Iñigo Cabacasen hilketaren, aferaren ondorengo epaibidearen eta gizartean izan zuen eraginaren xehetasunak bildu ditu Igor Meltxor kazetariak Cabacas liburuan. Zorrotz argitaletxeak kaleratu du, eta, egilearen hitzetan, lanak gertaera haien «gaurkotasuna gogorarazi nahi du» eta «memoria, justizia eta erreparazioa» bilatu.
Apirilaren 9an hamabi urte bete ziren Iñigo Cabacas Athleticen zalea Bilbon hil zutenetik. Partida baten ondoren ertzain batek jaurtikitako gomazko pilota batek buruan jo zuen, eta handik lau egunera zendu zen. 2018an egin zuten epaiketa, eta ertzainen oldarraldi haren arduraduna ez zuten espetxeratu.
Liburuan, «prozesu bidegabe» horretan gertaturikoa bildu du Meltxorrek, eta egia judizialari gailentzen zaion «gertaeren egia» kontatu du. Gaur arratsaldean aurkeztu du lana, Gasteizen, Orbain kultur elkartearen egoitzan.