Sabino Arana fundazioak Urkullu eta ETS saritu ditu, besteak beste

Sabino Arana fundazioak Jaurlaritzako lehendakari izan zen urteetan egindako lana aitortu nahi izan dio Urkulluri. Jean-Claude Larronde, Las Poderosas, Jabo Irureta, Leopoldo Martinez eta Stephane Sejourne ere saritu dituzte.

iñigo Urkullu, EAJren ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
iñigo Urkullu, EAJren ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
Kerman Garralda
2025eko urtarrilaren 15a
13:27
Entzun

Sabino Arana fundazioak aitortza egingo dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiari, Urkullurentzat izango baita 2024. urteko Sabino Arana sarietako bat. Gaur jakinarazi dituzte saridunen izenak, baina gala igandean izango da, Bilboko Arriaga antzokian.

Sabino Arana fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, Urkulluren lana eta dedikazioa goraipatu ditu. «Hamabi urtean, moderazioa, oreka eta ongizate estatuarekiko nahiz euskal nortasunarekiko konpromisoa aldeztu ditu Urkulluk populismoen aurrean». Halaber, azpimarratu du Urkulluren bokazio europazale «sendoak» modua eman duela gaur egun munduari zabalik ageri den «Euskadi» horren oinarriak finkatzeko.

Javier Iruretagoiena futbol jokalari eta entrenatzailea, Leopoldo Martinez abokatu eta politikari venezuelarra, Stephane Sejourne Europako Batzordeko Oparotasuna eta Estrategia Industriala sustatzeko presidenteorde exekutiboa eta Jean-Claude Larronde abokatu eta historialaria ere sarituko dituzte. Bakoitzak bere adarretik Euskal Herriaren izena hobetzeko egindako lana aitortuko diete.

Bi talde ere omenduko dituzte: batetik, En Tol Sarmiento musika taldea, hogei urteko ibilbidean euskararen mesedetan egindako ekarpena dela medio, Zaratek azaldu duenez; eta, bestetik, Las Poderosas elkartea, emakumeen salerosketaren aurkako borrokan diharduen talde «eredugarritzat» jotzen dute eta.

Aurtengo zazpi sarituak batuta, berrehun aitortza baino gehiago emanak ditu jada fundazioak. Duela 36 urte ekin zioten sariketari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.