Ricardo Feliu. NUP-eko soziologoa

«Inkestaren atzean marmarra nabari da; jendea haserre dago»

Navarrometrok harridura eragin du, baina, haren ustez, alderdiek zerikusia dute: lehiaketa publikoan diru eskaintzak pisu handia zuen, eta inkestako galderak parlamentu taldeek erabaki zituzten.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Navarrometroren arazo handiena da parlamentariak soziologoak izatera eta inkestak egitera jokatzen dutela». Ricardo Feliu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologo doktoreak(Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) iragan astean kaleratutako Navarrometro inkesta aztertu du, eta, haren ustez, arazo handi bat du: Parlamentuko taldeek proposatu dute zer galdera egin. «Nafarroan gutxi gara, baina, soziologiako aditu asko ditugu, nazioarteko aitorpena eta balio handia dutenak, gainera». Bihar, 18:30ean Navarrometro polemikoaren xehetasunak aztertuko ditu hitzaldi batean Feliuk Pamplona Catedral hotelean, CIESeko Carlos Zufia eta Jose Mari Oses NUPeko irakaslearekin batera».

Zuhurtzia handiz hartu behar dira inkestaren emaitzak?

Bai. Navarrometro ekaitz perfektua izan da. Emaitzak ez dira oso fidagarriak, eta, teknikoki, zalantzak eragiten ditu. Erraza litzateke inkesta egin duen enpresa kritikatzea, baina sakonean arazo handiago bat dago: klase politikoak zorroztasun txikia erakutsi du. Lehiaketaren eskaintza publikoa egitean lehentasuna eman zaio irizpide ekonomikoari. Beste arazo bat dago, garrantzitsuagoa: ez zaie utzi tankera horretako lanak teknikari adituei diseinatzen. Badirudi diru publikoa erabiltzen dela alderdien galderak egiteko. Gero mirari bat gertatu ezean, azken emaitzak ez du ez zorroztasunik ez kalitaterik. Soziologo moduan, eraso egiten didatela sentitzen dut UPNko Sergio Sayasek dionean emaitzak sinestezinak direla eta lotsa ematen diola diru publikoa horretan erabiltzea.

Hortaz, Nafarroako gizartea ez da hainbeste aldatu, ala badu bere baitan ohartarazpen bat alderdientzat?

Ezin dugu ahaztu Navarrometro iritzi inkesta bat dela. Orain artekoetan, nukleo indartsua izan da antzematea zeintzuk diren arazo nagusiak gizartearentzat. Boto-asmoa inkestaren parte bat baino ez zen. Gehiegi zentratzen da boto asmoetan, eta alde batera uzten dira herritarren aldarteari buruzko beste gai garrantzitsuago batzuk. Kalitatean sartu gabe, emaitzak ikustean nabari da Nafarroako gizartea suminduta dagoela. Zifrak handiagoak edo txikiagoak izan, inkestaren atzean marmarra dago, eta beste ikerketa batzuetan ere nabari da. Jendea nazkatuta dago, haserre.

Haserre horren ondorioz, aldaketa handi baten atarian egon gaitezke?

Nire ustez, une historiko oso zehatzak kenduta, gizarteak uste baino gutxiago aldatzen dira. Aldaketa historikoak modu isilean gertatzen dira. Askoz gehiago aldatzen du paisaia urak eragindako higadurak, ekaitz batek edo lurrikara batek baino. Aldaketa sozialak ez dira bat-batekoak, pixkanakakoak baizik. Horregatik, herren egiten dute datuek. Are gehiago, Nafarroan. Lurralde kontserbadorea da, eta aldaketak pixkanaka ematen dira, haustura gehiegirik gabe.

Lurralde kontserbadorea diozu... eta eskuineko boto-emaileak non dira inkestan? Ziurrenik, UPNko boto-emaileak haserre egongo dira, baina askok UPN-PPri botoa ez emateraino?

Inkestak horretan egiten du herren. Zenbakiek ez dute ematen. Inkestaren arabera, Podemos-en agerpen harrigarria ezin da ulertu, baldin eta UPNko askok bat-batean haiei bozkatzen ez badiete. Izan ere, harrigarriki, Podemos-en botoa har dezakeen ezkerreko eremuek ez dute hainbeste galdu: PSNk lau galdu ditu, Ezkerrak bat... Bost, baina hortik hemezortzira jauzi handia dago. Bildu hiru eserleku igo da, eta hiru horiek NaBai zenetik etor daitezke. Eta gainerako guztia nondik datorkio? Portzentaje handiaz mintzo gara. Inkestaren erantzun bakarra da UPNko sektoreek botoa eman diotela, baina arazoa da hemen sukalde lana falta dela.

UPNren ezkutuko botoa dago bozkatuko ez dutenen edo ez dakitenen artean?

Gehiago dira. Datuak aztertzeko orduan, bada bat interesgarria. Hauteskunde autonomikoekin eta orokorretan nori bozkatu zioten galdeturik, alderdi gehienetan inkestak bete-betean asmatzen du. Adibidez, Amaiurri nafarren %10,08k eman zioten botoa, eta inkestan %10,01ek eman zioten; PSOEri %14,7k eman zioten botoa, eta inkestak %14 ematen dio. Geroa Bairekin, Ezkerrarekin, UPDrekin antzera gertatzen da, baina UPNra iristean, jauzia handia da: %25ek eman zioten botoa, eta, gero %15,6k eman zioten botoa. Hamar punturen aldea da. Balio hori ez da batere txikia. Hori bera gertatzen da foru hauteskundeez galdetzean.

Inkesten emaitzek botoa baldintzatu dezakete?

Badago soziologian axioma bat: Eragile politiko batek errealitatearen gaineko analisi okerra egin arren, bere ekintzen ondorioak oso errealak izango dira. Navarrometroko boto-asmoa zuzena izan edo ez, horrek bere ondorioa izango du. Inork espero badu UPNko tokian tokiko batzordeetan ez dela egongo tronpeta deirik, oso inozoa da.

Barcinaren kasuan, uste duzu inkestek eraginik izan dutela haren amore ematean?

Ez dakit. Aurrekoan amore eman zuenean harritu ginen, eta berehala azalpenak bilatu ohi ditugu. Elementuak aztertzean, susmoekin ibiliko gara, eta ez dakit eragin duen edo ez. Inkestaren emaitzak aurretik isuri zituzten, baina uste dut erabakia atzeragotik datorrela. Intuizioa dut udan pentsatzen ari zela dena pikutara bidaltzea.

Higadura nabarmena da, eta inkestak ere hala aditzera ematen du.

Amaia UPNko barne mugimenduek eman zioten Barcinari. Pisuzko pertsonak haren kudeaketarekin desados azaldu ziren, Hotel Muga de Beloson egindako bazkarian. Pertsonen zerrenda begiratzean, harrituta agertu nintzen. Uste dut Barcinarentzat oso kolpe handia izan zela. Nire iritziz, uste zuen hainbat pertsonaren babesa zuela, baina bazkari horretan Sanzekin agertu ziren.

Inkestak Podemosi gehiegizko babesa ematen diola uste duzu, baina soziologoentzat haren agerpenak harrigarria behar du izan.

Podemos, gaur egun, Nafarroako jokaleku politikoan indarrez sartuko dela ondotxo dakigu. Harrigarria da ordezkaritzarik ez izatea. Sar daiteke zortzirekin, bederatzirekin, eta beti zentroko edo ezkerreko espazioan izandako boto trukeen ondorioz, baina ez hemezortzirekin.

Nafarroan ez du aurpegi ezagunik, eta haren proposamenen xehetasun ugari ezezagunak dira.

Oraingoz, Podemosek estrategia bizkorra erabili du, eta nahiago izan du gai askotan ez sartzea eta oztopoetatik jauzi egitea, baina, lehenago edo geroago, gai handiei heldu beharko die.

Navarrometrok PSNri boto galera iragartzen dio, baina ez da hondamendia ere.

Lau eserleku galduko lituzke, inkestaren arabera. PSNk beheranzko joera etengabea duela. Gobernu alderdia izan zenak bost eserleku izango lituzke!

Krisiaren eraginaren inguruan, ba al da ezer deigarririk?

Gizartearen %60k esatea krisiak eragin handia duela deigarria da. Herritarren %26ri gehien kezkatzen dion beste gaia etorkizunarekiko kezka da. Etorkizuna beltz ikusten baduzu, zure erabakiak diferenteak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.