Injustiziaren aurkako izpiak

13/13 auziko epaiarekiko «kexua» adierazi dute milaka lagunek Donostiako eta Bilboko kaleetan

13/13 auziko epaiaren aurka atzo Donostian egindako manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Donostia
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Dezepzioak, penak eta amorruak ez dira «berriak», baina badira. Eta horiek adierazteko urratsak irmoak izan ziren atzo arratsaldean Donostian eta Bilbon milaka lagunek eginiko manifestazioetan. 13/13 auziko epaiari erakutsi zizkioten «dezepzioa, kexua, pena eta amorrua», Espainiako Auzitegi Nazionalera deituak izan ziren zortzi auzipetuetatik lauk espetxe zigorra jaso baitute azkenean: Arantza Zuluetak, Jon Enparantzak, Naia Zuriarrainek eta Iker Sarriegik, hain zuzen.

Donostiako manifestazioa isila bezain jendetsua izan zen, eta, kostata hasi bazen ere, bizkor egin zuen Bulebarrerainoko bidea, martxaren burutik ia akabera ikusi ezinda. Luix Barinagarrementeria 13/13 plataformako bozeramaileak eguraldiari egin zion erreferentzia mobilizazioaren hasieran, «eguzkia, askatasuna, justizia eta demokrazia» eskatu baitzituen auzipetuentzat: injustiziaren aurkako izpiak.

Manifestazioen akaberan Barinagarrementeriak berak Donostian eta Ana Perezek Bilbon adierazi zuten 13/13 auzian «krudelkeria luze baten katebegiak» jarri direla agerian, «beste behin, dena ETA da lelo itsu-pelagikoaren baitan». Itsasoa bezain sakona baita sententziak auzipetuei utzi dien arrastoa: Zuluetari zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, Enparantzari lau urtekoa, Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa. ETAko kide izatea leporatuta zigortu dituzte laurak, eta, Zulueta, baita armak eta lehergaiak eduki izana egotzita ere.

Bi manifestazioetan salatu zuten, halaber, torturaren egia azaleratu dela epaiketan, «gordintasun osoz»; baita «krudelkeriaren» bertze hainbat katebegi ere: «Legez kanpoko polizia operazioa, miaketa eta telefono entzuketa irregularrak, CNIren lan ilun eta zikina, oinarrizko eskubideen urraketa». Nabarmendu zuten Euskal Herriak jasaten duenaren erakusgarri dela 13/13 auzia, «mundu osoan ezagutzen diren krudelkerien eta oinarrizko eskubideen urraketa erraldoien artean»; nahiz eta «herritar eta eragile gehienek bakea, justizia, egia eta bizikidetzaren aldeko apustua» egina duten.

Hautu horren aurka doa epaia, Barinagarrementeriaren eta Perezen hitzetan: «Epai honek, euskal herritar batzuen zigorrarekin batera, euskal gizarte aske, justu eta bakezale bat ere zigortzen du». Ordea, azpimarratu zuten Euskal Herriak «norabide aratza» hartua duela, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari «ozen eta garbi» adierazi zioten ezinen duela «euskal herritarren gehiengoaren asmo garbi eta sendo hori zapuztu», ezta halako «gezurrezko» epaiekin ere.

Jauregiri omena

«Ez dok hamahiru» erranez hasi zuten atzo ekitaldia, baina baita «badonk 13/13» erranez ere, Barinagarrementeriaren beraren hitzetan, «ukitu artistiko xumea eman nahian batere artistikoa ez den» egoerari. Ez baitu halakorik sententziak, haien ustez.

Epaiketa bera hasi baino lehen zendutako Juan Mari Jauregi auzipetua ere izan zuten gogoan, manifestazioaren deitzaileen ustez «zilegi eta beharrezkoa» baita hura gogora ekartzea: «Juan Mari egiatarra, egiazko egiatarra, herri honen egiaren xerka bere azken hatsa eman arte ibilia, zerbait edota asko ezagutzen dugunok dakigun bezala», adierazi zuen Barinagarrementeriak Donostian. Eta txalo zaparrada bat jaso zuen bueltan. Salatu zuen Jauregik ere jasan zuela «krudelkeria polizial-judiziala»: «Eta, horrekiko paradoxan, Heriok absolbitu zuen, Auzitegi Nazionalaren azken sega jasan aurretik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.