Inoiz baino kontsulta gehiago izan du adingabeei arreta emateko telefonoak

Zeuk Esan zerbitzuak 2.197 kontsulta jaso zituen iaz, aurreko urtean baino 572 gehiago. Ondoez psikologikoa eta jazarpena izan ziren kontsultetako gai nagusiak.

Nerabe talde bat paseoan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nerabe talde bat paseoan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gotzon hermosilla
Bilbo
2025eko apirilaren 22a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

16 urteko neska batek harremana izan du adin bertsuko mutil batekin, eta harreman hori bukatzea erabaki du. Baina, orduan, mutilak haserre erreakzionatu du, neskaren ibilaldi eta jarduerak kontrolatzen ahalegindu da, eta hari tratu txar psikologikoak ere eman dizkio. Hori ikusita, laguntza bilatu du neskak, eta 116111 telefonora deitu du.

Ez da asmatutako zerbait. Zeuk Esan zerbitzuaren 2024ko txostenak jaso du kasu hori, eta horien moduko beste asko: 3 urteko neska baten kontrako tratu txarrak salatzeko pertsona anonimo batek egindako deia, edo 13 urteko mutil batek egindakoa, triste eta baztertuta sentitzen delako, ohiko lagunekin harremanetan jartzeko arazoak dituela ikusita. Orotara, 2.197 kontsulta jaso zituen zerbitzuak iaz, aurreko urtean baino 572 gehiago. Zerbitzua erabili zuten pertsonak 1.345 izan ziren, 2023an baino 97 gehiago; izan ere, ohikoa da pertsona batek dei bat baino gehiago egitea.

Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria Sailak sustatutako zerbitzua da Zeuk Esan. 2010eko urrian jarri zuten abian, eta hiru teknikari aritu ziren. Iazko maiatzean, berriz, lau teknikari gehiago jarri zituzten, eta, geroztik, zerbitzuak 24 orduz eskaintzen du arreta urteko egun guztietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erabil daiteke.

«Aholkularitza eta sostengua eskaintzen duen zerbitzua da Zeuk Esan», azaldu du Kepa Torrealdea teknikari arduradunak. «Telefono bidez egiten denez, ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordurik eskatzea, eta publikoa, doakoa eta anonimoa da». Esan duenez, iristen zaien kontsulta bakoitzari «irtenbide egokitua» ematen ahalegintzen dira: «Kasu askotan, deitzen duten adingabeek hitz egitea baino ez dute behar, gertatzen zaiena kontatu eta hari hitzak jarri ahal izatea». Beste zenbaitetan, ordea, beharrezkoa da beste aditu batzuen parte hartzea: horrelakoetan, beste zerbitzu publiko batzuetara bideratzen dute deitzailea, eta aurrez aurreko elkarrizketa bat izatea eskaintzen diote.

Erabiltzaileak

Haur eta nerabeek dei dezakete Zeuk Esan zerbitzura, baina gurasoek, hezitzaileek, irakasleek, medikuek, begiraleek, eta, oro har, edozein helduk ere erabil dezake, adingabeekin zerikusia duen arazo baten berri izanez gero. Edonola ere, adingabeek erabiltzen dute zerbitzua gehien: iaz jasotako 2.197 kontsulta horietatik, 1.290 adingabeek egin zituzten, eta 907, berriz, helduek.

Zerbitzura deitu duten adingabeen %62k 16 edo 17 urte zituzten; %30, berriz, 12 eta 15 urte bitartekoak ziren, eta %8, 12 urte baino gutxiagokoak. Gutxi izanagatik ere, deigarria da 12 urte baino gutxiagokoen kopuruak izandako gorakada: 2023an 17 izan ziren, eta iaz, berriz, 68.

Torrealdeak bi arrazoi eman ditu gorakada hori azaltzeko: alde batetik, gaur egungo gaztetxoek errazago dute telefonoa edo komunikatzeko beste gailu elektroniko batzuk erabiltzea; eta, bestetik, Jaurlaritzak hainbat kanpaina, hitzaldi eta abar egin ditu zerbitzua gaztetxoen artean ezagutarazteko, eta, horren ondorioz, adingabe gehiagok dute horren berri. Adibidez, 2024an eskoletan antolatutako hitzaldietan 2.260 ikaslek parte hartu zuten, eta 466 irakaslek.

DATUAK

1.290

Zenbat kontsulta egin zituzten adingabeek iaz Zeuk Esan zerbitzuan. Helduek egindako kontsultak, berriz, 907 izan ziren.

22

Zenbat adingabek erabili zuten Instagram kontsulta egiteko. Hala ere, telefonoa izan zen Zeuk Esan zerbitzuarekin harremanetan jartzeko modurik ohikoena: kontsulta egin zuten adingabeen %95ek erabili zuten hori.

110

Zenbat hitzaldi antolatu zituzten eskoletan Zeuk Esan zerbitzuaren berri emateko.

Sexuari dagokionez, Zeuk Esan zerbitzuarekin harremanetan jarri ziren adingabeetatik %59 neskak ziren, eta %40 mutilak. %1ek ez zuen bere burua banaketa binarioan sailkatu. Kontsulta gehien maiatzean eta ekainean egin zituzten.

Telefono bidezko zerbitzua da Zeuk Esan, eta kontsulta egiten dutenen artean, hamarretik bederatzi baino gehiagok bide hori aukeratzen dute, baina gero eta ohikoagoa da harremanetan jartzeko teknologiak eskaintzen dituen bestelako moduak ere erabiltzea. Adibidez, iaz lehenengo aldiz Instagram sare soziala aukeratu zuten zenbait gaztetxok euren kontsultak helarazteko. Orotara, 22 adingabek erabili zuten bide hori. Helduei dagokienez, %10ek posta elektronikoaren bidez egin zituzten euren kontsultak.

Kezka nagusiak

Adingabeek egindako kontsulten arrazoi nagusia ondoez psikologikoa izan zen: antsietatea, depresioa, hitz egiteko beharra, tristura eta abar. Kontsulten %30 arrazoi horien ondorioz izan ziren. %14, berriz, beste adingabe batzuek egindako jazarpenak eragin zituen: irainak jasotzea, indarkeria fisikoa pairatzea edo ingurukoek baztertzea. 145 kontsulta familia harremanen ingurukoak izan ziren: gurasoek maite ez dutela sentitzea, komunikazio falta, gurasoen banaketa prozesuak eta antzekoak. 81 kontsulta sexualitateari buruzko zalantzak eta kezkak izan ziren, eta 12 kontsultatan genero indarkeria salatu zuten.

«Adingabeen eta nerabeen aurkako indarkeria giza eskubideen aurkako indarkeria da», azaldu du Ongizate, Erronka Demografiko eta Gazteria sailburu Nerea Melgosak. «Gure gizarteko talderik babesgabeenetako baten aurkako eraso zuzena da. Indarkeria mota horrek, gainera, pertsona errugabeen bizi proiektuak higatu, arindu eta hausten ditu». Melgosak gogorarazi du iaz Haurren Legea onartu zutela, eta han haurrei «eskubideen subjektu aktibo» izatea aitortzen zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.