei esan diegu ospitalera ez joateko lehen arreta balitz bezala; orduan, etengabeko arretako gune batera joaten badira, espero dute artatuko dituztela eta ez dute espero beste inora bideratzea». Esan duenez, herritarrei medikuen gabeziaren berri eman behar zaie, kasu larrietan denbora irabaztea garrantzitsua delako.

Alonso ere ados dago: «[Udan] turista asko ditugu, eta, beraz, paziente potentzial gehiago. Kezkatuta gaude pazienteei emango zaien arretaz, profesional guztion ardura delako haien ongizatea zaintzea». Osakidetzak ez die azalpenik ematen, eta hori ez dutela ulertzen dio Alonsok. Negoziatzea sindikatuei dagokie. Esther Saavedra ELAko kideak dioenez, azkeneko Mahai Sektoriala ekainaren 14an izan zen, eta Osakidetzak «aparteko orduen ordainketa hobetzeko proposamen bat» aurkeztu zuen. Egun, alegazioetarako epea irekita dago, eta aurreikusi dute ekainaren 28rako Mahai Sektoriala biltzera deituko dutela, proposamena ixteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.