Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak

Inkestak

Eider Alkorta.
2011ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Hauteskunde hauetan beste batzuetan baino inkesta gehiago izan diren ezin dut ziurtatu, baina ia egunkari bakoitzak, irakurri alderdi edo koalizio bakoitzak, inkesta bat enkargatu duela esan genezake. Gurean jokalari nagusi diren laukoteak behinik behin. Inkestak alderdi handiek bakarrik eskatzen dituztela zioetenek ere, eta horretan dirua xahutuko ez zutela adierazi zutenek ere.

Zerbaitetarako balioko dute orduan. Zientzia Politikoa eta Soziologia munduan gabiltzanoi kostatzen zaigu lanabes honen zientifikotasuna defendatzea. Eta egia esan, inkesta bera emaitza jakin batzuetara bideratu daitekeela ezin dut ukatu, arazoa normalean interpretazio interesatuetan bada ere. Eta une horretan, inkesten manipulazioaz aritzen da jendea, ohiko teknikoaren interpretazio eta ondorioak auzian ipini ordez. Baina aste honetan, kolore ezberdinetako kazetariek izan dira lan hau bete dutenak.

Eta ez al dute ba kazetari edo editorialek boz bat ala bestea eskatzeko eskubiderik? Besterik ez genuen behar! Baina horretarako inkesta eta zenbakien balizko inpartzialtasuna erabiltzeak duda-mudak pizten dizkit. Inkesten erabilpen alderdikoiaz ari naiz. Bi adibide ezberdin aipatzearren, Deia-n Bizkaiko EAJko balizko boto-emaileei dei egiten zitzaion, 3.eserlekua PPren esku gera ez dadin. Gara-n, aldiz, eta zehazki Nafarroko Erkidegoari dagokionean, Geroa Bai eta Ezkerrak ez dutela eserlekurik lortuko eta hobe lizatekeela boto horiek Amaiurrera bideratzea.

Balio duen inkesta igandeko izanen da, nahiz eta orduan ere emaitza berdinekin balorazio oso ezberdinak ikusi ditugun. Portzentajeak eginez mesede horiek aipatuko dira, bestela eserlekuak. Estatu mailan, PPren garaipenak ez du atzera bueltarik. Baina gurean gaua zertxobait gehiago luza daiteke. Oso boz gutxik erabakiko dute azken eserlekua nora doan barruti bakoitzean, eta boto portzentaje gehiago izanik ere, eserleku gutxiagorekin geratzea posible da. Alderdi gehiago eta kontu anitz dira jokoan, baina asko eta asko izango gara Amaiur eta EAJren bozak nola geratuko diren ikusteko irrikan gaudenak. Ekimen komunak inoiz egin ahal badituzte ere, azaroaren 20aren ondoren izan beharko du. Nafarroko Erkidegori dagokionean, PSNren beherakadaren nondik norakoak erabaki lezake bi eserleku egokitzea Amaiur eta Geroa Bairentzat. Baina bakarra bada Amaiurrena izango da seguruenik. Uxue Barkos jomugan daukatenentzat garaipena. Baina agian, hainbeste aldiz aldarrikatu duten UPN-PP-PSNren aurkako frontean posibilismo eskasa aplikatu da oraingoan, NaBai eta Amaiur aurkeztuz gero eserleku bana izan zezaketela kontuan izanik.

Inkestak gaizki eginak daudela esateko ez dago erreparorik gurean, eta askotan arrazoiarekin gainera. Hori bai, honezkero konturatuko zineten alderdiak ez direla inoiz okertzen, ezta? A nionean arrazoi, eta B diodanean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.