Bittor Aierdik (1963, Iruñea) 2002an utzi zuen Elkarri mugimendua, hamar urtean han buru-belarri ibili ondoren; koordinatzaile izan zen, Jonan Fernandezekin batera. Ordutik izan ditu indar politikoen eskaintzak, edota hedabideetan solaskide aritzekoak, baina ezezkoa izan da erantzuna. Nahiago izan du plaza politiko-publikoan ez egon. Ingurumen politiken koordinatzailea da Bizkaiko eskualde batean.
25 urte pasatu dira Elkarri sortuzenutela. Egitasmo berria zen.
Euskal gatazkako osagai guztiak zeuden autobidearen auzian, ETArena barne, eta nahiko ondo atera zen. Neu Lurraldean nengoen orduan, eta 1992an ikusi genuen bazegoela aukera euskal gatazka modu orokorrean lantzeko. Hasieratik mesfidantzak egon ziren Elkarri-rekin, baina pazientzia izan eta geure bidea egin genuen. Hizkuntza, irudi, mezu eta lerro estrategiko propioak eduki genituen.
Zuek Hirugarren espazioa aipatzen zenuten asko.
Garai haietan, blokeak nahikoa estankoak ziren —bloke bat Ajuriaeneko Ituna zen; bestea, ezker abertzalea, eta guk hori gainditu nahi genuen, immobilismoak astinduz eta transbertsalitatearen kultura sustatuz. Blokeetako eragileentzat deserosoak ginen, baina blokeetako herritar asko eroso sentitu ziren guk aldarrikatutako hirugarren espazio horretan.
Elkarri-k 2006an amaitu zuen ibilbidea. Utzi zuen arrastorik?
Diferituan eduki zuen arrakasta. Emaitzak ez ziren berehala etorri, eta helburuak ez ziren berehala bete, gero baizik. Elkarri-k arrasto bat utzi zuen. Bakearen eraikuntzan biolentziarik ezaren eta elkarrizketaren alde aritu ginen, baina emaitza berriak lortzeko ekintza berriak egin behar ziren. Aktibismo bat izan genuen, kalean eta intelektualki. Etengabe aritzen ginen hizketan eragile politikoekin eta sozialekin, aurrera egiteko aukerak antzemateko eta iritzi ildo bat sendotzeko, betiere denen ikuspuntuak ulertuz eta errespetatuz. Bitartekaritza soziala deitzen zitzaion horri. Azken batean, ardura hartu genuen: ahaldundu egin ginen, orain esaten den bezala. Erraztaile lana egiten genuen inkomunikazioaren garai haietan, eta ikusarazi zen elkarrizketa posible zela.
Zer garapen izan du bakegintzaren lanketak Euskal Herrian?
Orain, bakegintza gizartean eta erakundeetan politika sektorial modura normalizatu da eta asko espezializatu da: aurrekontuak daude, baliabideak, plangintzak, ebaluaziok eta beste. Lan serioa egin da. Gure garaian, egoera ez zen horrelakoa.
Elkarri-k, bakea ez ezik, normalizazio politikoa ere lantzen zuen.
Gatazka politiko biolento batiirteera baketsu eta politiko bat eman nahi genion. Ipar Irlanda eredutzat genuen, eta Quebecekoa ere asko jarraitu genuen, burujabetzari buruzko gatazka bat nola kudeatu jakiteko. Espainiako konstituzioak irtenbide politikorako bide bat ematen duela pentsatuz landu genuen aukera bat, Miguel Herrero de Miñonekin, eskubide historikoen bidea jorratuta. Euskal berezitasunak hortik izan dezake garapen bat alor politikoan, ekonomikoan itunen bidez daukan bezala.
Zein zen eskema: lehenik gataka politikoa konpondu eta gero bakea lortu, ala alderantziz?
Ezker abertzaleak salbu, denek nahi zuten lehenik indarkeria desagertzea, paraleloki eta ondoren edozertaz hitz egiteko. ETAk eta ezker abertzaleak ere aldatu dute euren paradigma. Alde etikoan sartu gabe, garbi zegoen indarkeriaren bidea ez zihoala inora, eta kalte handia sortzen zuela herri gisa.
Desagertu zen ETAren indarkeria ; 2011n eman zuen bukatutzat. Politika gehiago egiten al da harrezkero?
Orain, teatralizazio moduko bat dago politikan. Ez da serioa. Normalizazio politikoa eta bakea ezin dira tabu izan; betoak ez dira onargarriak. Nik uste nuen bakearen eraikuntzak ahalbidetuko zuela EAEko eta Nafarroako legebiltzarretako mahaiak sortzea edozertaz hitz egiteko, baina ez daude. Ez dago ETAren biolentziarik, eta zergatik ezin daiteke normaltasunez hitz egin edozertaz? Ulertezina da. Defizit bat dugu: maila politikoan ez dugu aurreratu.
Zerk huts egiten du?
Kontaktu pertsonala beharrezkoa da; jendea aurrez aurre izatean humanizatu egiten da. Ezin da etengabe komunikabideen bitartez erasoka-eta jardun; noizbait eseri beharra dago, eta, tentsiorik gabe egonez gero, ikuspuntuak bateratzea lor daitezke. Gure garaian, indarkerien eraginak giro politikoa dena pozoitzen zuen. Orain ez dago distortsio hori, baina beste aitzakia batzuk daude.
Kontsentsurik ikusten al duzu?
Hiru bai: indarkeria ezin dela erabili helburu politikoak lortzeko; biktimek egia, justizia eta erreparazioa behar dutela; eta egungo espetxe politika ulertezina dela. Aurreneko bietan ez bezala, espetxe politikan ez da aurrerapausorik egon; erlojua geldirik dago, eta hori kontraesan handia da. Inoiz baino beharrezkoagoa da elkarrizketa politikoa, baina defizit bat dago.
Bakegintzak indar berezia hartu du Ipar Euskal Herrian.
Bai; arreta handiz jarraitzen dut. Iparraldean ez da egon indarkeriagatik Hegoaldean egon den pozoitze prozesu hori, eta beste giro bat dago. Iraganak oso desberdinak dira: Hego Euskal Herrian XX. mendean 1936ko gerra eta 40 urteko diktadura bat izan genituen. Iparraldean ez da gerra zibilik izan; Frantziak gerrak kanpoan izan ditu. Beraz, Hegoaldeko iragana zama handia da, oso larria eta kritikoa izan delako, eta horrek eragina du egun politika egitean. Dena dela, hor dugu Iparraldeko lana. Azken urteetan helburu amankomunak izan dituzte instituzio bat lortzeko, eta bakegintzan ere erakunde publikoak eta gizartea bide bat ari dira egiten elkarrekin. Erakargarria egiten zait. Gizarteak ez du instituzioen egitekoa bete behar, baina bien arteko elkarlana eraginkorra izan daiteke, Iparraldean bezala; han eraginkorra dela ikusten ari gara.
Herri gisa ari al dira mugitzen?
Bai; baina urteetako lan baten ondorioa da hori. 1990eko hamarkadan sortu zituzten, esaterako, Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua. Batzuen ustez, ez nahi bezain azkar, baina helburuak lortzen ari dira. Oso interesgarria da gertatzen ari dena, eta uste dut ekarpen positiboa egingo diola Hegoaldeko egoerari, Espainiako Estatuan eragina izan baitezake, espetxe eremuan, adibidez. Espainia ezingo da izan inkomunikazio eta elkarrizketarik ezaren uharte bat. Antidemokratikoa da beti jendearen aldarrikapenak entzun gabe egotea.
Urteetan gizarte mugimendu bateko ardura postuetan ibili zinela-eta, nola hartu zenuen Luhusoko operatiboa?
Harriduraz eta kezkaz. Luhusoko baserri hartan zeuden herritarrek arrisku handia hartu zuten; egoera muturreraino eraman zuten, prest baitzeuden ETAren armategiaren zati bat indargabetzeko. Ez nuen imajinatuko Hegoaldean gizarte zibileko jendea halako ekinbide batean saiatzea. Luhusoko asmoa ez zitzaien atera, baina geroko guztia bai. Ate guztiak jo behar dira, ea zein zabaltzen den.
Atea noiz jo? Nola?
Beharrezkoa da erakundeek eta gizarte eragileek norabide berean bultza egitea, elkarlanean. Eremu sozialean, erakundeek hainbat aldarrikapen-eta bereganatu dituzte —ingurumenean, euskararen alorrean...—, eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuak bakegintza lantzen ere ari dira. Lan serioa egiten dute, oro har gizartearekin sintonian. Prozesu horiek ez dira errazak izaten, baina nahiko genuke abiadura handiagoa izatea. Mugarriak ere behar dira.
Izan dira batzuk urteotan. Zer gehiago behar dela uste duzu?
Mugarri bat izango da ETAk bukaera iragartzea; azkeneko aitzakia kenduko du. 2011n jarduera armatua bukatutzat ematea mugarri bat izan zen; armagabetzea izan da beste bat. Baina hau oraindik bukatu ez delako sentsazioa dago. Erakundeen eta gizartearen arteko elkarlana beharrezkoa da aurrera egiteko eta gure iraganeko etapa hau modu ordenatuan bukatzeko. Horrek bisualizazio bat behar du, egitasmo baten edo pauso askoren bidez. ETAk hartuko duen erabakiak lagunduko du, baina erakunde publikoek eta gizarteak ere egin beharko dute zerbait.
Euskal presoen eskubideen alde gehiago eginez, akaso?
Hemen, oso garbi dago zein den gehiengoaren iritzia: aldaketa sakona behar da kartzela politikan. Adibidez, aurrerapauso bat izango litzateke espetxe eskumena lortzea. Instituzioek eta gizarteak aktiboki babestu beharko lituzkete euskal presoen eskubideak. Nik uste instituzioek modu diskretuan lantzen dutela gaia Espainiako Gobernuarekin, baina haien jarrera ulertezina da.
Nola aldarazi Madril?
ETAk bukatzea erabaki behar du; presoek euren esku dagoen guztia egin beharko lukete, eta instituzioek ere bai. Eta ez etsi. Gaur egun ezinezkoa dena bihar posible izan daiteke. Nafarroan ezinezkoa zirudien beste gobernu bat ikustea, baina lortu da, eta normaltasunez ari da lanean. Edo begira Frantziari; presoen alorrean aurrerapausoak ematen ari da, normaltasunez. Madrilen hesi ilogiko hori ere eroriko da, baina bultzatu egin behar da.
Horretarako kale mobilizazioak ere beharrezkoak al dira? Parisen izan zen manifestazio handi batiaz, abenduan, eta hor da Bilboko urterokoa. Elkarri-kberak 1995ean Madrilen elkarretaratze bat egin zuen, Euskal Herriko bake prozesuaren alde.
Eta ultraeskuindarrak azaldu ziren... 1995eko uztailean egin genuen elkarretaratzea. Bagenuen aitzakia formal bat: lehen seihilekoan, Espainiak Europako Batasunaren presidentetza hartu zuen, eta aldarrikapen batzuetarako baliatu nahi genuen. Ausardiaz jokatu genuen, eta mobilizazioa ondo atera zen. Parisen manifestazioa egitea ondo iruditu zait. Ondo dago gizarteak aldarrikapenak giltzarri diren tokietara eramatea. Jakina, ez da soilik mobilizazioetara jo behar; ez dira nahikoa, baina beharrezkoak bai.
Katalunian, independentistek bide politikoak eta baketsuak erabili dituzte, baina...
Ikusten ari gara Espainiako Estatuan ezin dela nahi dena lortu, biolentzia ez erabilita ere.
Eta zer diozu ETAren biktimen elkarteei buruz?
Segur aski, lehen gabezia bat zegoen biktimekin arretarako, eta, orain, gehiegizko esposizio bat dago. Biktimek arreta humano bat behar dute, baina ezin dute betorako eskubiderik izan.
Zer gehiago dago lantzeko?
Gatazka politikoei demokratikoki erantzuteko eta biolentziarako arriskuak saihesteko, bizikidetzarako esparru barneratzaileagoak eta zabalagoak sortu beharko genituzke, elkarrizketa politikorako espazioak hedatuta.
Bittor Aierdi. Elkarri-ko koordinatzaile ohia
«Inoiz baino beharrezkoagoa da elkarrizketa politikoa, baina defizit bat dago»
Aierdik indarkeriarik ezaren eta elkarrizketaren alde jardun zuen Elkarri-n, eta uste du «diferituan» lortu zituztela emaitzak. Gaur egun, ikusten du gabeziarik: desagertu da ETAren «distortsioa», baina ez da hitz egiten «edozertaz normaltasunez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu