Altsasuko auzia

Injustizia zenbaki borobiletan

Mila egun beteko dira bihar Auzitegi Nazionalak Altsasuko zazpi gazte kartzelatzeko agindua eman zuenetik. Egun osorako egitarau bat prestatu dute biharko, zazpiak aske utz ditzatela eskatzeko

Altsasuko auziko zortzi gazteen aldeko manifestazioa, joan den martxoan, Altsasun, Ez da justizia lelopean. JON URBE / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2019ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
2016ko urrian, inor gutxik espero zezakeen Altsasuko (Nafarroa) zenbait gazteri zetorkiena. Hilaren 15eko larunbat goizaldean Koxka tabernara hurbildu ziren hiru altsasuarrek, Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok, mila gau beteko dituzte bihar espetxean. «Nahikoa da. Justizia egin, eta sufrimendu honekin bukatu behar dugu», dio Bel Pozuetak, Ramirez de Aldaren amak. Nekatuta dago , baina «guztia argitzeko gogoz». Ia hiru urte beteko ditu kartzelan Ramirez de Aldak, eta Pozuetak azaldu du «gorabehera handiko» urteak izaten ari direla. Pertsona «baikortzat» du semea, baina espetxean sufritutakoa «izugarria» izaten ari da. Jon Ander Coben ama Amaia Amilibiak ere «kezkatuta» daudela esan dio BERRIAri: «Semea osorik dago, eta burua, behintzat, bere lekuan du».

2016ko urriaren 15ean hasi zen auzia, Altsasuko zenbait gazteri Koxka tabernan kaleko jantzitako bi guardia zibili eta beren bikotekideei eraso egitea egotzi zietenean. Hala ere, 2016ko azaroaren 14a da Altsasuko herritarrei gogoan iltzatuta geratu zaien data: Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak haiek atxilotzeko agindua eman zuen. Mila egun iragan dira, eta Amilibiak esan du «prozesu luze eta guztiz bidegabea» izaten ari dela. Hiru —Unamuno, Arnanz eta Ramirez de Alda— egun horretatik bertatik daude espetxean, eta beste lau—Jon Ander Cob, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Aratz Urrizola— 2017ko ekainaren 5ean bigarren aldiz atxilotu zituzten, 2016ko abenduaren 20an askatzeko agindu baitzuen Lamela epaileak. 466 egun daramatzate preso. Ainara Urkijo izan zen zortzigarren atxilotua, baina 2016ko azaroan aske utzi zuten.

Pozuetak eta Amilibiak ez zuten espero «inondik inora ere» liskarrak halako jarraipenik izango zuenik. «Zerbait berezia eta handia izango zela nabaritu genuen erantzun mediatikoa eta [Espainiako gobernuburu ohi] Mariano Rajoyren txioa ikusi genituenean». «Kordoban gertatu izan balitz, ez ginateke egoera honetan egongo», esan zuen fiskalak epaiketan, hark gogora dakarrenez. Gainera, gogoan du Espainiako Estatuko hainbat komunikabidek beraien seme-alabak «terroristatzat» jo zituztela eta «kontrastatu gabeko informazioa» zabaldu zutela.

Iazko apirilean hasi zenepaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Pozuetak dio «erabat neurriz kanpokoa eta injustua» izan zela. «Mina» sentitu zuten, eta «aitzakiak eta oztopoak» baino ez zituzten jasotzen. Gainera, Pozuetaren hitzetan, presio mediatikoa «sekulakoa» zen: «Salaketa jarri zutenek frogatu behar zuten esaten zutena, ez guk». Oraindik ere behin-behineko espetxe zigorra dute Altsasuko gazteek. «Burua irailaren 18an dugu», adierazi du Pozuetak. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak egun horretan bertan aztertuko du Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorren aurka Altsasuko gazteen defentsak jarritako helegitea. Amilibiak egoerari «irtenbide bat» ematea espero du: «Semeei jarri zaien zigorra ez dator bat gau hartan jazo zenarekin, honek konponbide bat behar du. Epaiketan deklaratu zuten 56 testiguren eta 11 perituren hitzaldiak isilduak izan dira, ez dira sententzian agertzen, horiek guztiek zein lesio parteek eta bideoek kolokan jartzen baitute liskar bortitzaren bertsioa».

Egun osorako egitaraua

Mila eguneko espetxealdia salatu eta gazteei elkartasuna adierazteko, Altsasuko Gurasoek eta Altsasukoak Aske plataformak egun osorako egitaraua prestatu dute biharko, 1000 egun, mila mezu, mila muxu! Altsasukoak aske! lelopean. Lehen ekitaldia 09:30ean hasiko da: Unanutik (Nafarroa) Beriain mendira igoko dira. Bertan, eskurik esku arituko den mezu liburu bat aurkeztuko dute 12:00ak aldera, eta edozeinek izango du aukera liburuan bere mezua idazteko. Beriaindik Altsasura eramango dute liburua. 20:00etan, elkarretaratze bat antolatu dute Altsasuko Foruen plazan, eta mural bat osatuko dute, gazteak aske utz ditzatela eskatzeko. Era berean, 14:00etatik aurrera erakusketak, bideo proiekzioak eta bestelakoak jarriko dituzte ikusgai. Horrez gain, herritarrei eskatu diete gazteen aldeko mezuak zabaltzeko sareetan, #AltsasukoakAske traola erabiliz.

Bi gurasoek nabarmendu dute herritarren babesa «sekulakoa» dela oraindik ere. «Nire bizitzan inoiz ez dut jaso lehenengo urteko besteko babesa eta samurtasuna», adierazi du Pozuetak, ia hiru urte igaro badira ere «egunero» semearen egoeraz galdetzen diotelako. Altsasu herri txikia izanik, guraso asko «beraien lekuan» jarri dira, Amilibiak azaldu duenez, eta azpimarratu du «elkartasun handia» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.