Mediku espezialista batekin lehen hitzordua izateko zain zeuden nafarren kopuruak behera egin zuen udaren aurretik, baina markak hautsi ditu abuztuan: 70.840 herritar dira guztira —66.071 ziren uztailean—. Iazko abuztuko datuekin alderatuz gero, 4.909 gehiago dira. Epeari dagokionez, batez beste 88 egun itxaron behar dute espezialista batekin lehen kontsulta izateko, ia hiru hilabete. Uztailean 81 egun ziren. 9.515 herritar daude operazio baten zain, iazko abuztuan baino 825 gehiago. Batez beste 102 egun itxaron behar da operatu ahal izateko. Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak eman ditu datuak, Nafarroako Parlamentuan, gobernuaren kontrol saioan —Nafarroako Gobernuaren webgunean daude—.
Herritar gehienak traumatologia eta ortopedia mediku batekin egoteko zain daude: 12.454 dira guztira. Dermatologoak hartu zain daude 9.164 eta oftalmologoak hartu zain 8.462. Hala ere, kirurgia baskularreko espezialistarekin kontsulta bat izateko itxaron behar da gehien: 319 egun batez beste, hamar hilabete eta erdi. Operazioei dagokienez, traumatologia eta ortopedia operazioen zain daude 2.836 herritar, kirurgia orokorreko operazioren bat izateko 1.753 eta oftalmologia operazioren zain 1.658. Kirurgia plastikoa da gehien itxaron behar den espezialitatea operatzeko: 162 egun batez beste, bost hilabete eta erdi ia.
Igoeraren balizko arrazoi batzuk aipatu ditu kontseilariak: medikuen oporrak; BAME barne mediku egoiliarrek oraindik ez dutela bukatu beren prestakuntza; eta aurten ezin izan dituztela mediku gehiago kontratatu —iaz 54 izan ziren—. Dominguezen kalkuluen arabera, mediku horiek guztiek 10.000 herritar artatu zitzaketen uda honetan. Osasun zerbitzuekin eta itxaron zerrendekin lotura zuzenik ez duen arrazoi bat ere aipatu du: «Ziur gaude datuak hobetu daitezkeela, hala frogatu dugulako, baina giro politikoak ez du laguntzen». Datuen gordintasuna arintzeko, iragarri du irailaren hasierako datuen joera askoz hobea dela, eta itxaron zerrendetan dauden herritarren kopurua jaisten ari dela.
Denbora eske
Itxaron zerrendak dira osasun sistemen egoera neurtzeko termometroetako bat, bai herritar kopurua, bai itxaron beharreko denbora: lehen arretan, espezialistekin lehen kontsultak izateko eta operatzeko. Dominguezek, ordea, itxaron zerrenden garrantzia arindu nahi izan du, esanez bere departamentuaren lana ezin dela neurtu bakarrik itxaron zerrenden arabera, eta aintzat hartu behar dela kasu batzuetan —bihotzekoak eta iktusak— erantzuteko izaten den azkartasuna.
Osasun kontseilariak denbora eskatu du: «Sistemaren eraldaketak, egiturazko aldaketek eta erabaki ausartek denbora behar dute».