Orain dela hiru aste, Iñigo Gutierrez Carrillo euskal presoa Aranjueztik (Madril, Espainia) lekualdatu zuten Zaballako espetxera (Araba), eta kartzelatik ateratzen utzi zioten, hirugarren gradua emanda. Baina egoera horrek gutxi iraun du: Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du hari emandako hirugarren gradua, eta espetxera itzuli beharko du ostera ere.
Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen Gutierrez hirugarren gradura aldatzea, Aranjuezko espetxeko tratamendu batzordeak hala proposatu ostean, aho batez. Horretarako arrazoietako bat izan zen Izadi alaba zaintzeko ardura hartu beharra. Hura Maria Lizarraga amarekin —egun Zaballan dago preso— bizi zen espetxean, urtarrilaren 23an hiru urte bete zituen arte.
Gradu aldaketaren aurka egin zuen Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak, eta haren eskaerei men egin die auzitegiak. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailearen gradu-erregresio auto bat jaso du Gutierrezek, eta bigarren gradura itzuli beharko du. Naiz agerkariak emandako informazioaren arabera, horren arrazoia izan da ETAren biktimei barkamena modu «argi eta gardenean» eskatu ez izana.
Hiru laurden beterik
Etxerat-ek jakinarazi duenez, Gutierrezek 2019an bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta uztailean beteko du osorik hamalau urteko espetxealdia. «Nahikoa arrazoi dira honako hauek Iñigo Gutierrez dagoeneko kalean egoteko», azaldu du elkarteak.
Halaber, Etxerat-ek ulertezintzat jo du Auzitegi Nazionalaren ebazpena: «Presoen eskubideak kaltetzen dituzte, baina ez bera bakarrik, haren familia eta ingurunea ere kaltetuak izaten dira: kasu honetan, hiru urteko neskato bat, une honetan aitaren presentzia eta arreta behar dituena».
Gutierrezen eta Maria Lizarragaren alaba Izadiren auzia hizpide izan da azken asteetan. Umea espetxean jaio zen, eta geroztik amarekin egon da, baina hiru urte betetakoan harengandik banatu zuten. Mobilizazio ugari egin dituzte haurraren egoera salatzeko. Orain, aitak ere ezin izango du haren ardura hartu.
Ez da auzitegiak antzeko erabaki bat hartzen duen lehen aldia. Aurreko astean, Jon Crespo euskal presoak Basauriko espetxera itzuli behar izan zuen, iazko urritik hirugarren graduan egon ostean. Irailean, berriz, Unai Fano bigarren gradura itzultzea erabaki zuen epaileak, hirugarren graduan zortzi hilabete egin ostean.
Iñigo Gutierrez presoari gradua aldatu diote, eta espetxera itzuliko da
Epaileak esan du ez diela biktimei barkamena «modu argian» eskatu. Izadi haurraren aita da Gutierrez; ezin izango du haren ardura hartu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu