Iñigo Urkulluk apirilaren 21erako deitu du hauteskundeetara

Legealdia amaitutzat emana zen, eta lehendakariak bozak noiz izango ziren iragartzea baino ez zen falta. Hauteskunde kanpaina apirilaren 5ean hasiko da.

IÑIGO URKULLU
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Xabier Martin - Isabel Jaurena
2024ko otsailaren 22a
18:45
Entzun

Aurreikuspenak bete, eta apirilaren 21erako deitu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Arratsaldean gobernu kontseiluaren bilera izan dute, eta saio «berezia» izan dela azpimarratu du. «Hiru irizpide izan ditut kontuan: gobernu programa betetzea, hurrengo lehendakariari eta gobernuari ahalik eta legaturik onena uztea eta interes orokorra defendatzea».

Harro azpimarratu ditu hiru legealditan lortutakoak: «Autogobernua zabaldu dugu 11 konpetentzia berriren bitartez, kontzertu ekonomikoa indartu dugu, eta 121 lege onartu ditugu, %85 oposizioko alderdiren baten babesarekin». Hala, gogoratu du orain arte egindakoa ez dela bere legealdiarekin batera amaituko: «Katebegi bat naiz».

2012an kargua hartu zuenetik egindakoak gogoratu ditu, eta orduan errandakoak errepikatu. Horrez gain, eskerrak eman dizkio gizarteari: «Krisiak etxeko atean pilatu zaizkigu, eta gizartearen ahalegina txapela kentzeko modukoa izan da». Jarraian, eskerrak eman dizkie legebiltzarkideei eta legebiltzarreko langile guztiei ere, eta sailburuen izenak banan-banan zerrendatu.

egutegia

  • Otsailak 27. Dekretua argitaratuko da EAEko aldizkari ofizialean. 
  • Martxoak 13-18. Alderdiek hautagaitzak aurkezteko tartea izango dute.
  • Martxoak 26. Hautagaitzen proklamazioa egingo da.
  • Apirilak 5. Hauteskunde kanpaina hasiko da. Apirilaren 19an amaituko da.
  • Apirilak 20. Gogoeta eguna.
  • Apirilak 21. Bozketa eguna.

Bere legealdietako hiru ideiatan jarri du arreta: lana, hobera egitea eta kohesioa, errespetua eta elkarbizitza. «Ohorea da gure ondorengoei Euskadi aurreratuagoa eta bidezkoagoa uztea. Errespetuaren, kohesioaren eta bizikidetzaren balioetan oinarritutako Euskadi. Hala sentitzen dut, eta hala aitortuko dut: ahal izan dudan bezain ondo lan egin dut. Errespetu osoz jokatzea espero dut. Barkamena eskatu nahi dut nire hutsengatik, eta eskerrak eman Euskadiri, eman didan guztiagatik», borobildu du. Lortu gabe geratu diren erronken inguruan ere galdetu diote, eta adierazi du horri ez diola garrantzirik ematen, baizik eta lan egin duten moduari, egungo gizartearen egoerari eta orain arte lortutakoari.

Joan den astelehenean, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzarrekin eta PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezarekin bildu zen, legealdiaren balantzea egiteko. Izan ere, orduan betetzat jo zituen Eusko Jaurlaritzak legealdirako ezarritako helburuak; nahiz eta, Urkulluk berak aitortu izan duen moduan, Gernikako Estatutuan jasotako hiru eskumenen transferentzia ere gauzatu nahi duen gobernua utzi aurretik: aldiriko trenak, migrazioa eta tituluen homologazioa. Horiei buruz mintzatu da gaurko saioan, oraindik lanean dabiltzala adierazi du, eta horretan jarraituko dutela legealdia amaitu arte.

Deialdia, aurreratuta

Deialdiak aurreratzea ala atzeratzea gobernuburuen ahalmenen artean dago, haiei baitagokie bozetara deitzea. Urkulluk aurreratu egin ditu Eusko Legebiltzarrerako 2024ko hauteskundeak, berez, uztailera arteko epemuga baitago boz horiek egiteko. Adierazi du aukeretako bat zela uztailean egitea, baina apirila hautatu duela legealdia «agortu» dutelako; eta aurrerago badaudelako zenbait egun seinalatu: apirilaren 28an, erraterako, San Prudentzio eguna da Araban, eta Europako hauteskundeak izanen dira gero. «Euskadiko hauteskundeek garai propioa izan beharko lukete, eta ez beste deialdi batzuekin bat egin», zehaztu du.

Hain zuzen, duela lau urteko atzerapenak ezarri zuen uztailera bitarteko epemuga. Koronabirusaren pandemia betean, behar baino lehentxeago egitekoak ziren hauteskunde haiek atzeratu egin zituen azkenerako Jaurlaritzako buruak.

2020ko apirilaren 5erako egin zuen deialdia Urkulluk berak, baina, pandemiak eragindako salbuespen egoera zela medio, erabaki hori atzera bota, eta uztailerako deitu zuen bozetara lehendakariak. Berez aurreko hauteskundeen deialdia apirilaren 5erako egin zuela eta, Urkulluk esana zuen «logikoa» dela 2024koak ere apirilean egitea, baina, legez, uztailera arteko epemuga zegoen.

Gobernuburuek, hauteskundeak noiz egin erabakitzeko orduan, zera hartu izan dute kontuan, beren alderdiarentzako testuinguru egokiena aukeratzea, ahal bezainbat boto biltzeko. Duela lau urte, oposizio osoak eskatu zuen hauteskundeak atzeratzeko: pandemiak egoera dramatikoa ekarri zuen, eta baldintza horietan bozkatzera joatea ez zen zentzuduna inorentzat. Baina uztailaren 12a aukeratu izanak ere desadostasun handia eragin zuen, eta oposizio osoak kritika gogorrak egin zizkion Urkulluri.

Segurtasuna bermatu

Lehendakariak azpimarratu zuen 2020ko uztailerako «Euskadi osasun zaintzako fasean» egongo zela, eta hauteskundeak «erabateko segurtasun bermeekin» egingo zirela. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk, baina, ez zuten uste boto emaileen segurtasuna bermatzeko baldintzak betetzen zirenik. Martxotik indarrean ziren neurri gogorrak, tartean itxialdia, atzean utzi behar ziren herritarrak bozkalekuetara joan zitezen, eta, osasun krisiarekin batera krisi ekonomikoa abian zela, koalizio abertzaleak argi esan zuen hura «lehertu aurretik» egin nahi zituela hauteskundeak Urkulluk.

Batera edo bestera, Jaurlaritzako buruak uztailerako deitu zuen bozetara, pandemiaren eta haren aurkako neurri gogorren nekea eta haserrea biziagotu aurretik herritarren artean. Parte hartzea %52koa izan zen, inoizko apalena, eta EAJk irabazi zituen bozak, 31 eserleku eskuratuta, aurreko hauteskundeetan baino bi gehiago, nahiz eta 50.000 boto galdu zituen.

Uztailaren 12ko hauteskundeen aurreko asteetan, orduko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murga maskararik gabe azaltzen zen pandemiaren berri emateko agerraldietan. Itxialdi gogorrak emaitza onak izan zituela azpimarratu zuten ekain bukaera eta uztail hasiera hartan, baina, hauteskundeak egin eta egun gutxira, maskararekin azaltzen hasi zen jarduneko sailburua, berriro ere kutsatzeen berri emateko, eta herritarren ardura eskatzen zuen etengabe.

Europako hauteskundeak

Ordularia aurreratu egin du orain Urkulluk, eta aurrerapen hori gaur-gaurkoak diren zenbait aldagai aintzat hartuz azaldu daitezke. Alde batera utzita bertan behera geratutako 2020ko apirileko deialdi hark logika ematen dion ala ez aurtengo deialdiari, Europako Parlamenturako bozak dira Urkulluren erabakia azaltzeko aldagai garrantzitsuetako bat; ekainaren 9an egingo dira horiek. EAJk behin baino gehiagotan adierazi du Europarako bozak «Pedro Sanchezen inguruko plebiszitu bat» izango direla, Espainiako Estatu osoan batera egingo baitira.

Hau da, PPk eta PSOEk boz horietan polarizazioa egon dadin nahiko dute, Kataluniako gatazkarekin lotutako amnistia eztabaidaren erdian jarrita. EAJk ez die aurre egin nahi izan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei Europako Parlamenturako hauteskundeen itzalean. Ekaineko boz horietatik banatzeko apirilera aurreratu behar ziren Jaurlaritza jokoan jarriko duten hauteskundeak.

Inkesten arabera, inoiz baino tarte txikiagoz erabakiko da nor izango den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozen garailea, EAJ eta EH Bildu oso gertu egongo baitira, inkesten arabera; koalizioak irabaziko duela ere aurreikusi dute batzuek. Horrelako testuinguru batean, EAJk boto duala esaten zaion hori beharko du: Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PSOEren eta PPren alde egiten duten milaka hautesleena. Legebiltzarrerako bozak Europako hauteskundeekin batera egiteak ez zuen lagunduko horretan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.