Donostiako Aste Nagusia

"Inoizko festa parte hartzaile, euskaldun eta herrikoienak", udalaren arabera

Milioi bat pertsonak parte hartu dute udalaren egitarauko ekintzetan. Suak izan dira ekitaldi jendetsuena.

2014ko abuztuaren 18a
19:12
Entzun

Bukatu da Donostiako Aste Nagusia, eta oso ona izan da udalaren aurtengo balantzea. Juan Karlos Izagirre alkateak azpimarratu du inoizko festa parte hartzaile, euskaldun eta herrikoienak izan direla. Festa, aurreratu zuten moduan, hiri guztira zabaldu da aurten, eta alkateak gune berrien egonkortzea aipatu du. Gainera, esan du herritar aktiboak nahi dituztela eta hori lortu ahal izan dutela, bai udalak eta bai herri mugimenduek antolatutako ekintzekin; herritarren erantzuna paregabea izan da.

Eguraldiak asko lagundu ez duen arren, astearte gaueko enbatari aurre egiteko antolatzaileek zein herritarrek eman zuten erantzuna goraipatu du Izagirrek, eta herritarrak zoriondu ditu euria egin arren festara irteteagatik. Esan du haiei esker kalea bizi-bizirik eta kolorez beteta egon dela aste osoan.

Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara arduradunak, berriz, azaldu du udalaren egitarauko 383 jarduerek harrera ona izan dutela eta suak izan direla beste urte batez jendetsuenak. Hala ere, jarduera txikiagoen garrantzia ere azpimarratu du, eta horien artean arrakastatsuenak aipatu ditu: zezensuzkoa, Sagueseko kontzertuak, Zurriola Kultura Irekia, goitibeherak, Kursaaleko gazteen gunea...

Donostiako Aste Nagusiko berri txarra lehen gauean gertatu zen sexu erasoa izan da. Ekintza gaitzetsi ondoren, alkateak eman zitzaion erantzun sozial ona aipatu du, eta eskatu du horrelako ekintzak errepika ez daitezela ez jaietan eta ez eguneroko bizimoduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.