Inkomunikazioa amaitzeko eskatu dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Estatuari. Edo, gutxienez, neurriak hartzeko egoera horretan dauden atxilotuen oinarrizko eskubideak berma ditzan. Espainiako polizien esku zeudenean torturatu zituztela salatu zuten bi euskal herritarren babes helegite batean ebatzi du hori.
Hain justu, Beatriz Etxebarria eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik zigortu du Espainiako Estatua. Kalte moralengatik 25.000 eta 20.000 euro ordaindu beharko dizkie, hurrenez hurren, eta beste launa mila euro auzitara jotzeagatik sortutako kostuengatik. Aho batez hartu du erabakia Estrasburgoko Auzitegiko 3. Sekzioak. Espainiako Gobernua helegitea jarri edo ez aztertzen ari da.
Zigor ekonomikoaz gain, Estrasburgok ohar bat bidali die Espainiako Estatuko botere judizialari eta botere legegileari, egun indarrean dagoen salbuespen neurrietako bat, eta euskal auziarekin loturik maiz erabiltzen dena —inkomunikazio erregimena, alegia—, auzitan jarriz.
Aurrenekoari, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari bereziki, leporatu dio neurri hori sistematikoki erabiltzea eta nazioarteko eragileen gomendioei entzungor egitea. Eta botere politikoari kritika egiten dio legedian ez jasotzeagatik duela 20 urtetik, «gutxienez», eragile horiek atxilotuen eskubideei buruz —eta bereziki inkomunikazioari buruz— Espainiari behin eta berriz egin dizkioten eskaerak.
Hala ere, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren hirugarren artikulua —torturen debekua— «prozedurazko ikuspuntutik» urratzea egotzi dio auzitegiak Espainiari, eta ez «ikuspuntu materialetik», ez baitu «nahikoa frogarik» esateko Etxebarria eta Ataun torturatu dituztela; eta hori hala da, besteak beste, eta auzitegiak berak nabarmendu duenez, Estrasburgok ez duelako hori ikertzeko tresnarik; batetik, Espainiako auzitegiek ez dutelako ikerketa bakar bat ere egin kasu horiei buruz, eta, bestetik, inkomunikazioak ikerketa egiteko ezartzen dituen «zailtasunengatik»: bideorik eza; txostenik eza, auzi medikuenaz gain...
Horren harira, epaimahaiak azpimarratu du Espainiako Justiziak hori egin zezakeela eta ez duela egin. Eta bereziki «larritzat» jo du horrela jokatu izana, atxilotuak inkomunikazio egoeran egonda «zorroztasun handiagoarekin» zaindu eta bermatu behar direlako haien eskubideak, «egozten zaion delitua edozein izanda ere». Alegia, Estrasburgok Espainiari gogoratu dio ez ikertzea ezin dela bere horretan salbuespen neurri bat izan.
Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Etxeberriak eta Ataunek behar bezala argudiatu dute, benetakoak izan edo ez, tratu txarrak jaso izana, eta aipatzen dituzten balizko egitateak nahikoak dira ikerketa ofizial eraginkor bat hasteko, bide emango liokeena, besteak beste, delituen erantzuleak identifikatzeko eta zigortze prozesu bat hasteko. Ohartarazi du hori ez egiteak —eta hala gertatu da— poliziei «aukera emango liekeela zenbait kasutan, ia inpunitate osoz, euren kontrolpean daudenen eskubideak zapaltzeko».
Azken hiru urteetan bost aldiz zigortu du Estrasburgok Espainiako Estatua, Euskal Herriko gatazka politikoarekin loturiko tortura salaketak ez ikertzeagatik. Atzoko bi ebazpenez gain, 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde egin zuen, 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde eta 2012ko urriaren 16an Martxelo Otamendiren alde.
Legez kanpokoa
Espainiako Auzitegia Nazionaleko Instrukzio Auzitegietako epaileen eta baita lurralde auzitegietako magistratuen jarrera salatu du Estrasburgok, ez dutelako tortura salaketen ikerketa «sakon eta eraginkorrik» egiten. Era berean, agerian utzi du horren oinarrian dagoen lege egitura «aztertu» eta «aldatu» behar dela, presoen eskubideei buruz nazioarteko erakundeek Espainiari egindako gomendioak Espainiako legedian «txertatzeko».
Etxeberriaren eta Ataunen ebazpenetan, beste hainbatetan bezala, eta bereziki Martxelo Otamendirenean egin zuen bezala, Estrasburgoko auzitegiak gogora ekarri ditu CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordea gomendioak, eta preseski horiek legedian aintzat hartzeko eskatu dio Espainiari: besteak beste, atxilotua une oro bideoz grabatzea, familiakoei hura non dagoen jakinaraztea, auzi medikuaren bisita izateko eskubidea aitortzea, atxilotuei begiak eta aurpegia estaltzea debekatzea, epaileak berak atxilotua fisikoki aztertzea, eta polizien erregistro liburuak aldatzea, atxilotuak une oro non eta norekin dauden jakiteko.
Hori oinarri hartuta, Estrasburgok azpimarratu du Etxebarria eta Ataunen kasuetan ez zela gomendio horietako bakar bat ere bete. Horrez gain, eta epaileen jarrerari dagokionez, Estrasburgok salatu du auzi medikuen txostenetan eta haien deklarazioetan bakarrik oinarritu zirela epaileak salaketak ez ikertzeko. Atxiloketa inkomunikatua agindu zuen epaileak —kasu honetan Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaskak—, atxilotuen jarraipen zuzena egin behar zuela, eta ez zuela egin. Eta defentsek eskatutako beste diligentzia edo froga eskaerei uko egiten zietela epaileek, denek, Madrilgoak eta lurralde auzitegietakoek. Adibidez, polizia edo guardia zibil bakar bat ere ez zuten deitu deklaratzera, hori eginda, haien segurtasuna arriskuan jar zitekeela argudiatuta.
Epaileei ez ezik, botere legegileari ere hitz egin die Estrasburgok. Ebazpenean aditzera ematen du Espainiak aztertu behar dituela inkomunikazio aldiko baldintzak eta baita hori arautzen duen legea ere. Hala, inkomunikazioa arautzen duen Prozedura Kriminalerako Legearen 527. artikulua zalantzan jartzen du. Giza Eskubideen Hitzarmena urra dezakeela ohartarazten du, eta salatzen du han jasota dauden bi arau okerrak direla—atxilotua non dagoen familiari esan beharrik ez izatea, eta konfiantzako abokatuarekin egoteko eskaerari uko egitea—. Artikulu hori Giza Eskubideen Hitzarmenaren kontrakoa balitz, Espainiako Konstituzioaren beraren kontrakoa ere izango litzateke.
Inkomunikazioa zigortu du Estrasburgok
Espainiako Estatuak kalte-ordaina eman beharko die bi euskal herritarri, haien tortura salaketak ez ikertzeagatik.Legea aldatzera deitu du, eskubideak bermatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu